Ordainetan ezer espero gabe (Lukas 14,1.7-14)
Urteko 22. igandea C. 2016-08-28
Jesus bazkaltzen ari da lurralde horretako fariseu handiki batek gonbidaturik. Lukasek diosku fariseuak etengabe zelatan dituela Jesusek. Halaz guztiz, libre ikusten du bere burua Jesusek lehen eserlekuen bila dabiltzanak kritikatzeko eta, are, gonbidatu duenari esateko aurrerantzean zein gonbidatu behar duen.
Gonbidatzaileari egindako interpelazio hau harritzekoa da egiaz. Hitz argi eta xumez, nola jardun esaten dio Jesusek: «Ez gonbidatu zeure adiskideak, ez haurrideak, ez ahaideak, ezta auzoko aberatsak ere». Alabaina, ba al da ezer jatorragorik eta naturalagorik asko maite gaituen jendearekin loturak estutzea baino? Ez ote du Jesusek berak hori bera egin Lazaro, Marta eta Mariarekin, Betaniako adiskideekin?
Aldi berean, gogoan zein izan behar duen adierazten dio Jesusek: «Gonbida itzazu behartsuak, elbarriak, herrenak eta itsuak». Behartsuek ez dute nola erantzun gonbitari. Elbarri, herren eta itsuengandik ezin espero duzu ezer. Horregatik, inork ez ditu gonbidatzen. Ez ote da hori gauza normala eta saihestezina?
Jesusek ez dio uko egin familiarteko maitasunari, ezta adiskide arteko harremanei ere. Hau da onartzen ez duena: harreman horiek izatea beti beste guztien gainetik jartzen direnak, pribilegiatuak eta bakarrak. Mundu gizatarrago eta haurridetasunezkoago baten bila, Jainkoaren erreinuaren dinamikan murgildu nahi dutenei Jesusek gogorarazten die ezen pobreei eta babesgabeei ongi etorri egitea harreman interesatuen eta gizarte-konbentzionalismoen gainetik ipini behar dela.
Daitekeena ote da, ordea, molde desinteresatuan bizitzea? Maita ote daiteke ordainetan ezer espero gabe? Hain urrun bizi gara Jesusen Espiritutik, non, batzuetan, adiskidetasuna eta familiarteko maitasuna bera baitaude interesak baldintzaturik. Ez gaitezen engaina. Doakotasunaren bidea gogorra eta zaila da ia beti. Gisa honetako gauzak ikasi beharrean gara: asko espero gabe ematen jakitea, kasik ezer eskatu gabe barkatzea, hain atsegina ez den jendearekin eroapen handiko izatea, laguntzea gogoan bestearen ona soilik izanik.
Beti murriztu genitzake apur bat geure interesak, tarteka uko egiten ahal diegu abantaila txikiei, beharrean bizi direnei poz pixka bat ezarri, geure denboraren zatitxo bat eskaini dena geuretzat gorde gabe, doako zerbitzu koxkor batzuetan parte hartu.
Fariseu gonbidatzaileari hau esateraino ausartu da Jesus: «Zorionekoa zu ezin ordaindu badizute». Zoriontasun hau hain ahaztua gelditu da, non kristau askok ez baitu entzun ere sekula horretaz hitz egiten. Halere, Jesusen oso gogoko mezua dakar:
«Zorionekoak besteentzat bizi direnak, saririk jaso gabe. Zeruko Aitak sarituko ditu».
Jose Antonio Pagola