URTEKO HOGEITA BIGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Jaunaren Legearen balio paregabea )

Deuteronoma liburutik 4, 1-2. 6-8

Moisek erran zion herriari: 1 “ Orai, Izrael, entzun irakasten dauzkitzutan lege eta erabakiak, eta bete. Horrela biziko zirezte, eta Jaunak, zuen arbasoen Jainkoak, emanen dautzuen lurraldean sartuko zirezte eta haren jabe eginen. 2 Nik manatzen dautzuetanari ez deusik gainerat eman, ez eta ken, bainan nik eman bezala bete Jaunaren, zuen Jainkoaren manamenduak. 6 Begira, bai, eta bete: horrek zuhur ta buruargi eginen zaituzte herri guzien aitzinean. Lege horien berri izaitean, erranen dute: “ Bai herri zuhur eta buruargia nazione handi hau.” 7 Alabainan, ba ote da nazione handirik bere jainkoak hain hurbil dituenik, guk Jauna, gure Jainkoa, hurbil dugun bezala dei egiten diogun aldi bakotxean? 8 Ba ote da nazione handirik, gaur nik adiarazten dautzuetan irakaspen hau bezain lege eta erabaki zuzenak dituenik?” „Emanen dautzuetan lurraldean sartuko zirezte eta haren jabe eginen“.

Paleztindar fededun batek zer ote dio hortaz ? Egun ere entzuten dira zenbait judu erraiten Frantzia utzi dutela Izraelerat joaiteko, Jainkoak haieri eman lurrean bizitzeko. Bada „La promesse“ titulutzat duen liburu bat, Lustiger kardinale zenak idatzia. Ainitz ikasten da liburu hortan juduek gai huni buruz duten ikusmoldeaz. Jainkoak emana ez da negoziatzen…Ekialde Hurbileko gataska ez da bururatzekotan! Bainan mirakuluak, lehen ere, lurralde horietan izan direla badakigu! Hemen idatziak diren hitzak ez dira Moisek erran hitzak, Deuteronoma liburua Moisez geroztikakoa baita, Kristo aitzineko 8. eta 6. mendeen artean idatzia. „ Nik manatzen dauzuetanari ez deusik gainerat eman, ez eta ken,“ Jainkoak bere hitza atxikia zuen, hitzeman lurra emana. Moisek ikusi ez zuen lurra. Bainan Izrael ez zen leial egon Jainkoaren alderat : dela larunbata ez errespetatuz, dela aitamen alderako eginbideak ez betez, dela justizia eta pobreen alderako manamenduak zangopilatuz. Alta lurra emana zaiote „sainduki“ bizitzeko. Saindua hizak “ bertzea“ du erran nahi, sainduki bizitzea „bertze gisa baterat bizitzea da“. Lur Sainduak, bertzeak ez bezalako lurrak dira.
Jainkoaren opari horrek lehenik herritarren zoriona zuen helburu. „Esne eta ezti“ zarion lur hori! Bigarrenik, lur horrek bake eta justizia lur bat behar du izan. Izraeldarrek ikasi behar dute ikusten ez direla bakarrik eta bertzeekin behar dutela bizi. Hirugarrenik, lur hori emana zaiote Legearen arabera bizitzeko, Jainkoak eman manamenduak betez. Bertzeen artean ez da hori gauza errexa. Hortakotz, beren berezitasuna begiratzeko juduek ez zuten bertze odoleko emazte bat hartzen ahal. Horiek denak erranak dira idatzi huntan: “Orai, Izrael, entzun irakasten dauzkizutan lege eta erabakiak, eta bete.“ Bainan Jainkoari leial egoitea ez ditaike errex, eta idazleak argumentu berri bat ateratzen du hemen. Emana zaukun Legea betez : „zuhur eta buruargia nazione handi hau!“ Bertzalde zorion iturri da Legea :“ Ba ote da nazione handirik, bere Jainkoak hain hurbil dituenik, guk Jauna, gure Jainkoa, hurbil dugun bezala, dei egiten diogun aldi bakotxean ?“

Salmoa 14

Leloa : Nor dauke, Jauna, zure baitan, Zu zauden mendi saindu hortan ?

Bihotza garbi dabilana, Zuzen zuzena den gizona. Egiari bai datxikona, Bertzez gaizkirik ez diona. Bertzen kaltetan ez doana, Auzoen trufan ez dagona, Tzarrentzat sorik ez duena, Handi baitauka fededuna. Hitz eman eta hitzekoa, Diru xurgatzen ez baitoa. Jauntzen ez dena, joz gaixoa, Sekulako xut, holakoa. „ Nor dauke, Jauna, zure baitan, Zu zauden mendi Saindu hortan?“ Nor dauke ? „Bihotza garbi dabilana,zuzen zuzena den gizona…“

Hitz batez erraiteko, Jainkoak eman manamenduak betetzen dituen gizona. Huna zer zion Ezekielek gizon zintzoaz : “zuzenbidez eta justiziaz jokatzen duena…Ez du sasi-jainkorik adoratzen;ez du aldeko lagunaren emaztea desohoratzen…ez du nehor zapaltzen…ez du ebasten, baizik jatekoa emaiten dio gose denari eta jantzia biluzirik dagonari…holako gizona zintzoa da;beraz biziko da. Hau diot nik, Jainko Jaunak.“ (Ez 18,5-9)

Bigarren irakurgaia

( Jainkoaren hitza, girixtino biziaren hazia )

Jondoni Jakoberen epixtolatik 1,17-18. 21-22.27

Haurride maiteak, 17 emaitza on, dohain bete guziak gain hartarik heldu dira, Aitaganik, aldaketarik eta ilunaldirik ez duen argien Egileaganik. 18 Berak hala nahiz, bizia eman dauku egiaren hitzaz, bere kreatura guzien artean lehen deituak izan gaitezen; 21 Onar zazue umilki zuen baitan ereina den Jainkoaren hitza, zuen salbatzeko ahala baitu. 22 Bete zazue Hitza, eta ez entzun bakarrik, zuen buruak enganatuz. 27 Jainko Aitaren aitzinean erlisione garbi eta itzalik gabea, hau da: Umezurtz eta alargunen laguntzea beren nahigabean, eta bere burua garbi begiratzea munduaren ganik.

„Aitarenganik, aldaketarik eta ilunaldirik ez duen argien Egileaganik.“
Fedea ez dea sinestea Jainkoa dela argi guzien Aita ? „Onar zazue umilki zuen baitan ereina den Jainkoaren hitza.“ „Hitza“ : “ Hastean bazen Hitza eta Hitza Jainko zen…Hitza zen egiazko argia, mundurat etorriz gizaki guziak argitzen dituena…Onartu duten guzieri, ordea, haren baitan sinesten duteneri, Jinkoaren seme-alaba izaiteko ahala eman diote“ (Jo 1) Ondorioz „Onar zazue umilki zuen baitan ereina den Jainkoaren Hitza, zuen salbatzeko ahala baitu.“ Bainan profeta guziek bezala, Jakobek badaki Jainkoak ez duela nehor bortxatzen, libro uzten gaituela. Beraz, dio Jakobek,“bete zazue Hitza, eta ez entzun bakarrik, zuen buruak enganatuz“. Eta nolakoa da erlisione garbi eta itzalik gabea ? : “ Umezurtz eta alargunen laguntzea beren nahigabean, eta bere burua garbi begiratzea munduaren ganik.“

Ebanjelioa

Alleluia alleluia

Jainkoak ez dio itxurari behatzen, gizonek bezala, Bainan gogo-bihotzak xilatzen ditu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 7, 1-8. 14-15. 21-23

1 Farisauak eta Jerusalemetik etorri lege-irakasle batzu Jesusen ondorat bildu ziren. 2 Ikusi zuten haren dizipuluetarik batzuk apairua egiten zutela esku kutsatuekin, erran nahi baita garbikuntza egin gabe. 3 Alabainan, farisauek, Judu guziek bezala, ez dute jaten, eskuak ongi garbitu gabe, zaharren ohidurari jarraikiz. 4 Eta plazatik etxeratzean ere, ez dute jaten garbikuntza egin gabe; eta beste gauza ainitzi atxikiak dira ohiduraz, hala nola katilu, pitxer eta suilen garbiketak. 5 Orduan, farisauek eta lege-irakasleek Jesusi galdegin zioten: “ Zergatik zure dizipuluek ez dute zaharren ohidura begiratzen? Nolaz jaten dute esku kutsatuekin?” 6 Jesusek ihardetsi zioten: “ Itxurazaleak, zuek!
Ederki erran zuen Izai profetak zuetaz, hau izkiriatu zuenean: Herri hunek ezpainez ohoratzen nau, bainan nereganik urrun du bihotza. 7 Alferrik naute goresten; hauen irakaspenak giza manamendu hutsak dira. 8 Zuek, Jainkoaren manamendua bazterrerat utzi eta giza ohidurari atxikiak zirezte.” 14 Jesusek jendeari berriz dei egin eta erran zion: “ Entzun nezazue denek eta konpreni. 15 Ez da deus, kanpotik gizakiaren barnerat sartuz, hura kutsa dezakeenik. Barnetik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia.” 21 Jendearenganik urrun, dizipulueri erran zioten: “ Barnetik ateratzen dira, gizakiaren bihotzetik, gogoeta tzar, lizunkeria, ohointza, hilketa,22 adulterio, dirugose, gaixtakeria, maltzurkeria, likiskeria, bekaizkeria, laido, urgulu eta zorokeriak. 23 Tzarkeria horiek guziak barnetik ateratzen dira, eta horiek dute kutsatzen gizakia.

Ohidurak. Hitz hori bietan erabilia da hemen. Ohidura, berez, zerbait estimagarri da eta Jesusek ez ditu juduen ohidurak kondenatzen. Izraeldarrek, bertze populu paganoen erdian bizi eta, beren nortasuna nahi izan dute begiratu. Hortakotz ohidurek garrantzi handia dute haientzat, paganoen kutsaduratik garbi egoiteko. Jainkoak, bere Semea mundurat igorriz, erakusten du gizona, edozein jendaldeen artean bizi ditaikeela, hortakotz zikindua izan gabe. “Itxurazaleak, zuek!“ Gibeleko bortarik ez du Jesusek, ez da diplomaziarekin jokatzen bere denborako jaun eta jaunttoekin. Ez da mirakulu kurutze baten gainean bere azken hatsa bota badu.
Egungo egunean ere ohartzen gira zenbat konda den itxura! Gibelean den hutsaren gordetzeko, zer ziminokeriak ez dauzkute ateratzen gure jaunttoek eta zer erran itorik gauzkan publizitate gezurrez beztituaz ? Bi mila urteren buruan, Jesusen hitzak balinbadauka duen oihartzuna, ez ote da, gu bakotxaren baitan hunkitzen duelakotz, Egiaren behar hori, itxurak gordetzen duen egia, errealitatea. „Zuek, Jainkoaren manamendua bazterrerat utzi eta giza ohidurari atxikiak zirezte.” Jesus, oso osoa, bere Aitari buruz itzulia bizi den presuna bat da. Haren helburua „Saindu izan dadien Haren izena…Etor dadien Haren erreinua…“ Hortarat ez deramaten, itxura huts diren bazter bide guziak utzi behar dira.