Urteko 22. igandea B (2015-08-30)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Joanen ebanjelioa utzirik, Markosekin jarraituko dugu. Garrantzizkoa da Jesusen gaurko proposamena: bihotzera itzuli behar du pertsonak; bihotzera, norberaren barne-txoko sakonera. Horixe da gaurko ebanjelioaren muina.

Adierazpen hori egiteko, fariseuek agertu duten jarreraz baliatu da Jesus. Badakigu: fariseuak legearen betetzaile zorrotzak ziren. Une honetan Jesus bizi den inguruan, Galileako aintziraren inguruan, jendea ez da hain estua lege hori betetzeari dagokionez. Baina Jesusen berri entzunik, Jerusalemgo fariseu batzuk etorri dira paraje horretara. Eta hara: ikusi dute, Jesusen ikasleek ez dituztela eskuak garbitzen otordukoan. Eta hori lege-hauste handia da Jerusalemgo fariseuentzat.

Jesusek zorrotz aurpegiratu die Isaias profetaren esana: «Herri honek ezpain-puntaz ohoratzen nau, baina bere bihotza oso urrun du nigandik».

Jesusek ez du gaitzesten legea bera, ez du baztertzen tradizioa. Legeak eta tradizioak beren baitan giza esperientzia handi bat gordetzen dute. Lege eta tradizio guztiak hankaz gora botako bagenitu, giza aberastasun handi bat galduko genuke. Jesusek kondenatzen duena, lege eta tradizio horien interpretazioa da. Gaurko kasuan, eskuak garbitzearen kasuan, hau du kondenatzen: higieneagatik ezarria den arau bat Jainkoaren legetzat ematea.

Azken batean, legearen edo tradizioaren muinera itzultzea eskatzen du Jesusek. Eta ikustea, lege edo tradizio hori pertsonaren onerako den.

Senideok, unean uneko apaizaren edo beste nornahiren hitzalditxo bat entzutea baino gehiago da barnera jotze hori. Nor bere barnera begira jartze hori. Joan den aste honetan ospatu dugun Hiponako Agustin etsenplu handia dugu alde horretatik. Esaten digu: «Neure baitara itzuli beharra nuela konbentziturik, neure barnean sartu nintzen, zu [Jauna] gidari zintudala, eta hori posible izan nuen, Jauna, zuk lagundu ninduzulako. Sartu nintzen, eta ikusi nuen neure arimako begiez, […] argi mugiezin bat; ez eguneroko argi hau […]. Erabat bestelakoa den argi bat. […] Berandu maitatu zintudan […] berandu maitatu zintudan».

Jesusi jarraituz, Agustinek bere barnera jo zuen. Han Jainkoaren beraren argia ikusi zuen. Eta argi hark eraman zuen, bai Jainkoa, bai bere burua, bai mundua beste era baten ikustera. Batez ere, beste era batean jokatzera.

Joan den ostiralean, lagun batek komentario hau egin zidan: [Gaurko] «titular gehienek “Athletik Europara” diote. Bitartean 70 lagun kamioi batean itorik».

Anekdota bat da. Baina ondo adierazten du, norberaren barnera joan ordez, azalean gelditzen garenean, zeri diogun garrantzia ematen. Jesusen garaiko fariseuek otorduaren aurretik eskuak garbitzeari ematen zioten garrantzia, antzeko gauzei ematen diegu guk ere, azalean mugitzen garenean.

Gaurko lehenengo irakurgaiak, Deuteronomio liburukoak, printzipio edo burubide etiko batzuk proposatzen dizkigu: solidaritatea, neurribidea, zuzentasuna. Hau da kontua: errespetua, errukia, gupida bizitzea. Ebanjelioan Jesusek benetako bizitza, jatorra, sortzailea bizitzera gonbidatzen gaitu.

Bestetik, 2010ean, ONUk gaurko eguna, abuztuaren 30a, Galdutako Biktimen Egun deklaratu zuen. Gaur berean, gure inguruan, hainbat ekitaldi egingo da alde horretatik.

Legeak eta tradizioak badute beren zentzua. Baina kontuan izan dezagun: letra tresna hutsa da, muina da helburua. Eta helburua gizon-emakume guztiok bat egitea da. Ez da hori geroko mundurako uzteko asmoa. Mundualdi honetan behar dugu gauzatu Jainkoaren Erreinua: errespetuaren, zuzentasunaren, maitasunaren Erreinua.

Izan dezagula lagun Jesusen Espiritua.

Dionisio Amundarain