URTEKO 22. IGANDEA A (2014-08-31)
SARRERA
Anai-arrebok, urteko hogeita bigarren igandea ospatzen dugu gaur. Jesusen ikasleei asko kostatu zitzaien Jesusen biziera, bizitzeko era, ulertzea. Jesusek, Mateoren arabera, lau aldiz iragarri zien ikasleei Jerusalemen hilko zutela. Iragarpen haietako batean, Pedrok kontra egin zion Jesusi: «hori ezin gerta dakizuke». Eta Jesusek gogor erantzun zion.
Pedroren hitzak tentazio handi izan ziren Jesusentzat: mundura etortzean ekarri zuen egitekoa bertan behera uzteko tentazio izan zen Pedro Jesusentzat. Jesusek baino lehen, Jeremias profetak ere tentazio handia izan zuen bere egitekoari uko egiteko (gaurko lehen irakurgaia).
Inor ez da libre tentazio horretatik. Bizitzan zailtasun bat etortzean, zer errazago amore ematea baino? Bizitzan gurutze-bidearen aldamenean arrosa-bidea ikustean, zer zentzuzkoago azken honetara jotzea baino? Baina ez.
Jesus ez da etorri mundu honetara zailtasunen aurrean amore ematera; ez da etorri, jendeari gustua emateko, bide erraz bat eskaintzera; ez da etorri ere zeruko Aitari gizon-emakumeok egin diogu irainaren eta burlaren ordaina ematera, gizon-emakume guztien izenean; ez, ez da etorri gure bekatuaren ordaintzat, Jainko Aitak norbait gurutzean eta odoletan ikusi nahi duela adieraztera.
Honetara etorri da Jesus: bidea galdurik gabiltzala adieraztera, hartu duguna ez, baizik beste bat dela bidea erakustera; libre eta zorioneko egingo gaituen bidea erakustera; gurutzea tartean izango bada ere; ez gurutze hori Jainkoak nahi duelako, baizik gizon-emakumeok batak besteari hori desiratzera iritsi garelako, bide okerra hartzean.
Baina argi utzi digu, azken hitza ez dela gurutzearena. Zeruko Aitak piztu egin du Jesus. Geure eredua eta ispilua dugu Jesus.
LEHENENGO IRAKURGAIA Jeremias profetaren liburutik (20,7-9)
Gaur entzungo dugun pasarte hau «Jeremiasen Aitorpenak» deitzen den zatikoa da; hain juxtu, bosgarren aitorpenekoa. Jeremias bere sufrimenduaz mintzo da; Jaunari leial izateagatik jasaten ari den sufrimenduaz. Hain zuzen, Jaunari leial izate horrek herriari hitz egitera eragiten dio Jeremiasi, baina herriak gustuko ez duena esatera: bizi duen injustiziazko bizierak ekarriko dizkion ezbeharrak aurresaten dizkio Jeremiasek herriari. Behin eta berriz kexatzen da Jeremias herriari gustukoa ez duena esan beharraz; hain juxtu, eginbehar horrek, guztien iseka, burla eta tratu txarrak ekartzen dizkio.
Profeta guztien zoria da Jeremiasen hori. Lehen, orain, gero. Errazagoa izaten da jendeari lausenguka hitz egitea. Entzuleen gustukoa dena esatea. Gehiago kostatzen da egiaren bila saiatzea. Gaurko bigarren irakurgaian, Paulo handiak esapide polita dakar puntu honetaz: «horrela bereizi ahal izango duzue zer den Jainkoak nahi duena».
BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (12,1-2)
Paulok dio, fedeak adierazten diola kristauari nola bizi. Barne-indarra da fede hori. Sinesten duenaren arabera bizitzera eragiten dio indar horrek. Zer sinetsi, hura bizi. Hain zuzen, kristau-bizitzak Jainkoari gogoko zaion kultu izan behar du. Baina, badaezpada, Paulok argitzen du, Jainkoaren nahia ez dela kapritxo bat; alderantziz baizik; Jainkoaren nahia bat dator pertsonarentzat on denarekin.
Beste behin, egiazko kultua zein den agertu nahi digu Paulok: egiazko kultua ez datza ageriko erritu batzuetan, baizik biziera zuzen batetik datorrena da. Eta biziera zuzena, Jainkoaren Espirituak arnasten duena da, eta ez harrokeriak, protagonista agertu nahiak… eragiten duena.
EBANJELIOA San Mateoren liburutik (16,21-27)
Gaurko pasarte hau joan den igandeko ebanjelioaren jarraipena da. Pasarte hartan, galdera egin zien Jesusek ikasleei: «ni nor naizela diozue zuek?» Eta Pedrok ausart eta baikor erantzun zion.
Gaurkoan, Pedro hura bera oso ezkor ageri da: ausart gaurkoan ere, baina kontrako bidera jotzeko. Jesusek hil beharra agertu dienean, Pedrok erantzun dio: Ez dakizuke horrelakorik gerta.
Jesusek, joan den igandean ez bezala, gaurkoan haserre egin dio Pedrori. Hain zuzen, Pedroren hitzak tentazio dira Jesusentzat; Pedrok apartarazi egin nahi du Jesus bere egitekoa betetzetik; apartarazi egin nahi du Jesus gizadiaren askatzaile eta salbatzaile izatetik. Ikasle guztien bozemaile da Pedro: ez dute ulertu Jesusen bidea; Jesusen mesianismo aintzatsua dute buruan.
Haserre horren ondoren, Jesusek esan die ikasleei, eta guri, zorionak gurutzea duela aurrekari. Gurutzea hartze hori zertan datzan deskribatzeko, Jesus ez da mintzo ezezka, ez da mintzo era negatiboan, baizik baiezka mintzo da, era baikorrean: gure bizia bere betera iristeak, bultza egin beharra du berekin.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Oporretan direnen alde: onik eta indarturik etxeratu daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Oporretara joaterik izan ez dutenen alde: inguruko jende asko pozik datorrela ikusirik, poztu eta alaitu daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaixo, pobre eta kartzelan direnen alde: bere bizitzan argi eta bake pixka bat suma dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Beren bizitzan zuzentasun, errespetu, bake pixka bat sumatu dutenak gai izan daitezen Jaunari eta Jaunaren esku izan direnei eskerrak emateko. Eska diezaiogun Jaunari.