URTEKO 21. IGANDEA C (2016-08-21)

SARRERA

Senideok. Urteko 21garren igandea ospatzen dugu gaur. Ate estuaren izena eman ohi zaio; ebanjelioan irudi hori ageri delako. Nolanahi ere, anekdota hutsean gelditzeko dugun joera gainditzen jakin beharko genuke. Gaurko ebanjelioa ate estua delako irudi hori baino askoz gehiago eta aberatsagoa da. Ate estu hori ez da Jainkoak ezarri nahi digun zigorra; ez da propioki apalak izateko deia. Jesusen asmoan, bizitzan ditugun zailtasunei aurpegi eman beharra esan nahi, zailtasunei aurre egin beharra.
Itun Zaharrean onartua zegoen gizon-emakume guztiak salbatuko garela uste izatea. Baina beti zentzu estuan hartzen zuten salbazioa; uste zuten, salbatzeko, guztiek behar zutela onartu Israel herria; ezinbesteko baldintza izango litzateke Israel herriarekin bat egitea; Jerusalem hiria zen edo Sion mendia edo Jerusalemgo Tenplua salbazio horren sinboloa. Israel herria zen, haien ustez, herri hautatua; haren jira-biran gauzatuko zen salbazioa.
Jesus, ordea, uste hori baino harago doa. Ez da aski, esaten du, Abrahamen jatorrikoa izatea, ez da aski bizitzan gauza handiak egina izatea. Inporta duena, nork bere burua Jainkoaren seme edo alaba dela uste izatea da; Jainkoak gizon-emakume guztiak era berean maite dituela uste izatea; gizon-emakume guztiok batak bestearen beharra dugula uste izatea.
Jesusentzat salbazioa mundu honetan elkartasuna bizi izana da, beste munduan elkartasun bete-betean bizi ahal izateko. Inork bere nortasuna galdu gabe, indibiduotasun guztiak gainditu, eta guztiok elkarte bat egitea.

LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (66,18-21)

Jasaten ari garen gaitz handia da gizadiaren baitan dagoen zatiketa. Ez da oraingoxea gaitz hori. Jainkoak maite gaituen seinaleetako bat, hain zuzen, gizadia elkartu egin nahi duela adieraztea da. Eta bateratze edo elkartze horren puntutzat bere burua eskaintzen digula adieraztea. Horixe esaten digu entzutera goazen Isaiasen pasarte honetan ere: «Ni neu etorriko naiz hizkuntza guztietako herriak elkartzera».
Nahi dezala Jainkoak, gizakiok onartzea Jainkoaren asmo hori. Nahi dezala Jainkoak, gizakiok geure baitan ez ixtea trikua bezala; nahi dezala Jainkoak, guztiok leiho bat irekirik uztea, mundu honetaz haraindi distira dezakeen argiari.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (12,3-7.11-13)

Jainkoa misterio handi bat, egitasmo bizi-bizi bat da. Haren egintza ere misterio handi bat da: gauza ikusgarri bat egin nahi du. Alabaina, pasarte honen egileak argi adierazi nahi du, Jainkoak ez duela jokatzen apetaz edo kapritxoz, ez duela jokatzen bere probetxuari begira, ez duela jokatzen inori kalte egiteko.
Jainkoa maitasuna da, diosku. Jainkoak norbait zigortzen duela esatean, oso oker ari ohi gara: Jainkoak ez du inor zigortzen. Gehiago oraindik: emanik ere Jainkoak norbait zigortzen edo zuzentzen duela, orduan ere Jainkoak maitasunez jokatuko luke. Baina, berriro esan, Jainkoak ez du inor zigortzen; uste hori Itun Zaharrekoa izan daiteke, eta gerta daiteke, haren zipriztin batzuk Itun Berrian ere agertzea.
Baina Jesusen Jainkoa maitasuna da, funtsean eta izatez maitasuna. Entzungo dugun pasartea gizon-emakumeon arteko jokaeraz mintzo da; esaten du, aita batek edo ama batek norbaiti errieta egiten dionean edo norbait zigortzen duenean, ez diola egiten mendekuz, baizik maitasunez, semea edo alaba zuzentzeko.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (13,22-30)

Lukas, bere ebanjelioko 13garren kapituluan, gai desberdin askoz mintzo da. Gaurko pasarte honetan, Jesusi norbaitek egin dion galderaz eta Jesusek, zuzenean erantzun gabe, ematen dion erantzunaz mintzo da.
Norbaitek galdetu dio: asko al dira salbatzen direnak? Eta Jesusek, beste askotan bezala, bere ateraldi batez erantzun dio. Esango balio bezala: Zer axola zaizu hori? Axola duena, salbaziora nola prestatu da.
Beraz, beste bat da Jesusentzat arazoa. Kontua ez da agiriko ekintza bat edo beste egitea; adibidez, herri hautatu bateko kide izatea, Elizako kide izatea, eskapularioa lepotik zintzilik eramatea. Ekintza horiek ukatu gabe, inporta duena, Jainkoari irekirik bizitzea da, apal-apal eta damuz. Bere bizitzan ate estuaren bidean ibili izan dena, egun batean lautada edo zabalgune handi-handi batean gertatuko da; han ez da izango inolako ate-konturik.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Jaunak eman diezagula ikuspegi baikor eta alai bat, gizon-emakume guztien salbazioaz. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Erlijio guztietako teologo eta irakasle guztien alde: jakin dezatela jendeari ikusarazten, bide zuzena eta egokia elkarrizketa eginez bizitzea dela eta elkarrekin maitasunez bizitzea. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Beren buruan mundu honetako bizitza hau besterik ez dutenen alde; haragoko biziaz ezer entzun nahi ez dutenen alde: beren bihotz hondora begiratzeko gai izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gaur egungo krisi ekonomikoa gertuagotik jasaten ari direnen alde: beren bizitzan argi-izpi bat ikus dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.