URTEKO HOGEITA BATGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Jainkoa heldu da herri guzien biltzera )

Izai profetaren liburutik 66, 18-21

Hau dio Jaunak:
18 Herri eta hizkuntza orotako jendearen biltzera etorriko naiz.
Etorriko dira eta nere aintza ikusiko dute.
19 Ezaugarri bat ezarriko dut heien artean!
Heien artean bizirik geldituko diren batzu igorriko ditut
urrungo nazione eta ugarteetarat,
behinere nere berri izan ez duten,
eta nere aintzarik ikusi ez dutenenganat.
Eta nere aintza iragarriko dute nazioneetan;
20 eta atzerriko nazione guzietarik ekarriko dituzte,
Jaunarentzat opari gisa, zuen haurride guziak,
zaldi, karro eta andetan, mando eta dromedarioetan.
Ekarriko dituzte Jerusalemeko nere mendi saindurat,
Izraelen semeek beren opariak Jaunaren etxerat
untzi garbietan ekartzen dituzten bezala.
21 Eta heien arteko zenbait ere hautatuko ditut,
apez eta lebitar izaiteko.
Jaunak errana.

« Jaunak errana » hitz horiek biziki seriosak dira. Iratzartzen gaituzte. Segurtatzen
daukute Jainkoaren xedea behin betikotz beteko dela. Huna nun giren bat batean bultzatuak
azken egunetaraino. Iraganbide hortan, hitzak irudiz beteak dira :
« Aintza » Jainkoaren presentziaren dirdira da.
« Aintza ikusiko dute » erran nahi baita : Jainko bakartzat onartuko naute. Jainkoaren
agintzek argituko dituzte hemendik goiti nazione guziak.
« Herri orotako jendearen biltzera etorriko naiz » : Jainkoaren populuarekin bat eginen
dute.
Liburu Sainduaren arabera, juduek ez zituzten beti begi onez ikusten arrotzak.
Deuteronomioko liburuak kondatzen dauku nola arrotzek opariak egiten zituzten jainko
faltsueri. Liburu Sainduak nahi dauku jakinarazi populu hautatuak aurkitu behar duela bat
bakarra den Jainkoa, ez duela bertze erresumekin ibili behar, hori galbide izan baitaiteke,
kutsaduraren bidez. Fedean azkar egoitea, beti berritu behar den hautu bat da.
Hala ere, Abrahamez geroztik, nazione guziak deituak dira parte hartzerat Jainkoak
hitzeman benedizionean. Jainko bakar bat balinbada, bixtan da nazione guzien Jainkoa dela.
Juduen fedea finkatua izanen delarik, orduan populu hautatuak ulertuko du emeki emeki ez
dela seme bakarra, bainan premua. Jainko bakarra egiazko Jainkoa balinbada, denen Jainkoa
da.
« Ezaugarri bat ezarriko dut heien artean. » Ezaugarri horren inguruan erresumak
bilduko dira. Ezaugarri hori Mesiasez mintzatzeko molde bat da. Populu hautatuaren
mezulariek bilduko dituzte erresuma guziak Jerusalemerat : « Heien artean bizirik geldituko
diren batzu igorriko ditut urrungo nazione eta ugarteetarat…Eta nere aintza iragarriko dute
nazionetan; eta atzerriko nazione guzietarik ekarriko dituzte, Jaunarenzat opari gisa, zuen
haurride guziak. Ekarriko dituzte Jerusalemeko nere mendi saindurat ». (Is 49,6) Hori eginez
beteko dute haste hastetik duten bokazionea. Jainkoaren salbamendua hedatuko da lurraren
buru batetik bertzeraino, zeren paganoak, orduan, garbituak izanen baitira, eta opari gisa
emanak Jainko Jaunari: «Atzerriko nazione guzietarik ekarriko dituzte Jaunarenzat opari gisa,
zuen haurride guziak ». Gehiago dena: « Eta heien arteko zonbait hautatuko ditut, apez eta
levitar izaiteko ». Nor nahi izan dadin, hurbiltzen ahalko da Jainkoari.

Salmoa 116

Leloa : Zoazte guziak munduz mundu Berri onaren zabaltzera.

Aipa zazue jende guziek Jainko Jauna,
Herri guziek, erran goraki zoin den ona.
Guretzat duen amodioa betikoa:
Haren egia menderen mende nausi doa.

Bigarren irakurgaia

( Jainkoak maite duena zentzarazten du )

Hebrearreri epixtolatik 12, 5-7 . 11-13

Haurrideak,
5 ez ahantz seme-alaberi bezala emaiten zaitzuen kontseilua:
Seme, ez bazterrerat utz Jaunaren larderia,
ez etsi ere, erasiatzen zaituenean.
6 Maite duena du Jaunak zentzarazten,
eta semetzat hartzen duena gaztigatzen.
7 Jasaiten duzuena zentzarazteko da;
Jainkoak seme-alaba bezala tratatzen zaituzte;
eta ba ote da aitak zentzarazten ez duen semerik?
11 Egia erran, mementuan zentzaldiak min emaiten du, ez bozkario.
12 Bainan gero, haren bidez heziak direneri
bere fruituak ekartzen diozkate: bakea eta zuzentasuna.
Altxa, beraz, esku eroriak eta belaun ahulduak.
13 Egin bide xuxenak oinentzat,
hauts ez dakion zangoa mainguari, bainan senda.

« Jasaiten duzuena zentzarazteko da ». Lehen kapituluen arabera, badakigu gutun hunen
hartzedunek ainitz sofritu dutela fedearengatik. Edozoin sofrikario beti eskandala delakotz,
gutun hunen idazlea entseatzen da, argibide baten ez bada, bederen sentsu baten emaitera.
Liburu Sainduak beti jakinarazi du sofrikarioa gaitz bat dela, bainan bide bat bilakatzen
ahal dela. Sofrikarioa, ateka gaixto bat fedearendako, bainan fedea azkartzen ahal duena.
Fedea duenak badaki, zer nahi gertaturik, Jainkoa ixilik dagolarik ere, ez dela elkor eta ezazol,
bide bortitz hortan, gure urrats guziak laguntzen dituela. Hola, ateka gaixtoan direnak, Izpiritu
Sainduak emaiten duen esperantzaren eta barneko bakearen lekuko izaiten ahal dira.
Sofrikarioa, Izpiritu Sainduan bizitzeko ikasbide bat izan daiteke. Pertsekuzionea
gertatzen bada girixtino baten bizian, ez da Jainkoaren hobena bainan gizonena. Frogapen bat
izaiten ahal da : Jainkoak atera dezake ongia edozoin gaizkitik, sofrikarioa barne.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik,
eta Jainkoaren erreinuko mahainean jarriko.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 13, 22-30

22 Jerusalemerako bidean,
Jesus hiri eta herrietan gaindi iragaiten zen irakatsiz.
23 Norbaitek erran zion:
“ Jauna, guti izanen ote dira salbatuko direnak?”
Jesusek ihardetsi:
24 “ Eginahalak egizkitzue ate hertsitik sartzeko,
zeren, nik diozuet, ainitz ibiliko dira sartu beharrez, eta ezin sar.
25 Etxeko jaunak xutitu eta atea hetsiko duenean,
zuek, kanpotik, ate joka hasten bazirezte, erranez:
‘ Jauna, idekaguzu ’
harek ihardetsiko dautzue: ‘ Ez dakit nongoak zirezten.’
26 Orduan hasiko zirezte erraiten:
‘ Zurekin jan eta edan dugu,
eta zuk gure plazetan irakatsi duzu.’
27 Harek ihardetsiko dautzue:
‘ Ez dakit nongoak zirezten. Urrunt niganik, gaizkile guziak!’
28 Han izanen da nigar eta hortz-karraska,
ikusiko ditutzuelarik Abraham, Izaak eta Jakob eta profeta guziak
Jainkoaren erresuman, eta zuek, berriz, kanporat haizatuak.
29 Etorriko dira iguzkialdetik eta mendebaldetik,
iparralde eta hegoaldetik,
eta Jainkoaren erreinuko mahainean jarriko dira.
30 Eta hola, azkenak diren batzu lehenak izanen dira,
eta lehenak diren batzu azkenak.

« Hola, azkenak diren batzu, lehenak izanen dira eta lehenak diren batzu azkenak. »
Lehena Jainkoaren asmoan Judeako populua izan zen, Elkargoaren populua. Jainkoak
hautaturik, Juduak izan ziren lehenak, goiargia jakinarazi zutenak. Izraeli esker, munduko
gizadi guzia gomitatua izan da Jainkoaren mendi saindurat, apairu handi batean parte
hartzerat. Bainan, apairu handiko ate hori ez da bakarrik hertsia, izaiten ahal da ere hetsia
Jesusen entzule anitzendako. Ez nausiak ez duelakotz nahi, bainan gomitatuek ez dutelakotz
ulertu nahi heiek direla lehen gomitatuak.
Apostoluen agintzetan (Eg 28,23-28), Lukek kondatzen du xeheki gertakari hori : nola
Izraelek errefusatu duen Jainkoaren eskaintza. Izraeleko gehiengoa elkor balinbadago
gogortasunean, ez da osoki hutsean. Populu hautatua egoiten da beti populu hautatu, Paulok
erraiten duen bezala : « Betikotzat baitira Jainkoaren dohainak eta deia. » Kurutzean zelarik
Jesusek erran zuen : « Aita, barka zozute, ez baitakite zer ari diren. » Segurrenik, Jesusen
otoitz hori, bertze otoitzak bezala, aditua izan zen. Berriz ere, gaizkitik, Jainkoak egin du
ongia : Izraelen errefusak, kitzikatu zituen apostoluak eta bultzatu paganoeri buruz joaiterat,
heiek ere sar ziten Jainkoaren Erresuman. Egun batez, denek elgarrekin, juduek eta paganoek,
parte hartuko dugu mendi gainean antolatu apairu handian.