Urteko 21. igandea C 2019-08-25
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko ebanjelioa, Jesusi pertsona batek egin dion galdera honen jirabiran garatu da: «Jauna, gutxi izango al dira salbatuko direnak?»
Galdera hau ulertzeko, kontuan izan behar da juduek salbazioaz zuten ustea. Mende asko behar izan zuten beste munduko edo beste bizitzako salbazioaz hitz egiten hasteko. Denborarekin, ordea, iritsi ziren planteatzera: Jainkoa ona eta zuzena izanik, ezin pentsa liteke mundu honetan zintzo eta zuzen izan den jendeak, azkenean, gaizto eta zuzengabe izan denak bezalako zori bera izan duenik. Jesusen garaian uste hau zuten nagusi juduek: zintzo eta zuzen izan direnak salbatuko dira; gaizto eta zuzengabe izan direnak ez dira salbatuko, baina ezta kondenatuko ere.
Eta hor dator galdera: «Jauna, gutxi izango al dira salbatuko direnak?» Jesusek ez dio erantzun, zuzenean behintzat. Galdera horrek aukera eman dio arazoa sakonagotik planteatzeko.
«Saia zaitezte ate estutik sartzen. Egiaz diotsuet: asko saiatuko dira sartzen, baina ezin sartu ahal izango dira».
Mateo ebanjelariak beste testuinguru batean eta beste era batean tratatu du ate estuaren irudi hau; hain zuzen ere, Mendiko Hitzaldian, Zoriontasunak eta beste predikatzen dituen hitzaldian: «Sar zaitezte ate estutik; zabala baita hondamenerako atea eta lasaia bidea, eta asko dira hortik doazenak. Baina bai estua dela bizirako atea eta meharra bidea, eta gutxi dira aurkitzen dutenak» (Mt 7,13-14).
Eta biak, Lukasena eta Mateorena, zuzen ulertzeko giltzarria Apostoluen Eginak liburuak eman digu: «[Paulok eta Bernabek] Ikasleen gogoak bizkortzen zituzten bidenabar, fedean sendo irauteko adore emanez. “Larrialdi asko jasan behar dugu ─esaten zieten─ Jainkoaren erreinuan sartzeko» (Eginak 14,22).
Jesusen erantzuna, beraz, honetara dator: «Kristau baten ─eta edozein pertsona baten─ bizitza ez da jolasa, bizitzako gorabeherei aurre egiten jakin behar du». Horrenbestez, bizitzea ate estu batetik igarotzea da. Bizitza ez da zabar eta ez-axola bizitzea. Baizik eta helburu bat da, jomuga bat izatea, eta, jomuga hori begi-bistan dela, horretarako bidea hartu eta egitea. Oztopoei eta eragozpenei aurpegi emanez.
Beraz, pertsona batek egin dion «Jauna, gutxi izango al dira salbatuko direnak?» galderari, bere modura erantzun dio Jesusek. Kopurua ez zaio axola. «Nola salbatu» da axola zaiona.
Eta, alde honetatik, Lukasek beste zerbait gehitzen du. Salbatu ahal izateko, arazoa ez da Abrahamen seme-alaba izan ala ez: juduek uste zuten, salbatu nahi zuenak judu bihurtu behar zuela; baina Jesusen ustez, arazoa ez da Abrahamen seme-alaba izan ala ez, judu izan ala ez. Gure kasuan, arazoa ez da eliztar izan ala ez, eskapularioa lepotik zintzilik eraman ala ez. Arazoa, bizitzari zentzu bat ematea da: zer naiz ni?, zer da Jainkoa niretzat?, zer naiz ni Jainkoarentzat?, zer da lagun hurkoa niretzat?, zer naiz ni lagun hurkoarentzat?, zer da natura niretzat?, zer naiz ni naturarentzat?
Salbazioa edo bizia da arazoa, nagusi eta funtsezkoa. Erlijio guztiek planteatzen dute hori, zeinek bere moduan. Horretarako bidea, batzuentzat ekonomia izango da, beste batzuentzat herri baten independentzia, beste batzuentzat iraultza. Beste batzuentzat legalismoa izango da. Beste batzuek uste dute, arazoa Jainkoaren haserrea nola baretu izango dela.
Kristauontzat, geure salbazioa Jainkoaren esku uztea da, baina Jainkoaren grazia horri geure erantzuna emanez. Konfiantzari konfiantzaz erantzunez. Italiako klaratar komentu bateko ama-nagusiak Frantzisko aita santuak egin zien bisita batean kontatuko istorioa zabaldu du: «Istorio eder hau kontatu digu; guztioi eragin digu barre; berari ere bai: Andre Maria Paradisuan dago; San Pedrok ez die irekitzen atea bekatari guztiei; horrek sufrimena eragiten dio Mariari, baina isilik geratzen da. Gauean, Paradisuko ateak ixten direnean, inork ikusten eta entzuten ez duela, Mariak irekitzen du Paradisuko atea eta denak hartzen ditu barnean».
Ebanjeliokoak egindako galderari emandako erantzuna da. Duela urte batzuk esana zuen H. U. von Balthasar teologo handiak: «Infernua existitzen bada, estreinatu gabe dago». Baina indarrean jarraitzen du Jesusen gomendioak: «Saia zaitezte ate estutik sartze».
San Pedro atezainari tranpa handiak egiten dizkion Andre Mariak lagun diezagula, berak egin zuen bidea egiten.
Dionisio Amundarain