URTEKO 21. IGANDEA B (2021-08-22)
SARRERA
Senideok, Joanen ebanjelioko seigarren kapitulua bukatuko dugu gaur. Zerutik jaitsia den ogi bezala agertu zaigu Jesus orain arte. Gaur, aldiz, bizia dakarren Hitz bezala ageri zaigu.
Hitzaldi honetan guztian, Jesusen elkarteko izateko baldintzak zein diren azaldu nahi izan du ebanjelariak. Eta hau eskatzen du: Jesusekin bat egitea eta haren maitasun-proposamena geure egitea. Hitz batean esanik, gizakiaren onerako lan egitea eskatzen du, nork bere buru-eskaintza eginez.
Horrenbestez, juduek espero zuten mesias handi-mandi hark ez du zentzurik; Jainkoa gaitz guztien garaile agertuko dela pentsatzea erabat baztertu du Jesusek. Gaur oraindik ere jende batek esaten duenaren kontra, Jesus ez da etorri giza edo jainkozko aintzaren bila. Jesusi jarraitzeak handikeria guztiei uko egitea esan nahi du, eta onartzea nork bere buru-eskaintza egin beharra, besteen mesedetan.
Senideok, aitortu dezagun Pedrorekin batean: «Zuk beti bizirako hitzak dituzu».
LEHEN IRAKURGAIA Josueren liburutik (24,1-2a. 15-17. 18b)
Josueren liburuak «Hitzemandako Lurra» konkistatu izana kontatzen du. Neurri batean historikoa da liburua. Neurri batean bakarrik. Gertaera asko aldatu egin ditu; oinarrizko mezua zaio axola idazleari. Hau esan nahi du: konkista hori Jainkoak egindako erregalua dela, bere herriari etsaien bizkar mesede eginez. Mezu hau, jakina, arretaz hartu behar dugu. Izan ere, onartu al dezakegu Jainkoa herri baten alde dagoela beste baten lepotik? Ez. Biraoa izango litzateke. Guztien Aita da Jainkoa.
Gaur irakurriko dugun pasarte hau ere neurri batean da historikoa. Baina oso esanguratsua da. Azkenean, konkista bukatzean, Josuek tribu eta agintariak bildu eta Jainkoaren Elkargoa onartzen ote duten galdetu die. Horrela gertatu ote zen ala ez, ez dio inporta: erantzuna eta galdera dira garrantzizkoak: Yahve ala sasijainkoak? Denek onartu dute Yahve. Bete al dute / dugu hitza?
BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (5,21-32)
Sicre biblialariak galdera egin digu: Ez ote hobe pasarte hau alde batera uztea? Andregai bakar bati ere ez zaio gustatzen bere ezteietan pasarte hau irakurtzea.
Egia esan, pasarte honen agiriko mezua ez da batere atsegina. Jesusen inongo hitzetan oinarritu gabe, idazleak familiaren egitura berezi bat proposatzen digu: familiaren egitura patriarkala: gizonezkoa jaun eta jabe, emaztea mendeko. Garai hartako kulturaren ikusmoldea da. Ezin onartu duguna. Halere, badirudi, garai hartarako, mezu aurrerakoia proposatu zuela idazleak. Alde horretatik, ikuspuntu hau hartu beharko genuke kontuan: gizakiaren ikusmoldea, gauza askotan, eboluzionatuz ari da helmuga jator baterako bidea egiten.
EBANJELIOA san Joanen ebanjeliotik (6,60-70)
Jesusen hitzaldi luze honek, azkenean, krisi handi bat eragin du jarraitzaileen artean. Erabaki bat hartu beharrean gertatu dira: Jesus onartu ala ukatu. Jesusi jarraitzen zion askok beste tankera bateko mesianismoa espero zuen. Azkenean, Jesusi jarraitzeari utzi egin diote.
Bere asmoak sakontzera jo du Jesusek. «Espiritua da bizia ematen duena, haragia ez da ezertako». Esaldi hau da hitzaldi guztia ulertzeko giltzarria. Espiritutik dator bizia. Horixe aitortzen du Pedrok Jesusi jarraitzea erabaki duten beste ikasleen izenean: «Zure hitzak betiko bizirako dira».
Azken batean, gure zentzuek barruntatzen dutena baino gorago jotzea da kontua. Pascal handiak esan zuen jada: «Bihotzak baditu, arrazoimenak ulertzen ez dituen arrazoiak».
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztientzat: jakin dezagula Jainko haragitua aurkitzen, bai historian, bai eguneroko bizitzan, bai edozein gorabeheratan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gu guztiontzat: ebanjelioaz egiten dugun gogoetak, bat egin dezala geure bizitza aldatzeko gogoarekin. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Jesusen jarraitzaile guztientzat: egin dezatela aukera zorrotza hari egiaz jarraitzeko, kontuan izanik horrek berekin dituen konpromisoak. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Afganistango eta Haitiko jendeak mundu aberatsetik laguntarik izan dezan. Eska diezaiogun Jaunari.