URTEKO 21. IGANDEA B (2015-08-23)

SARRERA

Senideok, Joanen ebanjelioko seigarren kapitulua bukatuko dugu gaur. Zerutik jaitsia den ogi bezala agertu zaigu Jesus orain arte. Gaur, aldiz, bizia dakarren Hitz bezala agertzen zaigu Jesus.
Hitzaldi honetan guztian, Jesusen elkarteko izateko baldintzak zein diren azaldu nahi izan du. Eta hau eskatzen du: Jesusekin bat egitea eta haren maitasun-proposamena geure egitea. Hitz batean esanik, gizakiaren onerako lan egitea eskatzen du, nork bere buru-eskaintza eginez.
Horrenbestez, juduek espero zuten mesias handi-mandi hark ez du zentzurik; Jainkoa gaitz guztien garaile agertuko dela pentsatzea erabat baztertu du Jesusek. Gaur oraindik ere jende batek esaten duenaren kontra, Jesus ez da etorri giza edo jainkozko aintzaren bila. Eta ez dio agindu horrelakorik berari segitzen dionari. Jesusi jarraitzeak handikeria guztiei uko egitea esan nahi du, eta onartzea nork bere buru-eskaintza egin beharra, besteen mesedetan.
Arau eta manamendu guztiak alde batera utziz, Jesus dugu geure arau bakarra. Jesus da kontuan hartu beharreko Hitz bakarra. Aukera egin beharrean gara: Yahve ala sasijainkoak, lehenengo irakurgaian ageri denez, eta Jesus onartu ala ukatu, ebanjelioan ageri denez. Senideok, aitortu dezagun Pedrorekin batean: «Zuk beti bizirako hitzak dituzu».

LEHEN IRAKURGAIA Josueren liburutik (24,1-2a. 15-17. 18b)

Josueren liburuak «Agindutako Lurra» konkistatu izana kontatzen du. Neurri batean historikoa da liburua. Neurri batean bakarrik. Gertaera asko aldatu egin ditu; oinarrizko mezua zaio axola idazleari. Hau esan nahi du: konkista hori Jainkoak egindako erregalua dela, bere herriari etsaien bizkar mesede eginez. Mezu hau, jakina, arretaz hartu behar dugu. Izan ere, onartu al dezakegu Jainkoa herri baten alde dagoela beste baten lepotik? Ez. Biraoa izango litzateke. Guztien Aita da Jainkoa.
Gaur irakurriko dugun pasarte hau ere neurri batean da historikoa. Baina oso esanguratsua da. Azkenean, konkista bukatzean, Josuek tribu eta agintariak bildu eta Jainkoaren Elkargoa onartzen ote duten galdetu die. Horrela gertatu ote zen ala ez, ez dio inporta: erantzuna eta galdera dira garrantzizkoak: Yahve ala sasijainkoak? Denek onartu dute Yahve.
Baina badakigu Israelen historia: etengabeko galdera eta erantzuna izango da; etengabeko bai eta ez. Onartu eta ukatu. Jainkoa, halere, beti bere herriari begira.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (5,21-32)

Gaurko pasarte honen mezua ez da batere atsegina. Jesusen inongo hitzetan oinarritu gabe, idazleak familiaren egitura berezi bat proposatzen digu: familiaren egitura patriarkala: gizonezkoa jaun eta jabe, emaztea mendeko. Garai hartako kulturaren ikusmoldea da. Ezin onartu duguna.
Ondorio bat atera beharko genuke: Biblian, bai Itun Zaharrean, bai Itun Berrian, dena ez dela Jainkoaren Hitza; gizakiaren hitz asko dagoela; eta gaurkoaren kasuan, Jainkoaren Hitzak argitu gabeko gizakiaren hitza dagoela.
Nolanahi den, hau onartu dezakegu: giza harreman guztietan maitasuna dela jarrera on eta bizigarri bakarra. Alde hau kontuan harturik bakarrik esan ahalko dugu gaurko pasarte hau bukatzean, beti esan ohi dugun bezala, Jainkoaren Hitza dela.

EBANJELIOA san Joanen ebanjeliotik (6,60-70)

Jesusen hitzaldi luze honek, azkenean, krisi handi bat eragin du jarraitzaileen artean. Erabaki bat hartu beharrean gertatu dira: Jesus onartu ala ukatu. Jesusi jarraitzen zion askok beste tankera bateko mesianismoa espero zuen. Azkenean, Jesusi jarraitzeari utzi egin diote.
Bere asmoak sakontzera jo du Jesusek. «Espiritua da bizia ematen duena, haragia ez da ezertako». Esaldi hau da hitzaldi guztia ulertzeko giltzarria. Espiritutik dator bizia. Horixe aitortzen du Pedrok Jesusi jarraitzea erabaki duten beste ikasleen izenean: «Zure hitzak betiko bizirako dira».
Azken batean, gure zentzuek barruntatzen dutena baino gorago jotzea da kontua; gure arrazoiak berak atzematen duena baino gorago jotzea. Jainkoak gizaki guztiengan ezarri duen barne sakon hori mugimenduan jartzea da kontua. Pascal handiak esan zuen jada: «Bihotzak baditu, arrazoimenak ulertzen ez dituen arrazoiak».

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztientzat: jakin dezagula Jainko haragitua aurkitzen, bai historian, bai eguneroko bizitzan, bai edozein gorabeheratan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gu guztiontzat: ebanjelioaz egiten dugun gogoetak bat egin dezala geure bizitza aldatzeko gogoarekin. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Jesusen jarraitzaile guztientzat: egin dezatela aukera zorrotza hari egiaz jarraitzeko, kontuan izanik horrek berekin dituen konpromisoak. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen elkartu garenontzat: aurki dezagula ebanjelioan bizirako den hitza, eta bete dezagula eguneroko egoeretan. Eska diezaiogun Jaunari.