URTEKO HOGEITA BATGARRREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Leinuak Jainko bakarrari leial daude )

Josueren liburutik 24, 1-2.15-17.18b

1 Josuek Izraelgo leinu guziak bildu zituen Zikemen;
gero deitu zituen Izraelgo zahar, buruzagi, juje eta idazlariak:
elkarrekin Jaunaren aitzinean agertu ziren.
2 Josuek orduan, herri osoari erran zion:
15 “ Jaunaren zerbitzatzea gaizki iduri bazaitzue,
gaur zuek hauta nor zerbitza:
zuen arbasoek Eufrates ibaiaz bestaldean zerbitzatu jainkoak,
ala Amortarren jainkoak, orai bizi zirezten herrialdeko jendearenak.
Nik eta nere etxekoek Jauna zerbitzatuko dugu.”
16 Herriak ihardetsi zion:
“Urrun guganik Jaunaren uztea, jainko arrotzak zerbitzatzeko!
Jauna dugu gure Jainkoa.
17 Jaunak atera gaitu gu eta gure arbasoak Egiptotik, esklabo etxetik.
Gure begiz ikusi ditugu hark egin dituen mirari handiak;
hark zaindu gaitu egin dugun bide guzian barna,
iragan ditugun herri guzietan.
18 Guk ere, Jauna zerbitzatuko dugu, hura baitugu gure Jainkoa.”

Josueren egintzak ez ditugu ardura irakurtzen, alta haren izena, Jalgitzan kondatu
gertakarian, ezagutua zen, Moisen adixkidea zelakotz. Betidanik, Jainkoari eta Moisi leial egon zen,
eta hil aitzin, Moisek bere ondoko izendatu zuen : « Gero Moisek dei egin eta israeldar guzien
aitzinean erran zion : « Ukan indar eta kuraia ! Zuk sarraraziko duzu herria arbasoeri zin eginez
Jaunak hitzeman lurraldean, eta zuk banatuko lurraldea ondaretzat. Jauna bera ibiliko zauzu
aitzinean eta zurekin ukanen duzu ; ez zaitu zuhauren ber utziko. Ez beldur izan ! Ez izi ! » Beraz,
Josuek ukan zuen israledarrak Lur Sainduan sarrarazteko ohorea. Josueren liburuak ditu kondatzen
lehenbiziko gertakariak, israeldarrak Kanaan lurraldean sartu zirelarik.
Bigarren izen aipatu bat : Zikem. Izen hori ezagutzen dugu, Testamendu Berrian, Jondoni
Joaniren Ebanjelioan, Jesusek Samaritar emaztearekin buruz-buru egin zuelarik. (Zikem oraiko
Naplouse). Liburu Sainduan kondatua da Abrahamek eta Jakobek aldare bat han eraiki zutela, eta
Josep, Jakoben semea, han izan zela ehortzia. Gero, erresuma bi parte jarri zelarik Salomonen
ondotik, Zikem, Iparraldeko hiri nagusia izan zen. Bainan Zikem-en handitasuna ez da bakarrik
hortarik heldu. Jakobek, bere ibilaldietan erabaki handi bat hartu zuen. Bere familiari erran zion
jainko faltsuak bazterrerat utzi behar zituela, eta heien itxurak lurpean sartu zituen. Eta huna
irakurgai huntan : Josuek Izraeleko leinu guziak zikemen biltzen dituela.
Nork, noiz, eta norendako izkiriatua izan zen testo hau? Ez dakigu, nehork ez duelakotz
kondatu israeldarren historia Kanaan lurraldean sartu zirelarik. Liburu Sainduak ez du kondatzen
historia, guk, oraiko gisara konda bagineza bezala, ez, Liburu Sainduak mezu teologiko bat helarazi
nahi dauku. Josuek erran nahi du: « Jainko Jaunak du salbatzen ». Hemen ikusten dugu Josue
salbatzailea dela, herriaren batasuna egiten duela eta haren buruzagi jartzen : « Nik eta ene etxekoek
Jauna zerbitzatu nahi dugu » eta besteak gomitatzen ditu harek bezala egitera.
Jainkoak zer egin zuen herriarentzat, xeheki aipatzen du Abrahametik haste eta Lur
Hitzemanean sartzeraino. Gero, ahoan bilorik gabe, erran zioten: « Gaur zuek hauta nor zerbitza:
zuen arbasoek Eufrates ibaiaz bestaldean zerbitzatu jainkoak edo Amortarren jainkoak… Nik eta
nere etxekoek Jauna zerbitzatuko dugu. »
Irakurgai huntan berriz eta berriz erraiten du Zikemen bildua den populuari, jadanik heien
aiteri errana: « Kasu! Ez engana zuen buruak, ez zaiteztela bazter Jaunarenganik, jainko arrotzak
adoratuz eta heien aitzinean ahuspekatuz… » Badakigu nola populua tentatua izan zen, erregeen
denboran Baal jainko faltsuaz eta berantxago Babiloneko hirian, Eufrates bestaldeko jainkoetaz.
Horra zendako herriak ihardesten dion: « Urrun guganik Jaunaren uztea, jainko arrotzak
zerbitzatzeko! Jauna dugu gure Jainkoa. »

Salmoa 33

Leloa: Goza ta beha zoin den gozoa
Zoin den maitea gure Jainkoa!

Jaunari beti esker emaiten nagokio,
Hari nik beti laudorio.
Jaunaren baitan arima kantuz banabila:
Bihotz apalak pitz ditela.
Dena begi da Jauna zuzenen zaintzen ari,
Dena beharri oihueri.
Gaixtagineri Jaunak hasarrez begiratzen,
Heien izena noiz nola ken.
Zuzenek oihu eta Jainkoak entzun ditu,
Hersturetarik berak hartu.
Bihotz errautsi apaldueri hurbil Jauna:
Zaintzen du zaintzen apal dena.
Bere gaizkiak hilen du hilen gaixtagina,
Onentzat duen herrak jana.
Bere gizonen zaintzale hor da hor Jainkoa:
Hari dagona ez da joa,

Salmo hau esker onezkoa da ; esker onezko hitzak nun-nahi aurkitzen ditugu : Jainkoaren beharra
dutenen hitzak dira. Salmo hau kantatzen duen pobrea, Izrael da : « Dohakabeak dei egin dio, Jaunak entzun,
Hersturarik ez dut, hura lagun ». Bere buruaz da mintzo, bainan salmo hunek mugak zabaltzera gomitatzen
du. Erranez : « Dohakabeak dei egin dio » edozoinen oihua, edozoin lekutan denaren oihua da. Izraelek bere
eginbidea aurkitzen du, bi bidetako eginbidea:
Lehenik, munduko herri guzieri konfiantxa erakusten duen herria izan behar du. Fedea, Jainkoa eta
bere herriaren arteko elkarrizketa bat agertzen da: gizakiak Jainkoari buruz bere deiadarra oihukatzen du.
Jainkoak entzuten du eta askatzen. Gizakia berriz mintzo da, eskertzeko. Otoitzaren bi alderdiak dira :
galdatu eta gero eskertu. Lehenik galdea eta Jainkoaren erantzuna: « Jaunaren bila nindoan eta huna
Jauna »…Eta ondotik eskertzea: « Denek batean gorets dezagun Jainko Jauna eta goraipa Jaun izena. »
Izraelen bigarren eginbidea da, Jainkoaren egintzen laguntzaile izaitea, Moisen eta Josueren pare.
Jaunaren xedearen obratzaile izan ziren : herria libratu eta Lur Hitzemanean sarrarazi zuten. Gisa berean,
dohakabeeri laguntza ekartzea eta Jainkoaren urrikalmendua erakustea da Izraelen eginbidea.
Bainan Jainkoa ez da sorgin-makil bat, atsegabe eta pairamen guzien baztertzeko. Basamortuan,
Moisen ondotik edo Kanaan herrian Josueren ondotik, jendeak ez dira kezka guzietarik begiratuak izan.
Bainan Jainkoa berekin zuten trabak eta behaztopatzeak garaitzeko. San Luken ebanjelioak gauza bera
erraiten dauku : « Eska eta emanen dauzue Jainkoak; bila, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko
zaizue. Zeren eskatzen duenak ukaiten baitu, bilatzen duenak aurkitzen, eta atea jotzen duenari zabaltzen
baitzaio. Ba ote da zuen artean aitarik, semeak arraina eskatu eta arrainaren orde sugea emanen dionik?
Edo arrultzea eskatu eta harrulia emanen dionik? Beraz, zuek, zirezten gaixtoek, zuen haurreri gauza onen
emaiten baldin badakizue, zenbatez gehiago Aita Zerukoak emanen diote Izpiritu saindua, eskatzen
dioteneri. »

Bigarren irakurgaia

( Kristo Elizaren “senarra” denaren mixterio handia )

Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 5, 21-32

Haurrideak,
21 izan zaitezte elkarren menpeko, Kristori diozuen errespetuagatik:
22 emazteak senarraren menpeko, Jesus Jaunaren menpeko bezala,
23 senarra emaztearen buru baita, Kristo Elizaren buru den bezala,
bere gorputz horren Salbatzailea delarik;
24 Eliza Kristoren menpeko den bezala,
emazteak ere senarraren menpeko izan daitezela denetan.
25 Senarrak, maita zuen emaztea,
Kristok Eliza maitatu eta haren alde bere burua eman duen bezala.
26 Hola saindu egin nahi zuen,
bataioko urez eta biziaren hitzaz garbituz.
27 Beretzat prestatu nahi zuen Eliza, distiratsua,
zikinik eta zimurrik edo deus holakorik gabea, saindu eta garbia.
28 Gisa berean, senarrek ere beren gorputza bezala
maitatu behar dute beren emaztea.
Emaztea maite duenak bere burua maite du.
29 Nehork ez du bere gorputza hastio;
aitzitik hazten du eta artatzen.
Berdin Kristok Eliza,
30 gu haren gorputzeko menbro baigira.
Liburu Sainduak dion bezala:
31 Horrengatik gizonak bere aitamak utziko ditu,
eta emazteari elkartuko zaio,
eta biak bat izanen dira.
32 Handia da mixterio hau,
eta nik Kristori eta Elizari loturik ikusten dut.

Jondoni Paulok aipatzen du senar-emazteen arteko amodioaren edertasuna aipatzen du.
“Erran Zaharrak” Liburuan, jadanik goraipatua zen elkartasun hori zoin den ederra : « Badira hiru
gauza gainditzen nautenak, eta laugarren bat konprenitzen ez dutana: arranoaren bidea ortzian,
sugearen bidea harrokan, ontziaren bidea itsaso zabalean, eta zerk deraman gizona emaztearen
ganat.” Arranoa, hoin pizua, nola dago airean ? Sugea zangorik gabe, nola ibiltzen da ? Itsas ontzia,
nola ez da hondatzen? Gizon eta emaztearen artean sortzen den gutiziak, nola irauten du ? Munduko
olerki guziek mixterio horiek ausnartu dituzte.
Liburu Sainduak erraiten dauku gizakiaren amodioa Jainkoaren amodioaren idurikoa dela
eta ez dela hari johan duenik: « Jainkoak, beraz, bere iduriko kreatu zuen jendea, Jainkoaren
idurira kreatu zuen, ar eta eme kreatu zituen. » Iduri horrek erakustera emaiten dauku ez dela
sexualitatearentzat gauza ederragorik asmatzen ahal. Kantarik Ederrenak dio : « Zein ederra ziren,
ene bihotzekoa, zein ederra! Guziz ederra zira ene bihotzekoa eta hutsik gabea!» Juduek badakite
hitz horiek Jainkoarenak direla bakarrik, gizadiarentzat erranak.
Zorigaitzez espos zenbaitek atzipatzen dute beren laguna, eta orduan zer erran Jainkoari
buruz hain guti itzulia den gizadi osoaz ? Liburu Sainduak, gure leialtasuna ez izanik ere egiazkoa,
ez dauku etsimenik emaiten. Profetek larderiatzen dute idorki espos desleiala, jakinaraztendiola
halere, barkamendua ukanen duela: « Mutiko gazteak neskatxa emaztetzat hartzen duen bezala, zure
eraikitzaileak emaztetzat hartuko zaitu; senarra emaztearekin gozatzen den bezala, berdin gozatuko
da Jainkoa zurekin.» Iduri luke emaztegaia ez bada bera zuzentzen, Jainkoa bera bitarteko jarriko
dela emaztegaiaren partez: « Bozkariotan nago Jaunagatik, alai dut arima neure Jainkoagatik, bere
salbamenduz jantzi bainau, garaipenezko soinekoez estali, senargaia bezala naiz, bitxi ederrez
apaintzen den andregaia bezala. »
Testamendu Berrian, Jainkoa behin-betiko asmoaz mintzo delarik, ezteietako hitzak
erabiltzen ditu: « Hiri saindua, Jerusalem berria, ikusi nuen jausten zerutik, Jainkoaganik,
ezkonberria bere senarrarentzat bezala apaindua. » Paulok berriz eta berriz erraiten dauku
batasuna Jainkoaren eta gizadiaren artean obratzen dela, eta Eliza ez dela bakarrik irudia, bainan
hazia. Hemen bi erakaspen baditugu: lehenik, gure amodioak ezin ederragoak izanik ere eta nekeak,
Jesu Kristorekin egiten direla; bigarrena, senar-emazteen amodioak, Kristoren amodioak bere
Elizarentzat eta Jainkoarenak gizadiarentzat bezala, behar lukela dirdiratu.
Paulok, senar-emazteeri emaiten dituelarik kontseiluak gogoan hartuz Kristoren mixterioa,
erraiten du: « Izan zaitezte elgarren menpeko, Kristori diozuen errespetuagatik. » Kristok
Elizarendako egin duena, senarrak egin dezala emazteari goxotasunean: «Bozkaria gaitezen eta egin
besta, eman diezogun aintza, zeren horra bildotsaren ezteiak. Apaindurik dago haren emaztegaia,
jauntzi zoragarria eman zaio. » Biziaren emaiteko ere prest izan dadila : «Nehork ez du maitasun
handiagorik bizia bere adixkidentzat emaiten duenak baino. » Horra Jesu Kristok senar-emazteri
emaiten dioten etsenplua.
Lerro hauiek erakaspen bat emaiten daukute, Kristok eta Elizak batasunean bizi behar
dutela, hori baita hazia, Jainkoaren eta gizadiaren artean:« Kristok Eliza maitatu eta haren alde bere
burua eman du. » Gure Liturgiak erraiten daukun bezala: Hunen bitartez, Hunekin eta Hunetan.,
denak Jainkoaren ganik heldu dira.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Zuk erran hitzak dire beti, bai izpiritu eta bizi.
Betiereko bizikoak ditutzu, Jauna, zure hitzak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 6, 60-69

Jesusek Kafarnaumeko zinagogan errana zuen:
“Nere haragia jaten eta nere odola edaten duenak
betiereko bizia badu.”
60 Jesus hola mintzo entzun,
eta haren dizipuluetarik ainitzek erran zuten:
“ Solas hori gogorra da : nork entzun dezake?”
61 Dizipuluak marmarika ari zirela oharturik bere baitan,
Jesusek erran zioten:
“ Ezin onartua iduritzen zaitzue hori?
62 Eta Gizonaren Semea lehen zagon tokirat igaiten
ikusten bazinute?…
63 Izpiritua da bizi-emaile, haragia ez da deusetarako.
Nik erran dauzkitzuetan hitzak izpiritu eta bizi dira.
64 Bainan badira zuen artean sinesten ez dutenak.”
Alabainan, Jesusek hastetik bazakien
zein ziren sinesten ez zutenak, eta nork salduko zuen.
65 Eta erran zuen gainera:
“ Horrengatik erran dautzuet ezin dela nehor nereganat etor,
Aitak hori emaiten ez badio.”
66 Ordutik, haren dizipuluetarik ainitzek gibelerat egin zuten,
eta harekin ibiltzea utzi.
67 Orduan, Jesusek Hamabieri erran zioten:
“ Eta zuek ez duzue joan nahi?”
68 Simun Petrik ihardetsi zion:
“ Jauna, norenganat joan gintezke?
Zuk ditutzu betiereko biziaren hitzak.
69 Eta guk sinesten dugu,
eta badakigu zu zirela Jainkoaren Saindua.”

Erabakiaren tenorea jina zen, Josuek herria Lur Saindurat ereman zuelarik, Izraeldarrek
behar ukan zuten hautatu zoin Jainko xerbitxatuko zuten. Hemen ber gisan, Jesusen entzuleek behar
dute erabaki, segituko duten ala ez.
Errepostua desberdina izan zen : « Ordutik, ainitzek gibelerat egin zuten eta harekin ibiltzea
utzi. » Bainan Petrik erran zuen : « Jauna, norenganat joan gintezke ? Zuk ditutzu betiereko
biziaren hitzak. » Joanik, xehetasun hau emaiten dauku, gertakari hori kafarnaumen iragan zela.
Alta Bazkoko mixterioa Jerusalemen gertatu zen, bainan Kafarnaum Galileako hirian, lehenik
agertua izan zen. Pasioneaz mintzo zen Joani: kurutzean gertatu zen bezala, ainitzek gibelerat egin
zuten eta bestek hautatu zuten haren segitzea. Ogien ugaltzean baziren 5000 jende eta orai, hetarik
hamabi gelditzen dira bakarrik. Jesusek galdera hau egin zioten: « Eta zuek ez duzue joan nahi ? »
Hitz bera, bi solasetan : « joan ziren ». Petrik erran zuen : « Norenganat joan gintezke ? »
Fedea, bide bat da, eta behar dugu utzi gure burua bide horren segitzerat: « Horrengatik erran
dauzuet ezin dela nehor nereganat etor, Aitak hori emaiten ez badio. » Irakurtzen badugu Joaniren
Ebanjelioak ardura erabiltzen du eman hitza : Aitak emaiten du Semea, Semeak emaiten du bere
bizia; bere haragia eta bere odola emaiten dauzkigu. Samaritar emazteari, Jesusek erran ziona,
emaite horren bilduma da :
« Bazinaki Jainkoak zer eman dezakeen! »
Azken emaitza: Izpirituarena. Horrek ditu sarrarazten fededunak mixterioan : « Haragiak
(erran nahi baita gizakiak bakarrik) deus ez dezake egin… Izpiritua da bizi-emaile .» Berantago,
azken apairuan egin zuen predikuan, klarki mintzatu zitzaioten. Hemen, Kafarnaum hirian ez zen
oraino tenorea Izpirituaren dohaina argiarazteko. Jerusalemen egin beharra ote zen ? «
Laguntzailea, Aitarenganik den Izpiritua, igorriko dauzuet Aitaren ondotik. Etorriko denean, harek
lekukotasun emanen du nere alde. Eta zuek ere lekukotasun emanen dautazue, hastetik nerekin
baitzirezte. »
Petrik asmatzen zituen jadanik horiek guziak erraiten zuelarik: « Jauna, norenganat joan
gintezke? Zuk ditutzu betiereko biziaren hitzak. Eta guk sinesten dugu, eta badakigu zu zirela
Jainkoaren Saindua.» Berantago, entzun zuelarik Kafarnaumeko predikua, gogoetak egin zituen eta
Jesusek Pasionea eta piztea jasan zituelarik, orduan, sinetsi zuen zinez, Jesus gizon egina, Jainko
zela « Jainkoaren Saindua ».