Jesus uztea, jarraipena eta saldukeria (Joan 6,60-69)
Urteko 21. igandea B 2018-08-26

Joan den igandean bukatu genuen bizi-ogiaren inguruko eztabaida irakurtzea. Gauza bitxia eta arraroa da, ebanjelariak ez duela kontatu entzuleen azken erreakzioa. Lehenago, bi kasutan, eten diote hitza Jesusi, beren desadostasuna azalduz. Orain ez diote ezer, eztabaidan jarraitzea pena merezi ez balu bezala. Aitzitik, Jesusen ikasleen erreakzioa dakarkigu gaur ebanjelariak: bi jarrera desberdin (batzuek utzi egin dute Jesus, besteek jarraitu) eta beraietako baten saldukeria igarri.

Jesus bertan behera uztea

«Ordutik beraren ikasleetako askok atzera egin zuen eta ez zen harekin [Jesusekin] ibiltzen». Krisialdi oso gogorra da. Orain arte, Jesusen ikasleek ez dute izan inolako problemarik; baina esan beharra dugu, laugarren ebanjelioaren albisteak beraien inguruan oso gutxi izan direla oraingo hauek arte. Kontatu du lehen bost ikasleen bokazioa (Joan, Andres, Pedro, Felipe, Natanael), baina ez batuz joan zitzaizkion beste askorena, ezta Hamabien taldea aukeratu izana ere. Bidenabar egindako aipamenak baikorrak dira. Kanako ezteietan esan du «harengan [Jesusengan] sinetsi zutela» (Joan 2,11). Tenplua garbitu zuenean, gogoratu ziren salmo batek dioenaz («Zure etxeaz dudan grinak sutzen nau») eta zuritu egin dute haren indarkeriazko jarrera (Joan 2,17). Artean, ordea, ez dute ezagutzen Jesus hondoraino; izan ere, esan dienean: «Nik badut zuek ezagutzen ez duzuen janari bat», kaskoak eman dien gauza bakarra norbaitek jatekoa ekarri diola uste izatea izan da (Joan 4,32-33). Putzuko gaixoa sendatzearen garrantzizko pasadizoan, ondoren datorren hitzaldi luzea eta guzti, ebanjelariak ez ditu aipatu ere egin (Jn 5).

Isiltasun arraro honen segidan, ogiak eta arrainak ugaltzekoan eta Kafarnaumeko sinagogako eztabaidan, ikasleek protagonismo handia izan dute. Baina bi taldetan banaturik: gehiengoa eta Hamabiak.

Gehiengoak utzi egin dio Jesusi jarraitzeari. Zergatik? Beren jarrera zuritu dute, esanez; «diskurtso hau (o´ lo,goj ou-toj) gogorra da, onartezina, jasanezina. Ez dira ari beraren haragia jatearen eta beraren odola edatearen ideiaz bakarrik; Jesusek bere buruaz esan duen guztiaz ari dira: Jainkoak bidalia dela, zerutik jaitsia dela, beragan sinesten duena azken egunean piztuko duela, bera dela egiazko bizi-ogia. Hondo-hondoan, Jesusen haragia jan eta odola edateak «biak irenstea» esan nahi du horientzat, bera zer den berak esaten duen bezala, materialki, onartzea. Eta hori, ikasle gehienek ezin onartu dute. Mirariak egiten ikusi dute: hori ez zaie harrigarri gertatu. Itun Zaharrean ere aipatzen dira pertsonaia mirarigileak. Baina haietako inork, ezta Moisesek ere, ez zuen esan zerutik jaitsia zenik eta beste norbait pizteko gai zenik.

Bera bertan behera uzte horretaz, beste ikuspuntu bat du Jesusek. Su emanez hasi da: esan duenagatik eskandalizatu badira, arrazoi gehiago ere ematen ahal die eskandalizatzeko. Honetan datza beraien arazoa: dena giza ikuspegiz, haragizkoz, hartzen dutela; baina beragan sinesteko, espirituari gida gaitzan utzi beharra dugu. Baina hori Aitak ematen dion hark bakarrik lortzen du. Jesusen hitz hauek txundigarri gertatu dira: alde batetik, beraren aurrean giza ikuspegi hutsez jarri diren ikasleen bizkar bota du errua; bestetik, Jainko Aitari egozten dio erantzukizuna, horrek bakarrik eman baitezake Jesusengana iristeko aukera («ezin etorri da inor nigana, Aitak aukera ematen ez badio»).

Ebanjelariak, agian, segidako kristau hauek ditu gogoan: pertsekuzioengatik edo beste arrazoiren batengatik elkartea utzi dutenak. Zer gertatu zaio jende horri? Beraiena bakarrik al da kulpa? Ba al da alde misteriotsuren bat, zeinetan kulparen zati bat Jainkoaren bizkar egongo bailitzateke? Ezagutzen dugun jendea gogoan dugula eta bere fede-bizitzan nola eboluzionatu duen kontuan hartuz, galdera hauek egundoko gaurkotasuna izaten jarraitzen dute.

Jarraipena

Unerik dramatikoena zehaztapen zehatzez kontatu du ebanjelariak. Askok Jesus bertan behera utzi ondoren, Hamabiak bakarrik gelditu dira. Jesusen galderak («Zuek ere joan egin behar al duzue?»), gauza oso desberdinak iradokitzen ditu: desilusioa, esperantza, porrot egin duten ustea… Pedroren bat-batek erantzunak, Hamabien bozemaile gisa, Filiporen Zesareako beraren erantzuna, Sinoptikoek kontatua, dakarkigu gogora: «Mesias zara zu».

Baina badira alde interesgarri batzuk. Pedro, gaurko honetan, ez da hasi Jesus aitortuz, baizik galdetuz: «Jauna, norengana joango gara?» Jesus utzi eta beren lanbidera itzultzea, buruak eman ez dien gauza da. Maisu baten beharra dute, gidatuko dituen norbaitena. Non aurki dezakete Jesus baino hoberik? Nola bizi zaren sentiarazten dizun norbait? Ondoren dator Pedroren aitorpena. Baina ez du esan Jesus Mesias dela, baizik eta «Jainkoaren Santua» dela. Ez dago argi Pedrok zer esan nahi duen titulu honekin; behin bakarrik ageri da Itun Zaharrean, Aaron apaiz nagusiari leporatuz, zentzu ohorezkoz edo kultuarekin dituen harreman estuengatik (Sal 106,16). Itun Berrian, berriz, Markosek eta Lukasek Kafarnaumeko sinagogako deabrudunaren ahoan ipini dute, zeinak Jesusi leporatzen baitio (Markos 1,24 = Lukas 4,34; Mateok ez dakar pasarte hori). Dudarik gabe, Pedrok aitortu nahi du, Jesusek harreman oso bereziak dituela Jainkoarekin, zerutik jaitsia den ala ez kontuan hartu gabe.

Saldukeria

Testu liturgikoan, gai hau bidenabar bakarrik ageri da: Jesusek bazekien «zeinek salduko zuen». Ebanjelioa moztu ez balute, askoz garbiago geldituko zen. Izan ere, Pedrok parte hartu orduko, Jesusek gehitu du: «”Ez al zaituztet nik aukeratu Hamabiok? Baina zuetako bat deabru bat da”. Judas Iskariotez ari zen, Hamabietako batez, salduko duenaz».

Horrenbestez, beste galdera bat sortzen zaigu eta beste misterio bat: zergatik ez du utzi Judasek Jesus une horretan, beste hainbatek egin duen horretan? Jesusek, hori baldin badaki, zergatik eusten dio taldean? Nola iritsi daiteke pertsona bat Jesusengan ustea galtzera, saldukeria egiteraino?

Lehen irakurgaia: Israeldarren konpromisoa Jainkoarekin (Josue 24,1-2.15-18)

Josueren liburuaren azken kapituluan gaude. Israeldarrek, Josueren agindupean, Jainkoak hitzeman zien lurralde guztia konkistatu dute (hobe ez gogoratzea nola lortu duten, zeren eta gaur egun Gazako mugan gertatzen ari dena joko jostagarri bat baita beste harekin konparatuz). Une horretan, tribu guztiak bildu ditu Josuek Sikemen; Jainkoaren iraganeko mesedeak gogoratu dizkie Josuek eta aukera eskaini die: Yahve zerbitzatu ala ez. Elkarrizketa bikaina da, dramatikoa; Josue, espero zitekeenaren kontra, herria konbentziarazten saiatu da Yahve zerbitza ez dezaten. Jainko jeloskorra da, ez die barkatuko saldukeriarik egiten badiote. Halere, zerbitzatu egin nahi dutela esanez lehiatu dira israeldarrak, eta herriaren eta Jainkoaren arteko itun edo elkargoarekin bukatu da dena.

Pasarte hau hautatu dutenek, beste behin azaldu dute Biblia ez zaiela axola: moztu egin dituzte bai Josueren parte hartzea, bai herriarekiko elkarrizketa, bai azkena. Hogeita zortzi txataletatik bakarra atera da onik: seigarrena.

Testuak, osorik gorde izan balitz, erlazio argiagoa izango zuen ebanjelioarekin. Nola Josue hala Jesus argiro eta gogor mintzo dira, beren jarraitzaileak desanimatu nahian bezala. Alde handia, entzuleen erreakzio desberdinean dago. Josueren testuak azken dohatsua eskaini digu, errealitatea batere kontuan izan gabe: israeldarrak beste jainko batzuk zerbitzatzen jarraitu zuten eta Yahve alde batera uzten. Ebanjelioak lauki errealistagoa marraztu digu, are gehiago ezkorra: ikasle askok bertan behera utzi du Jesus; Hamabiak bakarrik gelditu dira, eta hauetako batek saldu egingo du.

Bigarren irakurgaia: Ez ote hobe testu hau ezabatzea? (Efesoarrei 5,21-32)

Andregai bakar batek ere ez du nahi izaten bere ezkontzakoan pasarte hau irakurtzea. Gaur bizi dugun gizarte-giroan, «senarraren mendeko izan dadin» esatea, «gauza orotan haren mendeko izan behar duela», bien artean parekotasunik ez dagoelako, baizik eta «senarra emaztearen buru» delako, ez da gauzarik atseginena. Nahiz eta geroago senarrari esango dion maita dezala emazte bere burua bezala. Irakurgaiaren bigarren zati honetaz, zipitzik ez du ulertuko.

Bi azalpen ematera mugatuko naiz

1.-Testu hau, Paulori hainbateko kritika ekarri diona, misogino eta matxistatzat emanez, ez da Paulorena. Efesoarrei gutuna ez zuen berak idatzi, baizik beraren ikasleren batek. «Zesarri Zesarena». Nori berea.

2.-Ezkontza-bizitzaz ageri den mentalitate hau, gaur eskandalizatzen bagaitu ere, aurrerakoia izan zen lehen mende hartan. Aski da erreparatzea hainbat lurralde arabiarretan gertatzen ari denari. Emazteak berez bezala onartzen du senarraren mende bizitzea. Baina senarrak ez du kontuan izaten emazteari zor dion tratu amultsu eta samurra. Lehen mende hartan hain hedatua den ustelkeria moralak argitzen du idazleak ezkontza-bikote kristauei portaera hau eskatu izana, elkarrekiko errespetuan oinarritua, Kristorekiko leialtasunez. Ai agertuko balitz begirune hori bera gaur egungo ezkontza-bikote kristau guztietan!

José Luis Sicre