URTEKO 21. igandea A oharpenak (2020-08-23)

SARRERA

Anai-arrebok, urteko 21garren igandea ospatzen dugu gaur. Bi gai nagusi planteatzen dizkigute irakurgaiek.
Batetik, guri dagokigu gaur, duela 2 mila urte ikasleei egin zien galdera: Eta zuek, nor naizela diozue? Maitasunez eta konfiantzaz egindako galdera: Horrenbeste denbora daramazue nirekin; zergatik hasi zineten nire ondoren?, zer ikusi zenuten nigan? Eta gaur, zergatik jarraitzen duzue nire ondoren?, zer ikusten duzue gaur nigan?
Bigarren gaia, Pedrori emandako misioa edo eginkizuna. Sortuko dudan Eliza Harri honen gainean eraikiko dut. Asko hitz egiten da Pedroren ondorengo aita santuaren misioaz edo egitekoaz. Hasteko, aita santuaren egitekoa ez da besteak mendean edukitzeko boterea. Hitz gutxitan esateko, Jesusek bere ikasleen gain izan zuen jarrera bera eskatzen duen misioa da: bakoitzaren erabakia errespetatzea, jarraitzaile guztiekin elkarte bat egitea, bere jardueran apal agertzea, batez ere otoitz isilean hitz egingo dion Espirituari adi-adi bizitzea, elkarteko guztien artean harremanak indartzea…
Jesusen Espirituak argitu gaitzala guztiok Jesus gero eta hobeto ezagutzeko. Argitu dezala aita santua bere egitekoa modu biziago eta adiskidetsuagan betetzeko.

LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (22,19-23)

Isaias profetak begi-argi bizi izan zuen bere garaiko politika. Horren lekuko da gaurko irakurgai hau. Ezekias erregeak (errege: K.a. 716-687 urteetan) bere administratzaile nagusia, Sebna, kargutik kendu beharra izan zuen, harroputz jokatu zuelako, eta Eliakim izendatu zuen ordezko; botere handia, osoa, emango dio.
Testuan, botere-emailea Jainkoa da. Alabaina, Eliakim-i emandako botere hori ez da izan erabatekoa. Benetako botere osoa izango duen Mesiasen, Jesusen, irudia da Eliakim. Horrela interpretatzen du pasarte hau Apokalipsi liburuak 3,7an. Kristori dagokio aginpidea. Jesusek Pedrori eman dion aginpidea baldintzapekoa da, Jesusen aginpideari atxikia, bai edukiari dagokionez, bai helburuari dagokionez, bai aginpidea gauzatzeko moduari dagokionez. Gainera, ez da indibiduala, baizik Eliza osoarekin gauzatzekoa da.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei gutunetik (11,33-36)

Gaurko pasarte hau, joan den igandekoaren gailurra da. Erromatarrei gutuneko 11. kapitulu osoan jardun da Paulo judu-herriaren egoskorkeriaz. Jesusen ebanjelioari muzin egin izanaz.
Joan den igandean ikusi genuen, Paulo esperantzatsu ageri dela, Israel herria ere salbatuko du Jainkoak esanez.
Gaur, Jainkoaren erruki handiaz duen mirespena agertu digu: guretzat ulertezina da Jainkoaren errukia, bide asmaezinetatik gidatuko du Israel herria, agindutako salbaziora; horrek guztiak mirespena eta laudorioa eragin behar dizkigu.

EBANJELIOA Mateoren liburutik (16,13-20)

Nor edo zer da Jesus? Giltzarri-galdera da hori. Horrekiko erantzunak agertuko du zer-nolakoa den gure fedea.
Galdera horixe egin zien Jesusek ikasleei Filiporen Zesarean. Konfiantzaz egindako galdera da. Pedrok, beti bezala, gogotsu erantzun dio: «Zu, Mesias zara, Jainko biziaren Semea». Beraz, Jesusen Jainkoa bizi den Norbait da; ez da guk asmatutako zerbait. Jainkoa zuzentasun, egia, bide… dela esatean, arrisku handia izaten dugu Jainkoari aplikatzeko guk egiaz, zuzentasunaz, bideaz… dugun ideia edo kontzeptua. Baina ez, Jainkoa, Jainko bizia da. Gainera, Jesus Jainko biziaren Semea dela aitortu du Pedrok.
Bizi den Jainkotzat ematen du Jainkoa; bestalde, badu garrantzi koiuntural edo abagunezko bat ere. Filiporen Zesarean gertatu da pasadizoa. Zesarrek bere burua jaun eta jainkotzat eman zuen. Zesarren jainkotasun horren aurrean, Pedrok beste jainkotasun bat aitortu du.
Bestetik, bere burua jauntzat eta jainkotzat zuen Zesarren hirian eman dio Jesusek Pedrori bere misioa: harri honen gainean eraikiko dut Eliza. Ondo ulertu zuten hori ikasleek Jesus berpiztu ondoren. Hala erantzungo diete judu-agintariei: zuei baino lehenago obeditu behar zaio Jainkoari.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Eliza osoaren alde: munduan diren behar eta premiez arduraturik, mundu osoaren aurrean guztiek ulertzeko moduko testigantza eman dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Eliz hierarkiaren alde: beraien egitekoa, edukiz eta gauzatzeko eraz eta moduaz, Jesusenaren pareko izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduko agintarien alde: handi-mandi bizitzeko tentazioa alde batera utzirik, herriaren zerbitzari duin izaten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduan eta, zehazki, geure inguruan ditugun pobre, gaixo, etorkin, etxegabe eta presoengan Kristo bera ikusi ahal izateko argia izan eta ikusitakoaren arabera bizitzeko adorea izan dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.