Urteko 21. igandea A (2017-08-27)
Pedro, Jainkoaren eta Satanasen artean
Igande honetako ebanjelioak eta datorren igandekoak banaezineko diptiko bat eratzen dute. Gaurkoan, Pedrok Jainkoaren agerpen jaso du eta egiteko bat. Datorrenekoan, Satanasen bozemaile bihurtuko da. Horrela, Mateok argi utzi du, ezen eta inporta duen gauza jasotako eginkizuna dela, eta ez hartzailearen santutasuna.
Gaurko ebanjelioak hiru zati ditu: 1) jendeak Jesusez uste duena; 2) Pedrok baieztatzen duena; 3) Jesusen promesak Pedrori.
1.-Jendeak uste duena
Filiporen Zesareara bidean, oso Israel iparraldean, Jesusek galdetu die ikasleei: «Gizonaren Semea mor dela dio jendeak?» Aramear bar enosh letra handiz nahiz xehez euskaratzen ahal genuke.
Xehez emanik, «gizonaren semeak» «gizon hau» esan nahi du, «ni» alegia, eta sarritan erabiltzen du Jesusek bere buruaz aritzeko. Adibidez, «azeriek badute beren zuloa», «zeruko hegaztiek badituzte beren habiak», baina gizonaren semeak [gizon honek] ez du burua non ezarri (Mateo 8,20). «Gizonaren semeak [gizon honek, nik alegia] badu aginpide lurrean bekatuak barkatzeko» (Mateo 9,6), etab.
Letra handiz emanik, «Gizonaren Semeak», etorkizuneko salbatzaile bat dakar gogora, ezohiko pertsona bat. «Hara nik esan, ez dituzue igaroko Israelgo hiri guztiak Gizonaren Semea etorri aurretik» (Mateo 10,23); «Gizonaren Semeak bere aingeruak bidaliko ditu, bere erreinuko gaizpide direnak eta gaizkileak biltzeko» (Mateo 13,41); «Bere Aitaren aintzaz etorriko da Gizonaren Semea eta bere aingeruak lagun dituela» (Mateo 16,27).
Jesusi entzuten zion jendea nahasturik-edo senti zitekeen. «Gizonaren Semea» esapidea erabiltzen zuenean, nortaz ari zen: bere buruaz edo etorkizuneko salbatzaile batez edo pertsonaia erlijioso handi batez? Horregatik, ez dira harritzekoak Jesusez ikasleek jaso dituzten erantzunak. Batzuentzat, Gizonaren Semea Joan Bataiatzailea da; beste batzuentzat, teologia-formazio handiagokoentzat, Elias da, profetizatua baita aldien azkenean etorriko dela; beste batzuentzat, ez dakigu zergatik, Jeremias da edo profeta handietako bat. Erantzun guztiek komunean dute hau: haietako batek ere ez du identifikatzen Gizonaren Semea Jesusekin, eta guztiek identifikatzen dute profeta batekin, baina hila den profeta batekin, dela duela bederatzi mendeko batekin (Elias), dela oraintsuko batekin (Joan Bataiatzailea). Bistan da: Jesus ez zen mintzo oraingo honetan aski argi edota nahita ari zen eran anbiguoan.
2.- Pedrok baieztatu duena
Hain ohituak gaude entzutera Pedroren erantzun hau, non gauza arrunta iruditzen baitzaigu. Alabaina, ez da batere arrunta. Mesias espero zuten taldeek ezohiko pertsona bezala irudikatzen zuten, egoera miresgarri bat eragingo zuena, bai ikuspegi politikotik (erromatarren mendetik askatzea), bai ekonomikotik (ugaritasuna), bai sozialetik (zuzentasuna), bai erlijiosotik (herriak bere burua oso-osorik Jainkoari eskaintzea). Jesus galilear bat da, gaizki jantzia, egoitza jakinik gabea, limosnaz bizi da, laguntzat arrantzale batzuk, landa-jende bat, zerga-biltzaile bat eta askotariko emakumeak ditu. Bera Mesiastzat aitortzeko, burutik egon behar du batek edota Jainkoaren inspirazio bat hartua izan behar du.
3.- Jesusen promesak Pedrori
Hirugarren zati hau Mateok bakarrik dakar. Markosen eta Lukasen ebanjelioetan, Pedrok Zesarean egindako aitorpena hitz hauekin bukatzen da: «Zorrotz eragotzi zien ikasleei, bera Mesias zela inori esatea». Baina Jesusek Pedrori esandako hitz batzuk txertatu ditu hemen Mateok.
Bedeinkazio batekin hasten dira, eta Pedrok Jesusi eman berri dion Mesias tituluaren garrantzia azpimarratzen dute. Ez da hereje bat, ez da zoro bat; Pedroren hitzak Aitaren errebelazioaren fruitu dira. Mateo 11,25-30ean esana datorkigu gogora: «Inork ez du Semea ezagutzen Aitak baizik, eta Aitak agertu nahi izan dion hark baizik».
Agerpen honetan oinarriturik, eta ez Pedroren merezimenduan, Jesusek promes batzuen berri eman dio: 1) beronen gainean, arroka honen gainean eraikiko du bere Eliza; 2) Jainkoaren Erreinuko giltzak emango dizkio; 3) aurreko horren ondorio gisa, beronek lurrean erabakia baietsia izango da zeruan.
Baieztapenik harrigarrienak lehena eta hirugarrena dira. Itun Zaharrean, Jainkoa da «arroka». Itun Berrian, Jesusi aplikatu zaio irudia. Arroka Pedro dela Jesusek berak esana izatea gauza imajinaezin bat esan nahi du, nekez asmatu ahal izan zuten hori ondorengo kristauek. (Batzuek diote, «eta arroka honen gainean eraikiko dut neure Eliza» esatean, Jesusek bere buruaz esan zituela, eta ez Pedroz: ihesbide hau ez da gauza seriosa).
Bigarren baieztapena («Jainkoaren Erreinuko giltzak emango dizkizut») ulertzeko, gogoan izan behar da Isaias 22,22ko promesa, Eliakimen jauregiko etxe-nagusiari egina, gaurko lehen irakurgaiko gaia: «Daviden jauregiko giltzak jarriko dizkiot lepoan: hark irekia, ez du inork itxiko; hark itxia, ez du inork irekiko». Pertsonaiari erabateko aginpidea eman zaio bere jarduera-eremuan. Era bitxian, Mateoren testuak aldatu egin du irudia, eta ez da mintzo irekitzeaz eta ixteaz, baizik lotzeaz eta askatzeaz. Baina hondoko ideia bat bera da.
Testuak badu beste baieztapen guztiz garrantzizko bat ere: elkarte berri bat eratzeko Jesusen asmoa, beti iraungo duena. Pedrori esandako guztia ideia honen harira esana da.
Zergatik azpimarratu nahi izan du Mateok Pedroren zeregina? Ideia eklesiologiko bat izan al du gidari, Jesusek bere elkartea nola ikusten duen adierazteko? Ala helburu askoz praktikoago bat du? Ideia biek ez dute batak bestea baztertzen, eta teologia katolikoak lehena azpimarratu du oinarri-oinarrian: Jesusek, oharturik elkarte batek azken erantzule baten beharra duela, Pedrori gomendatu dio eginkizun hori, eta beronen ondorengoei.
Baliteke hondoan beste ideia praktiko bat ere egotea, Pedrok hasiera hartako Elizan zuen zereginarekin zerikusia duena. Lehen unetik harrotu ziren gatazka handienetako bat, elkartean paganoei harrera ala ukoa egitea izan zen, eta hartarako behar ziren baldintzak ezartzea. Apostoluen Eginak liburua problema hauen lekuko da. Aipatu arazoa askatzen, zeregin nagusia izan zuen Pedrok, beste kristau kontserbadore batzuen jarrerari aurre eginez (Eginak 10−11; 15). Garai hartan, zeinetan Pedro ez baitzen «Aita Santu», eta ez baitzitzaion aitortzen «pontifize-hutsezintasunik», Mateoren hitzek indar handia eman zioten Pedrok paganoen alde agertutako jarrerari. «Lurrean lotuko duzuna lotua izango da zeruan eta lurrean askatuko duzuna askatua izango da zeruan». Pedro da aginpide gorena hartu eta azken erabakia duena.
Lehen eranskina. Pedroren egitekoa hasierako Elizan
Pedrori emandako garrantzia, Itun Berriko askotariko tradizioen xehetasun komuna da. Daturik antzinakoena eta baliosena, historiaren ikuspuntutik, Paulok Galaziarrei gutunean eskaini diguna da; idazten du hartan, bere konbertsioaren ondoko hirugarren urtean Jerusalemera igo zela, «Zefaz [Pedro] ezagutzera eta berarekin gelditu nintzen hamabost egunez» (Galaziarrei 1,18). Xehetasun lau-lau honek Pedrok duen aparteko garrantzia azaltzen du. Eta hamalau urte geroago, paganoei hots egin beharreko predikuaren arazoa planteatu denean, Paulok idatzi du: «aitortu zidaten berri ona paganoei hots egitea niri gomendatu izana, Pedrori juduei hots egitea bezala; izan ere, juduekiko apostolutzan Pedrori laguntzen zionak laguntzen zidan niri paganoekiko neurean» (Galaziarrei 2,7).
Pedroren lehentasun hau islaturik dago ebanjelio desberdinetako askotariko pasadizotan. Aski bedi gogoratzea mandatu hirukoitza («bazkatu nire bildotsak», «bazkatu nire ardiak», «bazkatu nire ardiak»), Joanen ebanjeliokoa (21,15-17), Mateogan irakurri dugunaren parekoa.
Gauza bera dator Apostoluen Eginak liburuan. Igokundearen ondoren, Pedro da hitz egin duena eta Judasen ordezko bat aukeratzea proposatu duena. Mendekoste egunean, Pedro da bertaratuei mintzo zaiena. Pedroren aginpidea erabakitzailea izango da paganoei Elizan harrera egitean (Eginak 10−11). Pasadizo nagusi hau da promesaren adibide praktiko hoberena: «lurrean lotuko duzuna lotua geratuko da zeruan».
Bigarren eranskina. Mateo: iruzurtia ala teologoa?
Arestian esandako horrek lagunduko digu, historiaren ikuspuntutik, oinarri-oinarrizko galdera bati erantzuten: Jesusen promesak Pedrori Mateoren ebanjelioan bakarrik badatoz, ez ote dira ebanjelariaren asmakizun huts? Hala uste du autore askok.
Baina «asmakizuna» terminoa nahasgarri izan daiteke, kontatzen den guztia gezurra bailitzan. Antzinako idazleek gurea ez bezalako ikuspegia, oso bestelakoa, zuten egia historikoaz; hori agertu nahi izan dut Satán contra los evangelistas nire liburuan. Guretzat, egiak egian bildurik joan behar du. Den-denak, kontatua denak eta kontatzeko erak, izan behar du ziur (jakina, teorian, zeren eta historia-liburu asko eta asko aurkeztu ohi da egiazkotzat, kontatzen duten hartan eta kontatzeko eran gezurretan ari badira ere). Antzinakoentzat, egia etor zitekeen fikzio-jantzian bildurik.
Hau da Paulo, Joan, Lukas, Markos bezalako autore desberdinen testigantzaz jantzia datorrena: Pedrok erantzukizun bereziko lekua zuela hasiera hartako Elizan, eta kargu hori Jainkoak berak emana zuela, Paulok eta Joanek aitortzen dutenez. Mateok egin duen gauza bakarra, egia hori hitz desberdinez janztea izan da, agian berak asmatuez, adierazi nahiz, Pedroren lehentasuna ez dela, ez adimendu-arazoa, ez ausardi arazoa, baizik eta Jesusen erabakiari zor diola. Eta hori guztia ez dela Pedroren merezimendu baiesteko, datorren igandean irakurriko dugun pasadizoa gehitu du.
José Luis Sicre