Urteko 21. igandea A 2017-08-27
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioaren ideia nagusia, dudarik gabe, Jesusek ikasleei egin dien galdera da: «Ni nor naizela dio jendeak?» «Ni nor naizela diozue zuek?»

Gauza jakina da, Euskal Herriak paraje ikusgarriak ditu. Halere, zenbat jendek ezagutzen ditu? Edota, hobeto esateko, jende askok zenbateraino ezagutzen ditu? Esaera aski arrunta da: Euskal Herria ezagutu ez, eta urrunera joan behar paraje ikusgarrien bila.

Ez al zaigu antzeko zerbait gertatzen Jesusekin? Duela egun batzuetako datua. Galdera egin dit, bere burua kristautzat duen gizonezko batek. Joan den igandeko ebanjelioko esaldi edo pasarte batez zen galdera. Galdetu zidan: «Nolatan eman daiteke fede handitzat, ogia seme-alabei kendu eta txakurrei ematea nahi duen emakumearena?» Gizon horrek ez du ulertu inolaz ere ebanjelio horretan, Jesusen ahotik eta emakumearen ahotik atera zen txakur hitzak zer esan nahi duen. Ez du ulertu, ebanjelio horretan, txakur hitzak ez duela adierazten gure etxeko animalia bat, baizik eta jende bat, pagano bat, juduek mespretxuz txakur esaten dion jendea.

Jesus ezagutzeko, harreman gehiago eta sutsuagoa behar da, bai berarekin, bai beraren hitzarekin.

Jesusek egindako galderari, Pedrok erantzun dio: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren semea». Aberastasun handia du esaldi honek. Mesias. Profetek promes egindako salbatzailea esan nahi du. Jainkoaren Semea. Pedrorentzat, Jesusez hori aitortzean, Jesusek Jainko Aitarekin harreman berezi-bereziak dituela esan nahi du. Gainera, «Jainko biziaren semea» esan du Pedrok. Beraz, Jainkoa ez da hildako bat, ez da hilkor den norbait. Garai hartan, Erromako enperadoreak bere burua jainkotzat ematen zuen. Pedroren aitorpen hau, Erromako enperadoreari era berezian eskainitako hiri batean egin zen: Filiporen Zesarean; Erromako enperadorearen izenean eraiki zuen Herodes Filipok. Horrenbestez, Pedroren aitorpena, enperadorea jainkotzat hartzearen aurka doa.

Aitorpen handi horrengatik, zoriondu egin du Jesusek Pedro: «Zorionekoa zu, Simon, … aitorpen hau zeruko nire Aitak agertu baituzu» .

Eta hiru agintzari edo promes egin dizkio Jesusek Pedrori: eraiki nahi dudan neure Elizaren sostengu-harri egingo zaitut; zeruko Erreinuko giltzak emango dizkizut; Elizaren oinarri egingo zaitut.

Isaias profetagan (51,1-2) esaten zaie israeldarrei, Jauna izango dutela beren arroka. Hemen, bere lekuko berezi izango den Pedrori edo aita santuari aplikatzen dio Jesusek arroka terminoa.

Gaurko lehen irakurgaian, jauregiko giltzak, harrokeriaz eta egoismoz jokatu duen Sobna etxe-nagusiari kendu eta Eliakimi eman dizkio erregeak: erreinuko boterea ematea esan nahi du; baina ez da harrokeria eta egoismoz erabiltzeko boterea. Gaurko ebanjelioan, bere lekuko berezi izango den Pedrori agindu dizkio giltzak Jesusek.

Hirugarren, Elizaren oinarri egingo zaitut, diotso Jesusek Pedrori. Ikuspegi praktikoz jokatu du Jesusek. Elkartean sor daitezkeen gatazketan, eginkizun berezia izango du Pedrok. Lehen kristauen garaian, jadanik, agertu zuen Pedrok zeregin hori. Adibidez, kristau-elkarteetan paganoak onartu ala ez erabakitzeko orduan. Baina egiteko hori ez da mugatzen gatazketan azken hitza izatera. Inportanteena Jesusen berri eman eta eman aritzea du Pedro, du aita santuak.

Senideok, zer eta zein da Jesus guretzat? Betiko geurekin dugun norbait, baina izango eta gurekin egongo ez balitz bezala tratatzen dugun norbait? Azken batean, ezezagun bat? Saiatu beharko genuke, tarteka, halako sartu bat egiten geure bihotzera. Han agertuko zaigu Jesus bere onberatasun guztiarekin: irribarretsu, errukitsu, barkatzaile, poz-emaile, indar-emaile, argi bizi distiratsu. Zatoz, Jesus, eta bete gure bihotza eta eskuak zeure graziaz eta asmoez.

Dionisio Amundarain