URTEKO 20. IGANDEA C (2016-08-14)

SARRERA

Anai-arrebok, urteko 20garren igandea ospatzen dugu gaur. Ebanjelioan, Jesusek esaten digu, ez dela etorri bakea ekartzera, baizik sua ekartzera. Jesusek ez gaitu engainatu nahi. Berak bizi izan duena, hura bizi beharko du haren ikasleak.
Baina zer esan nahi du Jesusek aipatzen duen suaren metafora horrek? Bi esanahi izan ditzake. Batetik, metalak garbitu eta fintzeko erabili ohi zen sua; alde horretatik, esan nahiko luke, ikasleak probak bizi beharko dituela bere bizitzan. Bestetik, San Lukas, Eginak izeneko liburuan (2,3), suaz mintzo da, Espiritu Santuaren forma hartzen duenez: suzko mihi edo mingainak. Alde honetatik, sua ez da dena hondatzen duen sua, baizik dena betetzen duen sua: argiz eta indarrez betetzen duen sua.
Zentzu batean zein bestean hartu, Jesusek adierazten digu, gizakiaren bizitzak berekin dituela zailtasunak eta tirabirak.
Senideok, eska diezaiogun Jaunari, argitu eta indartu gaitzala bere Espirituaren argiz eta indarrez.

LEHEN IRAKURGAIA Jeremias profetaren liburutik (38,4-6.8-10)

Entzungo dugun pasadizoa, Kristo aurreko bost ehun eta laurogeita zazpian gertatu zen. Babiloniako Nabukodonosor enperadorearen gudarosteak inguratua du Jerusalem hiria. Judu handikiek aurre egin behar zaiola hots egiten dute; Egiptok eskainiko omen dien laguntzan oinarritzen dira. Jeremias profetak, berriz, garbi ikusten du, alferrik dela aurre egite hori. Eta amore emateko eskatzen du, bizia salbatzeko. Abertzaletasunaren kontrakotzat hartu dute jarrera hau, eta Jeremiasek indarkeriazko pertsekuzioa jasan du, atxilotu dute, eta ia hiltzerainoko tratua txarra eman diote.
Jeremiasek bere bizitzan egia defenditu beharra sentitu du. Badaki, defentsa hori guztiz kaltegarri gertatuko zaiola. Bere bizitzako hirutik bi kartzelan eman zituen Jeremiasek. Halere, bere kontzientziari jarraitu nahi dio. Egia maite dutenen zoria irudikatzen digu Jeremiasek. Batez ere, Jesusek biziko duen zoria agertu digu.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako gutunetik (12,1-4)

Hebrearrei egindako gutun honetako gaurko pasarteak iraupentsu bizitzera gonbidatzen gaitu, fedeari eta fedez eustera.
Testu honek irudi polit hau dakar: gure bizitza korrika-lehia bat bezala da; begira dagoen jendeaz inguraturik bizi gara (hau da, fedegabeez inguraturik), korri egitea eragozten digun guztia utzi dugu (hau da, bekatua), eta Jesusen ondoren gabiltza korrika, zeinak gure aurretik egin baitu korri, eta helmugara iritsi baita.
Jesusen korrika hura zaila izan zen, eta gurutzea jasan behar izan zuen: guri baino gehiago eskatu zitzaion, baina haren helmuga bera dugu begi aurrean. Erregu ederra da, kristau-bizitzan agertzen diren zaitasunei aurre egin ahal izateko eskatuz

EBANJELIOA San Lukasen arabera (12,49-53)

Kristau bezala bizitzeak adorea eta kemena eskatzen du. Ez du balio erdizka ibiltzea. Jesus maitatzeak munduan pertsona atzerritar izatea eskatzen du, ukatua den pertsona izatea.
Jesus su ematera etorri da. Ez da etorri bakea ekartzera. Baina ez da inor hiltzen duen sua; nekeak onartzera eragiten duen sua da, beti ere gizadiaren egoera hobetzeko.
Hots egiten eta bizi ohi den maitasunari uko egiten zaio munduan. Jainkoak nahi duen zorionaren bila ibiltzeak jende asko gure kontra jartzea ekarri ohi du. Kristaua ez da jartzen munduaren kontra, ez da jartzen ongizatearen kontra; jende askok adoratzen dituen idoloen kontra jartzen da kristaua, zoriona ekartzen dutela jende askok pentsatzen duen idoloen kontra.
Esperantzaz bizitzeak berekin duen nekea onartzera gonbidatzen gaitu Jesusek. Jesusek garbi ikusi du, bekatuzko mundu hau desegin beharra dugula, egiazko mundua lortzeko.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizarentzat: beren bizia Jainkoaren aintzarako eta gizakien zerbitzurako eman dutenen lekukotzak adorez eta kemenez bete dezan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Ebanjelioari leial izateagatik, pertsekuzioa sufritzen dutenentzat: beren atsekabean leial eutsi diezaioten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Diru-gose direnenentzat: jakin dezatela, gizakiaren balioa ez dagoela zerbait edukitzean, baizik nor izatean. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gure parroki elkartearentzat: aurki dezala ebanjelioaren araberako bakea, jakinik bake hori ez dela izango gatazkarik gabea. Eska diezaiogun Jaunari.