URTEKO HOGEIGARREN IGANDEA C
Lehen irakurgaia
( Profeta liskar-bide )
Jeremi profetaren liburutik 38, 4-6 . 8-10
Jerusaleme setiatua zelarik, Jeremi preso zaukaten
4 buruzagiek erran zioten Zedeziaz erregeari:
“ Hil behar da gizon hori:
bere hitzez, herrian gelditzen diren gudariak
eta herritar guziak ez ditu etsiarazten baizik.
Ez da ari herriaren onerako, kalterako baizik.
5 Erregeak ihardetsi zioten:
“ Zuen esku duzue: erregeak ez dezake deus zuen kontra!”
6 Hartu zuten, beraz, Jeremi, eta presondegi atari ondoko
Melkias printzearen putzuan sartu zuten, sokaz jautsiz.
Putzu hortan ez zen urik, lohia baizik,
eta Jeremi lohian sarturik gelditu zen.
8 Jauregiko aitzindari bat, Ebed-Melek etiopiarra,
erregearenganat joan zen, eta erran zion:
9 “ Errege nere jauna, gaizki jokatu dira gizon horiek
Jeremi profetarekin: putzurat bota dute, eta han goseak hilen da.”
10 Orduan, erregeak manu hau eman zion Ebed-Melek etiopiarrari:
“ Har zurekin hiru gizon , eta atera zazu Jeremi profeta putzutik,
hil baino lehen.”
Jeremiren liburua irakurtzean, ohartzen gira gogoetatzeko eta auhendatzeko arrazoin onak
bazituela. Agertzen dira kapituluz kapitulu haren etsaien azpijokoak, hedatzen dizkioten arteak,
erraiten eta basaki egiten dituzten mehatxuak : “Jendea mehatxuka ari da ene kontra : Izialdura
inguruan ! Sala, sala dezagun !” Adiskideak berak ere beha ditut nik noiz hutseginen dutan. “Ea
engainatzen dugun –diote-. Orduan menperatuko dugu, mendekatuko gira hartaz”. (20, 10).
“Pentsa dezagun Jeremias nola gal… Belztu dezagun horren izena, ez-entzunarena egin diezaiogun
horren erranari”. (18, 18). Anatoth, bere sorterrian, hiltze mehatxuak entzunak ditu : “Anatoteko
jendea eni bizia kendu nahian dabil, Jaunaren izenean hitzegiten jarraitzen badut, beren eskuz
hilen nautela mehatxuka.” (11, 21) bai eta ere bere adiskide on batzuen abisuak : “Zeure etxekoek,
zeure anaiek ere, saldu zaituzte, hitzartu dira zuri erasotzeko. Ez fida horietan, hitz gozoak erraiten
badauzkizute ere” (12, 6).
Igande huntan liturgiak eskaintzen daukun pasaian, Jeremiren zorigaitzetarik baten aintzinean
gira, bere biziko gertakari berezi bat non aihergoak eta oraitan aipatu gaixtakeriak agertzen baitira :
“Hil behar da gizon hori : bere eleez, herrian gelditzen diren gudariak eta herritar guziak ez ditu
etsiarazten baizik. Ez da herriaren onerako, kalterako baizik…” Bainan Jainkoak ez du bere
profeta baztertzen ; bere dei egunaz geroz eman zion hitza atxikitzen du : denen kontra laguntzea.
Jainkoaren eta haren arteko elkargo bat zen zinez : “Hola mintzatu zitzaidan Jauna : Amaren
sabelean sortu aitzinetik hautatu zintudan; sabeletik atera aitzin kontsekratu zintudan eta profeta
izendatu nere mezua herrieri jakinarazteko”. Zu zaude prest manatuko dauzutan guzia adieraztera
joaiteko. Ez izan horien beldur; bestela, nihaurek zuri sartuko dauzut horienganako beldurra.
Gotorleku egiten zaitut gaur, burdinazko zutabe eta brontzezko hesi, herrialde guziaren kontra,
apez eta herritarren kontra. Kontra eginen dauzute guziek, bainan ez zaituzte menperatuko, zurekin
izanen bainaiz zure libratzeko. Nik, Jaunak errana.”(1, 4-5. 17-19). Eta Jeremi bereziki lotsatua zen
egun batez, Jainkoak bere misioa baieztatu zion eta lagunduko zuelako agintza berritu : “ Libratuko
zaitut gaizkileen eskuetarik, askatuko erasotzaileen menpetik” (15, 21).
Libratzailea, Jainkoak igorririk, kanpotar bat izanen da, Ebed-Melek izeneko etiopiar bat. Ez da
lehenbiziko aldia Bibliak populu hautatuko kideak baino idekiago diren kanpotarrak etsenplutzat
emaiten dauzkigula! Erregeari mintzatzeko kuraia badu etiopiar harek : “ Errege nere jauna, gaizki
jokatu dira gizon horiek Jeremi profetarekin : putzurat bota dute, eta han goseak hilen da!”
Haren eskuhartzea eraginkorra da : Jeremiren salbatzeko baimena emaiten dio erregeak.
Geroago Jesusek Zamaritar onaren parabola kondatuko duelarik, profeta lagundu zuen etiopiar hari
pentsatzen zuen beharbada. Gauza batek baino gehiagok hurbiltzen dituzte bi gizonak : Horra
liturgiako testuan emanak ez zaizkigun 11., 12. eta 13. bertsetak : putzutik profeta irriskurik gabe
ateratzeko, mila neurri hartuz profetaren laguntzera etortzen da paganoa. “Ebed-Melek jauregira
itzuli zen hiru gizonekin eta, jauntzi-biltegitik trapu zahar-puskak harturik, sokaz Jeremiri putzura
jautsi ziozkan, eta erran : “ Ezar trapu zahar horiek besapean, sokaren azpitik. Hala egin zuen
Jeremik, eta, sokatik tiraka putzutik atera zuten.” Aurki daitekea karitate anaikor maitagarriagorik ?
Horra, Jainkoaren hainbertze lekuko urratu dituen baitezpadako galdearekin buruz buru girela :
Zergatik Berri Ona hain gaizki hartua da ? Zergatik nehor ez da profeta bere herrian ? Seguraski
Jainkoaren amodioaren jakinaraztea, baldintza bati lotua baita: guk ere maitatzea.
Salmoa 39
leloa : Entzun, Jainkoa, otoi, entzun!
Zatozkit, Jauna, laster lagun!
Beha nindagon, Jauna, beha:
Eta ukurtuz entzun daut entzun intzirea.
Harek zilotik nau atera,
Lohi putzuen barnetik eman argitara.
Harri gainean nau ezarri,
Nere urratsak nausi dabiltzan guzieri.
Kantu berri daut ahoratu,
Jainko Jaunaren alderateko esker-kantu.
Ainitzek dute ikusiko,
Eta beldurrez Jaunaren baitan sinetsiko.
Dohakabe naiz, ezindua,
Bainan Jainkoak niganat luze du eskua.
Zu zaitut lagun, zu laguntza:
Zatozkit laster, ez otoi, Jauna, otoi, luza!
Pentsa dezagun putzu baten zolara eroria den bati : oihuka arizan da, otoizka, laguntza galdeka.
Arrazoinak ere eman ditu norbait laguntzera etor dakion (adibidez : hilik baino, bizirik baliagarriago
izanen nitzaizue!). Iduriz, batzu baziren samur ez zirenak hura ziloan ikusteaz eta irriz jokatzen
zirenak, bainan laguntza galdatzen jarraitzen zuen gizonak: norbait urrikalduko zelakoan azkenean.
Eta norbaitek entzun ditu haren oihuak, norbait etorri da haren libratzera, handik ateratzera.
“Norbait” hori Jainkoa bera da. Putzutik bizirat atera eta, gure gizona bozkariotan da ! “Jauna, ene
Jainkoa, oihuz laguntza eskatu dauzut, eta sendatu nauzu. Jauna, Herio-Leizetik atera nauzu;
hilobira jausten ari nintzela, biziberritu. Kanta Jaunari, haren fededunek, goretsazue, saindua dela
gogoratuz.”
Beti bezala salmoetan, bi irakurketa mail badira : kondatua zaukun ixtorioa, putzu batera eroria
den gizon batena da; bainan barnago hartuz, populu oso-osoa da mintzo dena edo hobeki erran,
kantuz ari dena, bozkarioz, Babiloniatik herirat itzuli ondoan. Babiloniako desterrua putzu batera
eroriko hilkor baten egitea bezala izan zen, eta ainitz ziren pentsatu zutenak Izrael ez zela xutituko .
Pairamen epe hortan guzian, bere apezek, bere profetek lagundurik, nola edo hala, populuak
itxaropen eta indar atxiki zuen laguntza galdatzeko (zoritxarrez bertset horiek ez ditugu igande
huntan entzuten): “Zuri dei egin nauzun, Jauna, zuri otoitz… Entzun, Jauna ! Urrikal nitaz ! Jauna,
zatozkit lagun !” (9. eta 11. bertsetak). Bere otoitzean, ez zen durduzatzen arrazoin guzien
erabiltzeko, adibidez : “Zer irabazten duzu ni hil eta” ezen salmo hau idatzia izan zelarik ez zuten
hilen piztean sinesten : pentsatzen zuten hilak deus gertatzen ez zen lurpeko egongia batean,
“sheol”-an zirela. Jainkoari erraiten zioten, orduan : “Zer irabazten duzu ni hil eta, ni hilobira
sartuta ? Hautsak zu goretsiko ote ? Zure leialtasuna jakinaraziko ote ?” (10. bertseta). Eta
mirakulua gertatu da. Jainkoak bere populua salbatu du : “Jauna, ene Jainkoa, oihuz laguntza
eskatu dauzut, eta sendatu nauzu. Jauna , Herio-Leizetik atera nauzu; hilobira jausten ari nintzela,
biziberritu…”
“Nigarra dantza bihurtu dautazu, dolujantzia bestajantzi”. Oraidanik, piztean sinesten duten
guziendako, judu eta girixtino, azken erranaldi hunek adiera berri bat hartu du : “Alleluia”
kantatzeko gogoa emaiten du. Juduek argitasun hau badute, “Alleluia” kantatzen hastean :
“Jainkoak ekarri gaitu esklabotasunetik askatasunerat, ilunduratik bozkariorat, dolutik besta
egunerat, ilunbetarik argi distiratsurat, menpekotasunetik salbamenerat. Horrengatik haren aitzinean
kanta dezagun “Alleluia!”.
Bainan ustegabetarik eror ditaike zilo batera, ohartu gabe. Hori gertatu zaio Izraeli, dio
salmogileak, eta Babiloniako desterruaren erakaspen handienetarik bat da segurki. Ordu arte,
Izraelek bizian konfiantza bazuen : “Lasaialdian hau pentsatu nuen: Ez naiz sekula kolokatuko”(7.
bertseta)… Profetek ahal zutena egin zuten, bainan populua ezazolkeriatik iratzartzea huts egin
zuten. Babiloniako desterrua inarrosaldi ederra izan zen : pentsatzen hasi ziren populuaren
zorigaitza ez ote zen lazakeriaren ondorioa. Salmo hau geroari buruz abisu bat bezala da. Aterabide
bakarra, ez berriz erortzeko, Jainkoarekilako elkargoan zintzotasunez bizitzea da oraidanik.
Bigarren irakurgaia
( Fedea gudu bat da, Jesusentzat bezala guretzat )
Hebrearreri epixtolatik 12, 1-4
Haurrideak,
1 hainbeste fedearen lekukoz inguraturik gaude.
Gu ere, libra gaitezen traba guzietarik,
eta hertsatzen gaituen bekatutik,
eta egin dezagun etsitu gabe galdegina zaikun lasterketa.
2 Beha diezogun fedearen iturri eta betetzaile den Jesusi.
Hunek, eskainia zitzaion zorionari uko eginik,
gurutzean hiltzea onartu zuen,
heriotze ahalgegarria zela konduan hartu gabe,
eta orai Jainkoaren tronuaren eskuinaldean jarria dago.
3 Gogoan erabil zazue
bekatarien aldetik halako etsaigoa jasan zuen hura,
nekatu eta etsi ez dezazuen.
4 Ez duzue orai arte bizia galtzeraino gogor egin
bekatuaren kontrako borrokan.
Letraren idazleak, pertsekuzioneak jasaiten dituzten girixtinoak kuraiatzen ditu.11. kapituluan,
Testamendu Zaharreko fededun handiak aipu ditu. “Hainbeste fedearen lekukoz inguraturik
gaude”. Har itzazue etsenplutzat : “Dena ahal du sinesten duenak” (Mk 9,23). “Fedea bazinute,
mustarda-hazia bezain ttikia izanik ere, pikondo huni erran zinezokete : errotik atera eta landa hadi
itsasoan, obedi lezauzueke” (Lk17,6).
Bizkitartean, idazleari ez zaio aski girixtinoak iraganeko fededun haundien fedeari eta
iraupenari jarraik daitezen, bainan dio : “Beha diezogun Jesusi”, beti oraikoa den lekukoari : “Ni
zuekin naiz egun oroz munduaren azken eguneraino” (Mt 28,20). “Fedearen iturri eta betetzaile”
da. Hari fida daiteke helbururat heltzeko; mendiko gidari batek bezala, bururaino eremaiten du.
Harek ere jasan du girixtinoek jasan beharko duten pairamen herstura, eta haietarik nehork
baino gogorkiago oraino. Zeren senargai bezala jina baitzen ezteietarat gomitatzera. Bainan
senargaia ez da ezagutua izan : “Hunek, eskainia zitzaion zorionari uko eginik, hiltzea onartu
zuen.” Filipoarreri gutunan, bertze molde batez erraiten du Jondoni Paulok : “Jainkogoa ukanik
ere, ez da gogor lotu Jainkoaren berdina izaiteari. Aitzitik bereaz hustu da, esklabogoa hartu, eta
jendeen iduriko bilakatu. Jende bezala agerturik, apaldu da, heriotzeraino obedituz, gurutzean
hiltzeraino” (Flp 2,6-8). Jauzi hori asma daitekea ? Jainkoaren Semea etorri da gizonak bekatutik
salbatzeko eta haieri biziaren ekartzeko; ezezko lazgarri bat ukan du, eta gizonen bekatuak hil du.
Obeditzea osoki fidatzea da. Hortan dauku bidea markatzen Jesusek. Oinazerik handienean,
kenka txarrenean, fidantzia badauka, Jainkoa hor baita, maite duen semeari erne, haren sofrikarioan
eta hersturetan parte hartuz : “Harek leial dirau, ez baitezake bere burua uka” (2Tm2,13).
Orduan Kristorentzat, Jainkoaren amodioaren garaipena etorri da:“Orai Jainkoaren tronuaren
eskuinaldean jarria dago.” Garaipen bera hitzemana zaie Kristok pairatu duen jazarpen bera
jasaiten duteneri : “Gogoan erabil ezazue bekatarien aldetik halako etsaigoa jasan zuen hura,
nekatu eta etsi ez dezazuen.” Idazleak durduzatu gabe erabiltzen du “borroka” hitza kuraia horren
izendatzeko : girixtinoek beren bizia irriskatzen dute beren fedea erakutsiz. Jesusek abisatuak zituen
: “Arrastatu eta gaizki erabiliko zaituztete; sinagogetara eta presondegietara eremanen, errege eta
buruzagien aintzinera neregatik….Zuen aitama eta anaiek berek, ahaide eta adiskideek berek
salduko zaituztete,eta zuetarik zenbait hilen… Iraupenaren iraupenez irabaziko duzue bizia” (Lk 21,
12…19).
Ohartzeko da Testamendu Berriko testuek zein garbiki aipu duten pertsekuzionea. Sinesteko da
komunzki hala gertatzen zela! Alta Jesusen dizipuluek atxiki dute, idazleak dion bezala : “Egin dute
etsitu gabe galdegina zaien lasterketa, behatuz fedearen iturri eta betetzaile den Jesusi.” Jesusen
garaipen hitzemana gogoan hartua zuten : “Gora bihotzak ! Mundua garaitua dut.” (Jn 16,33)
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Jesus, artzain onak, bere ardiak ezagutzen ditu
Eta ardiek ezagutzen dute : heientzat eman du bizia.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 12, 49-53
Jesusek erran zioten dizipulueri:
49 “ Lurrari su baten ekartzera etorria naiz,
eta zenbat nahiko nukeen jadanik piztua balitz.
50 Bataio batez bataiatua izan behar dut,
eta zer hersturan naizen hori bete arte!
51 Munduari bakearen ekartzera etorria naizela uste ote duzue?
Ezetz diozuet, izaitekotz berexgoaren ekartzera.
52 Zeren hemendik aitzina, etxe bateko bost lagun berexiko baitira:
53 hiru biren kontra eta bi hiruren kontra;
berexiko dira aita semearen kontra eta semea aitaren kontra,
ama alabaren kontra eta alaba amaren kontra,
amaginarreba errainaren kontra eta erraina amaginarrebaren kontra.
Lukek Ebanjelioa idazten duelarik, jadanik ikusten du Berri Onaren mezutzeak zer ondorio
ukanen duen (hemen aipu den “sua”, hori izan daiteke) : juduen ustetan Jesusen irakaspenak
judaismoa uzkaliko eta deuseztatuko zuen; paganoentzat aldiz zorokeria hutsa zen. Jondoni Paulok
korintoarreri idazten diote : “Mesias gurutzitzatua predikatzen dugu, juduentzat onartezina eta
paganoentzat erokeria dena.” (1Ko 1,23) Mezu iraultzaile horrek jendeak berexten ditu, familian
berean : “Aita semearen kontra, semea aitaren kontra, ama alabaren kontra eta alaba amaren
kontra…”
Jesusek berak badaki holako baten berri. Nazareth bere herriko sinagogan mintzatu zelarik,
herritarrek berek “herritik haizatu eta herria eraikia zen mendiaren hegi baterat ereman zuten,
hantik beheiti aurtikitzeko.” (Lk 4, 29) Juduek igurikatzen zuten Mesiasek ez zuen holakoa izan
behar. Aitzitik, harek ekarriko zuen bakea munduari. Ezagutua zen Izairen profezia eder hau :
“Harek jujatuko ditu nazioneak, erabakiko herrialde askoren auziak. Ezpatak golde bilakatuko
dituzte eta lantzak igitai…gerla egiten ez da gehiago ikasiko…”(Is 2,4) Eta horra Jesusek diola
:”Munduari bakearen ekartzera etorria naizela uste ote duzue ? Ezetz diozuet, izaitekotz
berexgoaren ekartzera.” Bainan bakea ez da hunkian ardiesten. Bihozberritzea eskatzen du. Horren
kontra dira altxatzen anitzak.
Bainan “sua” hedatuko den aitzin, Jesusek bataiotik pasatu behar du. Hitz horrek zer erran nahi
duen, lehen girixtinoek bazakiten. Jondoni Paulok idatzia zuen : “Ez ote dakizue bataioaz Jesu
Kristori lotuak izan girenak, haren heriotzeari izan girela lotuak. Bataioaren bidez harekin
ehortziak izan girenak, haren heriotzeari lotuak gira, Aitaren ahalaz Kristo hiletarik piztu den
bezala, guk ere bizi berria bizi dezagun.” (Erm 6,3-4) Jesus sofrikarioaren uretarik pasatu zen, bere
sua hedatu aitzin : “Gizonaren semeak anitz sofritu behar du; zahar, apezburu eta lege-irakasleek
arbuiatuko dute eta hilen; eta hirugarren egunean piztuko da.” (Lk 9,22)
Orai sua piztua da. Bi mila urte huntan Jesusen dizipuluen esku da. Haren lekuko, aitortu nahi
dute Jesusen mezua bakezko mezua dela orai. Joanes Bataiatzaileak errana zuen : “Eliasen izpiritu
eta indarrarekin Jaunaren aitzinean erabiliko da (Jesus), aitak beren haurrekin baketzeko eta
bihurriak zuzenen zuhurtziarat itzularazteko.” (Lk 1,17)