«Gizon hau ez da ari herriaren ongiaren bila,
baizik haren zoritxarraren bila»

Urteko 20. igandea C 2019-08-18

Titulu hau gaurko lehen irakurgaitik (Jeremias 38,4-6.8-10) hartu dut. Jerusalemgo agintariek Jeremiasez esaten dutena da. K.a.587an gaude. Hiriak urtebete darama Babiloniako armadak setiaturik, jendea goseak hiltzen ari da eta errenditzeko eskatzen ari da profeta. Abertzale nazionalisten ustez, herria desanimatzen dihardu profetak, herriaren zoritxarraren bila.

Horixe bera uste izango zuen jende askok Jesusek ebanjelioan (Lukas 12,49-53) esan zuena entzutean. Honen aurreko igandeetan otoitzaz, aberastasunez, adi bizitzeaz emandako irakaspenen ondoren; guk egin beharrekoaz ari diren irakaspen dira; datorren igandeko ebanjelioan bere buruaz ariko zaigu Jesus: beraren misioaz eta beraren zoriaz. Hain enigmatikoa da darabilen hizkuntza non, lehen mendeetatik jada, eztabaidagarri baita iruzkingileentzat hitz horien esanahia.

Ebanjelio hau ulertzeko, oso kontuan hartu behar da burubide edo mentalitate apokaliptikoa, zeinen partaide baita Jesus hein batean. Mentalitate horren arabera, mundu gaizto hau galdu beharrekoa da geroko mundu onari leku egiteko: Jainkoaren Erregetzari, alegia.

Lukasek garrantzizko aldaera batzuk tartekatu ditu mentalitate apokaliptiko horretan, eta Jesusen une desberdinetan jaulkitako hiru esaldi batu ditu: lehena eta hirugarrena Jesusen misioaz ari dira (su eman eta banaketa eragin); bigarrena Jesusen zoriaz ari da (bataio batetik igaro). Gaiak (misioa – zoria – misioa) antolatzeko era hau idazle biblikoen tipikoa da.

Misioa: su eman

Munduan sua piztera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko piztua balego!
Burura datorren lehen gauza, baso bat sutan ikustea da, edota gerratean sarritan ematen den fenomenoa: landak, fruitu-arboladiak, etxeak, hiriak… sutan ikustea. Ideia hau ondo ahokatzen da mentalitate apokaliptikoan: gaurko mundu hau suntsitu egin behar da, Jainkoaren Erreinua sor dadin. Sua Espiritu Santuarekin erlazionatzea bai zuzenagoa iruditzen zait interpretazio hau.

Zoria: heriotza

Bataiotik igaro beharra dut.
Irudi hau ere enigmatikoa da; izan ere, «bataiatu»k «garbitu» esan nahi du eskuarki; adibidez, platerak «bataiatu» egiten dira, hau da, garbitu. Ideia hau esleitu dio Joan Bataiatzaileak (baita beste judu asko ere Ezekiel profetaz gero) bekatuari: bataiokoan, pertsona bat Jordan ibaiko urean sartzen denean, bekatuak garbitu egiten dira; era sinbolokoan, urean sartzen den pertsona hil egiten da itorik eta pertsona berri bat irteten da. Bataioa hiltzearen parekoa da, bizitza berri batera jaiotzeko. Horrela ageri da Markosen ebanjelioan, Jesusek Joani eta Santiagori esaten dienean: Gai al zarete nik edan behar dudan kopa edateko edo bataiatzeko nik hartu beharra dudan bataioaz? (Markos 10,38). Jesusek ikusi du heriotza duela bere zoria, bizitza berri batera pizteko.

Misioa: banatu

Mundura bakea ekartzera etorri naizela uste al duzue? Ba, ez, baizik banaketa.
Hitz hauek hartzen ahal lirateke Jesusen jardueraren ondorio soil gisa: Jesusek, beraren irakaspenak eta beraren egitateek banaketa eragiten dute jendearen artean, Simeonek Mariari jada iragarria zion bezala: «haur hau ikurrin eztabaidagarri izango da».

Jesus, ordea, banaketa oso jakin batez mintzo da, familiaren baitakoaz, eta beste interpretazio baterako bide da hori: Jesus hain nahas-mahas handia (familiaren nahas-mahasak sinbolizatua) sortzera etorri da, non Jainkoak mundu hau desegitera etorri beharko baitu eta mundu berri bati bide eman. Interpretazio honek zentzurik gabea dela ematen du, baina komeni da gogora ekartzea Malakiasen liburuak bukaeran dakarren hau: «Nik Elias profeta bidaliko dizuet Jaunaren eguna iritsi aurretik, egun handi eta ikaragarria: berradiskidetuko ditu gurasoak seme-alabekin, seme-alabak gurasoekin, eta, horrenbestez, ez naiz ni ludia suntsitzera etorriko» (Malakias 3,23-24). Hitz hauekin bat, ludia egun handi eta izugarri batean suntsitzea pentsatu du Jainkoak. Hori egin behar ez izateko, Elias profeta bidaltzea erabaki du, zeinek harreman onak familian (gurasoak seme-alabekin, seme-alabak gurasoekin) berregingo baititu, gizarteko harreman onen sinbolo gisa: egoerak hobera egin du eta Jainkoa ez da sentitu ludia suntsitzera behartua.

Horren alderantzizkoa dio Jesusek: mundu hau suntsitu beharra da; horregatik, familiaren baitan banaketa eragitera etorri da bera.

Hiru esaldiak batzea

Zer esan nahi du Lukasek hiru esaldiak batzearekin? Jesusek oraingo mundu hau desagertzea nahi eta eragin duela, Jainkoaren Erregetzari bide emateko, baina aldaketa hori hertsiki erlazionaturik dagoela bera hiltzearekin.

Lukasen elkarteak, hitz hauek entzun zituenean, bere egoera propioa islarik ikusiko zuen, noski, hitz hauetan. Beraren arteko kide batzuen konbertsioak eragina zuen jada banaketa familian, semearen eta aitaren aurkaritza, alabaren eta amaren aurkaritza. Kristau ez zen jendeak esaten ahal zuen, beraz, Jesusez, Jeremiasez esana zen hau: «Gizon hau ez da ari herriaren ongiaren bila, baizik haren zoritxarraren bila»

Honek guztiak ba al du zentzurik guretzat?

Mezu apokaliptiko hau oso arrotz zaio gaurko gizakiari. Izatez, Lukasek ñabartu egin du eta aldatu Apostoluen Eginak liburuan: kristauok ez dugu zertan bizi munduaren azkenaren zain, nahiz eta egunero eskatuko dugun: «etor bedi zure erreinua»; geure egitekoa orain ebanjelioa mundu guztian zabaltzea dugu, apostoluek egin zuten bezala. Eta Jesusen bigarren etorreraren ideiak beste bati eman dio txanda: Jainkoaren eskuinaldean eseria den Jesusen garaipena.

Halaz guztiz, bere burua etorkortzat ematen duen gure hau bezalako gizartean berean, Jesusek banatzaile izaten jarrai dezake. Lehen elkarte haien etsenpluak, zailtasun guztiak gorabehera Jesusengan konfiantza izaten jarraitu zuen haienak, animagarri eta adore emaile izaten jarraitu beharko luke.

***

Zorioneko halabehar bat dela medio, bigarren irakurgaiak (Hebrearrei 12,1-4) badu nolabaiteko zerikusi bat ebanjelioarekin: Jesusen zoriak adibide eta etsenplu izaten jarraitzen du kristauentzat. Ekitearen irudia erabili zuen jada Paulok: ikuskaria kontenplatzen duen ikuslez beteriko estadio bat.

Jesus, edozein atleta gisa, gogor entrenatu da ukapen eta sakrifizio asko jasanez; badaki, gainera, kontrako ingurumen batean lehiatu beharko duela, ikusleen jazarpen eta txistu artean. Baina ez du etsi: uko egin dio ongizateari, jasan du, eutsi dio eta garaipena izan du bere azkena.

Orain guri dagokigu txanda egitea. Oztopo den guztia erantzi behar da, lasterketa egin behar da nekatu gabe, adorea galdu gabe.

José Luis Sicre