Sua, bizia eta banaketa (2016-08-14)
Urteko 20. igandea C
Gaurko honen aurreko igandeetako Jesusen irakaspenek −otoitzaz, aberastasunez, zain-zain bizitzeaz− guk egin beharrekoa izan dute ardatz. Gaurkoan, berriz, bere buruaz mintzo zaigu Jesus: bere misioaz eta bere zoriaz. Hizkuntza guztiz enigmatikoaz mintzo da; hain zuzen, lehen mendeak geroz eztabaidan ari dira iruzkingileak hitz hauen esanahiaz.
Gaurko ebanjelioa ulertu ahal izateko oinarria da burubide apokaliptikoa, Jesusek berak ere hein batean arnastu zuena, kontuan hartzea. Burubide haren arabera, gaitzaren munduak desegin beharra du, geroko mundu onari, Jainkoaren Erreinuari, lekua uzteko.
Lukasek garrantzizko zenbait aldaketa itsatsi ditu burubide honetan, Jesusek une desberdinetan jaulkitako esaldiak bateratuz: lehena eta hirugarrena Jesusen misioaz mintzo dira (su eman eta banaketa eragin); hirugarrena, berriz, haren zoriaz (bataiotik pasatu). Gaiak antolatzeko era hau (misioa – zoria – misioa) oso tipikoa da Bibliako autoreengan.
Misioa: su eman
Munduari su ematera etorri naiz, eta ai balego sutan dagoeneko!
Burura datorkigun lehenengo gauza baso bat sutan ikustea da edota gerratean sarritan gertatzen dena: landa, fruitu-arbolak, etxeak, hiriak… sutan ikustea. Ideia hau ondo ahokatzen da burubide apokaliptikoan: oraingo mundu hau desegin behar da, Jainkoaren Erreinua jaio dadin. Interpretazio hau zuzenagoa dela iruditzen zait, sua Espiritu Santuarekin erlazionatzea baino.
Zoria: heriotza
Bataio batetik pasatu beharra dut.
Irudi hau ere enigmatikoa da, misteriotsua; izan ere, «bataiatu» hitzak, eskuarki, «garbitu» esan nahi du; adibidez, platerak «bataiatu» egiten dira, hau da, garbitu. Ideia hau, Joanek (eta judu askok Ezekiel profetaz gero) bekatuari aplikatu edo esleitu dio: bataiokoan, pertsona bat Jordan ibaian sartzen denean, garbitu egiten dira haren bekatuak; aldi berean, urean sartzen den pertsona hil egiten da itorik, modu sinbolikoan, eta pertsona berri bat ateratzen da. Bataioa, orduan, hiltzearen eta bizitza berri batera pasatzearen pareko da. Horrela darabil Jesusek Markosen ebanjelioko pasadizo batean, Joani eta Santiagori Jesusek esan dienean: «Gai al zarete nik edan behar dudan kopatik edateko edota bataiatzeko nik hartu behar dudan bataioaz?» (Marcos 10,38), Jesusek, ordurako, ikusia du, bere zoria heriotza izango duela bizi berri batera pizteko.
Misioa: banatu
Uste al duzue, mundura bakea ekartzera etorri naizela? Ez, baizik banaketa.
Hitz hauek interpreta litezke, Jesusen jardueraren ondorio soil gisa: Jesusek berak, haren irakaspenak eta haren egintzek banaketa eragiten dute jendearen artean, jadanik iragarria zionez Simeonek Mariari: «haur hau bandera eztabaidatua izango da».
Jesus, ordea, banaketa zehatz batez ari da, familiaren barnekoaz, eta horrek beste interpretazio bat faboratzen du: hartarainoko nahas-mahas handia (familiako nahas-mahasak sinbolizatua) eragitera dator Jesus, non Jainkoak mundua desegitera etorri beharko baitu, mundu berri bati bide emateko. Zentzurik gabeko interpretazioa dela ematen du, baina komeni da kontuan hartzea zer datorren Malakias profetaren liburuaren bukaeran: «Nik Elias profeta bidaliko dizuet Jaunaren eguna, handia eta izugarria, iritsi aurretik: baketuko ditu gurasoak seme-alabekin, seme-alabak gurasoekin; beraz, ez naiz etorriko mundua suntsitzera» (Malakias 3,23-24). Hitz hauekin bat, Jainkoak pentsatua du lurra desegitea egun handi eta izugarri batean. Halaz guztiz, halakorik egin behar ez izateko, Elias profeta bidaltzea erabaki du, familian harreman onak ezarriko dituena (gurasoak seme-alabekin, seme-alabak gurasoekin), gizarteko harreman onen sinbolo gisa: egoerak hobera egin du eta Jainkoak ez du ikusi lurra suntsitu beharrik.
Jesusek guztiz kontrakoa esan du: mundu honek bukatu beharra du; horregatik, familiaren baitan banaketa ezartzera etorri da bera.
Hiru esaldiak bateratu
Zer adierazi nahi digu Lukasek hiru esaldi hauek bateratuz? Jesusek
oraingo mundu hau desegitea opa eta eragin nahi duela, Jainkoaren Erreinuari lekua egiteko, baina aldaketa hori hertsiki loturik dagoela bere heriotzarekin.
Honek guztiak ba al du zentzurik guretzat?
Mezu apokaliptiko hau oso arrotz gertatzen zaio gaur egungo gizakiari. Izatez Lukasek ñabartu eta aldatu egin du Apostoluen Eginak liburuan: kristauok ez dugu egon behar munduaren azkenaren zain, nahiz eta egunero eskatu behar dugun «etor bedi zure erreinua»; gure egitekoa, orain, mundu guztian ebanjelioa zabaltzea da, apostoluek egin zuten bidetik. Eta Jesusen bigarren etorreraren ideiak beste desberdin bati uzten dio lekua: Jainkoaren eskuinaldean aintzatua izan den Jesusen garaipenari.
***
Zorioneko ustekabe batengatik, bigarren irakurgaiak nolabaiteko erlazio bat ageri du ebanjelioarekin: Jesusen zoria adibide bat da kristauentzat. Agur esatearen irudia erabilia zuen jada Paulok, eta bereziki gaur-gaurkoa da Olinpiaden egun hauetan: estadio bat ikuslez betea ikuskaria ikusten.
Jesus, beste edozein atleta bezala, gogor entrenatzen da bere buruari ukapen eta neke asko ezarriz; badaki, gainera, ikusleek, kontra eta etsai, txistu egiten diotela lehiaketa baten ingurumari batean parte hartu beharko duela. Baina ez da izutu: ongi bizitzeari uko egin dio, eutsi dio, jasan du, baina azkenean garaile atera da.
Orain, guri dagokigu hari txanda egitea. Erantzi beharra dugu oztopo dugu guztia, nekatu gabe eta animoa galdu gabe korri egin ahal izateko.
Irakurgaia Hebrearrei egindako gutunetik (12,1-4)
Anai-arrebok:
Hainbat eta hainbat lekukok inguraturik gaude. Beraz, astindu dezagun oztopo zaigun guztia eta lotzen gaituen bekatua; eta ekin diezaiogun etsi gabe lasterketari, atzera egin gabe. Jar ditzagun begiak geure fedearen iturburu eta betetzaile dugun Jesusengan; honek, mementoko gozamenari uko eginez, gurutzean hiltzea onartu zuen, heriotza lotsagarria mespretxatuz, eta orain Jainkoaren tronuaren eskuinaldean eseria dago. Gogora ezazue, bada, bekatarien eraso gogor hura jasan zuen Jesus; ez adorea galdu, ez etsi. Ez zarete iritsi oraindik odola isurtzera bekatuaren kontrako zeuen borrokan.
José Luis Sicre