Urteko 20. igandea C 2019-08-18
HOMILIA

Anai-arrebok!

Latza izan zen Jeremias profetaren bizitza. Behin baino gehiagotan utzi nahi izan zuen alde batera Jainkoak eman zion egitekoa. Baina ezin. Barruak aurrera jarraitzeko eskatzen zion.

Gaurko lehen irakurgaian ageri da Jeremiasek jasan zuen bizitza latzaren adibide bat. Israel herriaren hiriburua zen Jerusalem. Babiloniarrek noiz inbadituko zain dago. Bertako buruzagiak itsuturik daude. Uste dute, Egiptoren laguntzarekin hondatuko dutela babiloniarren gudarostea. Jeremiasek begiak irekitzeko eskatzen dio herriari: alferrik ari dira zuen buruzagiak.

Eta salaketa handia: «Gizon hau ez da ari herriaren alde, baizik aurka». Eta putzu sakon batean sartu dute. Eskerrak norbait buru sanorik baden; gauez putzutik atera du.

Gaurko ebanjelioa irakurrita, pentsatzekoa da eta ulertzekoa, Jesusez ere gauza bera esango zutela Jerusalemgo buruzagiek. Erreparatu zer dioen Jesusek: lehenik, «mundura sua ekartzera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoneko sutan balego»; bigarren, «bataio batetik igaro beharra dut, eta hau larria hori bete hartu!», eta hirugarren, «bakea ekartzera etorri naizela uste al duzue? Ez, baizik eta banaketa».

Oso interesgarria gertatu zaizkit, igandeko irakurgaiez hainbat jende konprometituk egin dituen komentariotxoak. Begira:

Batek dio: «inor ez besoak gurutzaturik».
Beste batek: «Lehen begiratuan, sua eta bakerik eza kontzeptu negatiboak dira, baina Maisuak sinbolo enigmatiko hauek proposatu dituenean, gure arreta esnatzeko izan da».
Hirugarren batek: «Jesusen predikuak piztu du jada su hori».
Laugarren batek (Sicrek): «Gizon hau ez da ari herriaren onerako, baizik eta kalterako»
Bosgarren batek (Marcosek): «Ezin izan da egiazko bizitzarik, borroka eboluzio-eragilerik gabe».
Seigarren batek (Pagolak): «Surik gabe ezin da… Baina zertaz mintzo da Jesus?»
Zazpigarren batek: «Zein suk erretzen gaitu? Zein bakeren bila gabiltza?

Lehenik eta behin, sua. Uda-partean entzuten ditugun suteez ari al da Jesus? Hainbat eta hainbat hektarea erretzen duen suteaz? Egia esateko, ez da horretaz ari. Baina bai horren hurbileko zerbaitez. Jesusek esan nahi du: oraingo mundu hau erre egin behar dela, oraingo mundu-era hau suntsitu egin behar dela. Zergatik eta zertarako? Jainkoaren Erreinua sortzeko. GURE AITAn, «etor bedi zure Erreinua esaten dugunean, horixe bera esaten dugu. Bat al gatoz horretan Jesusekin?

Bigarren, bataio batetik igaro beharra dut. Zer esan nahi du bataio horrek? «Bataiatu» hitzak, berez, «garbitu» esan nahi du. Adibidez, «platerak garbitu». Joan Bataiatzaileak bekatuari aplikatu zion «bataiatu» hitza, bekatuak garbitu esateko. Sinbolikoki esan nahi du, urean sartu eta ito egiten dela bat, pertsona berri bezala irteteko. Jesusek ikusi du hil beharra duela berak, bizi berri batera jaiotzeko

Hirugarren, bakea ekartzera ez, baizik jendearen artean banaketa ezartzera etorri naiz. Simeon agureak esana zion Maria: haur hau bandera eztabaidatua izango da. Jesus sinesteak, Jesusen mezua sinesteak, Jesus bezala bizitzeak, banaketa eragingo du; familiaren baitan ere: batzuek Jesus sinetsi, besteek ez. Zorakeria ematen du. Baina Jesusek badaki, munduaren gaurko biziera hau ez dela zuzena: hautsi eta desegin egin behar dela. Horregatik etorri da banaketa eragitera. Mundu berri bat sortzeko.

Lukas ebanjelariak bere garaiko kristau-elkarte batentzat idatzi zuen hau. Kristau-elkarte hark bizi zuen jada Lukasek aipatzen duen esperientzia: elkarte hartan, banandurik bizi ziren familiak. Batzuk Jesusen jarraitzaile, besteak auskalo zer.

Eta guretzat? Gure egitekoa ebanjelioa zabaltzea da mundu osoan. Apostolu eta misiolari izatea dagokigu. Kristoren garaipena segurtatua dugu. Bitartean, nahigabea ezin saihestu. Halere, ezin bizi gara konplexuz eta errezeloz eta beldurrez beterik. Txindokira joateko bide asko daude. Kristogana modu askotara joan daiteke. Gauza bakarra esango nuke kontuan hartu beharrekoa gaurko irakurgaien inguruan, Markos gaur egungo teologoari jarraituz: «Ezin izan da egiazko bizitzarik, borroka eboluzio-eragilerik gabe». Bizitza eboluzio bat da, egiten eta egiten joate bat. Zuhaitz edo arbola batek, eder izatera iritsiko bat, arreta handia eskatzen du: ura eman beharra, ongarria eman beharra, kimatu beharra… Hitz batean esateko, gizakiak elikatu beharra du, ez gari-ogiaz bakarrik, baita Kristo ogiaz ere; kimatu beharra izaten du, hau da, ustekabean edo nahita erantsi zaizkion gauza asko kimatu beharra; batez ere, jantzi berriz janzten joan beharra. Moda bakarra Jesusen janzkera duelarik.

Gogora datorkit Unamuno ateo handi eta fededun handiagoaren otoitza:

«Aita, handitu atea,
ezin naiz igaro-eta,
haurrentzat egin zenuen,
ni hazi egin naiz gogoz kontra.
Handitzen ez badidazu atea,
bihur nazazu neu txiki, mesedez…»

Dionisio Amundarain