Urteko 20. igandea A (2017-08-20)
SARRERA
Anai-arrebok, urteko 20. igandea ospatzen dugu gaur. Liturgiako aro nagusietan –abendualdia, eguberrialdia, garizuma, aste santua, pazkoaldia– salbamen-historiako misterio nagusiak ospatu genituen. Urtekoa deitzen dugun aldi honetan, berriz, Jesusen Ebanjelioa hari gara bizitzen, igandez igande, dosi txikiak hartu, hausnartu eta biziz.
Gaurko honetan, beste behin, paganoa den emakume baten ahotik, fede-aitorpen handi bat entzungo dugu. Jesus bera ere txunditurik utzi duen fede-aitorpena da: «txakurkumeek ere jaten dute nagusien mahaitik erortzen den ogi-apurrik», erantzun dio emakume kanaandarrak Jesusi. Esan nahi da, edozeinen bihotzean eragin dezakeela eta ereiten duela Jainkoak fedearen dohaina. Are gehiago, fedea dela funtsezko baldintza, Jainkoaren seme-alaba izateko.
Jesusen Espirituak isuri dezala guztion bihotzera bere argi argitzailea.
LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (56,1.6-7)
Gaurko pasarte hau zabalago hartu beharko genuke; gutxienez, 56,1-8 hartzen dituela.
Isaiasen 2. liburuan (Is 40-55), behin eta berriz jaso du Israel herriak promesa, Babiloniako erbestealdia bukatuko dela. Segidan, gaur hasiko dugun 56. kapitulutik aurrera, erbestetuak Jerusalemen ageri dira; bukatu da erbestealdia. K.a. 5. mendearen bigarren erdi-aldian daude.
Alabaina, Jerusalemeko egoera ez da arrosazkoa. Arazo materialez gain, erlijioaz dituzten ikuspuntu desberdinak ageri dira: batzuek erbestealdi aurreko egoerara itzuli nahi dute, Tenpluko kultua mamitzat hartuz; beste batzuek, Tenplurik gabe bizitzen ohitu direlako, nahiago Tora edo Legea irakurtzeari eman. Badute beste arazo bat ere: nolako harremanak izan atzerritarrekin, judu ez direnekin; antzinako legedian, erabat bazterturik zeuden atzerritarrak; alabaina, erbestean bizi izan direnean, judu ez direnekin bizi beharra izan dute.
K.a. VII. mendean bizi izan zen Isaias profeta hark baditu V. mendearen azken aldi honetan bere ikasleak. Hauen ikuspegia dakar lehen irakurgai honek, esanez: gizon-emakumeen unibertsaltasuna da giza bidea, Yahveren bidea. Beste israeldar batzuen itxitasunaren kontra, irekidura hots egiten dute. Ez da, ordea, konpromiso diplomatiko batean oinarrituriko irekidura edo unibertsaltasuna; zuzentasunean oinarritua da.
BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei gutunetik (11,13-15.29-32)
Paulok egundoko kezka sortzen dion arazoa aipatzen du gaurkoan ere: Jainkoak alde batera utzi ote ditu bere herritar dituen juduak?
Halere, esperantzadun jarraitzen du Paulok. Juduek Jesusi uko egin badiote, ez du merezi denbora galtzea haiek erakarri nahiz. Berak egin behar duena, Jesusen berri paganoei ematea da. Hauek Jesusen bidea onartu eta onetsiko dutenean, juduengan zeloa, inbidia, sortuko da; azkenean, Jainkoaren asmoari atxikiko zaizkio juduak ere.
Badaki Paulok, Jainkoak eginahalean jarraituko du paganoak nahiz juduak salbatzeko. Horra esperantzaren sustraia. Horretarako, erantzukizun handia dute paganoek: hauen sinesmenak sinesmenera eragingo die juduei.
Hitza bera erabili gabe, Paulok «santuen komunioa» du gogoan, gizon-emakume guztien elkartasuna. Pertsona baten biziera eragile eta bizi izango da besteentzat.
EBANGELIOA Mateoren liburutik (15,21-28)
Jesus Palestinatik kanpora irten da: Tiro eta Sidon aldera. Zergatik? Segur aski, apaiz, lege-maisu eta fariseuengandik jasaten ari den presioagatik; arnasa-apur bat hartzeko.
Ikusgarria da emakume paganoarekin izan duen jokabidea. Emakumea laguntza eske. Jesusek kasurik ez. Emakumeak aurrera etsi gabe. Jesusek amore eman behar azkenean emakumeak agertu duen fedearen aurrean.
Emakumeari, kanaandarra deitzen dio Mateok. Itun Zaharrean paganoei ematen zitzaien izena da. Gauza bera gertatzen da paganoei txakurra deiturarekin; gure artean izan duen bezalaxe, juduen ahoan ere esanahi iraingarria zuen txakurra deiturak.
Beste behin, Jesusek fedeari ematen dion indarra ageri da: emakumeak, paganoa izanik ere, aitortu dio Jesusi bere judu-izaera: «Daviden Semea» esan dio; orobat eman du ontzat emakumeak, Jesusentzat lehentasuna juduek izatea: «Arrazoia duzu, Jauna, baina txakurkumeek ere jaten dituzte nagusien mahaitik eroritako ogi-apurrak». Aitorpen honek erabat desarmatu du Jesus.
Azkenik, kontuan hartzekoa da ogiaren aipamena. Zentzu sinbolikoa du hemen. Jesusek banatzen duen ogia, materiala baino gehiago, espirituala da: Erreinuaz ematen duen irakaspena.
Gauza anekdotiko gisa, hona Sicre bibli jakitunaren ateraldi bat, ebanjelio honetako emakumearen jarrera komentatzean: Emakume batzuekin Jainkoak berak ere ezin atera du atarramendu onik.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztion alde: gizon-emakume guztiengan ageri diren balio gizakoi, kultural, erlijioso eta bizidunak aintzat hartzeko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Esperantza-apurtxo bat bakarrik dugunok, lehiatu gaitezen, erleak bezala, besteen hosto eta lore artean xurgatzen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gerlan ari diren herrien alde: beren arteko aldeak gainditurik, azter ditzaten gerla horien benetako kausa, sustraia eta eragileak. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gaur mundu osoan Eukaristia ospatuko dugun guztion alde: misterio horren muina, Jesusen heriotza eta piztea, hausnartzeak, gaurko mundura begira, aztertzera eta jokatzera eragin diezagun. Eska diezaiogun Jaunari.