URTEKO 2. IGANDEA C (2016-01-17)

SARRERA

Senideok, Eguberrialdiko jaiak bukaturik, URTEKO deitzen dugun aldia hasten dugu gaur; alabaina, hemendik hiru aste eta erdira GARIZUMA hasiko dugu.
Gaurko hau URTEKO igandea izan arren, gaurko ebanjelioak badu loturarik eguberrialdiarekin: Jesusen mirarizko lehen seinalea dakarkigu ebanjelioak: eguberri-egunean bezala, epifania-egunean bezala, bataio-egunean bezala, Jesusek mundura zertara etorri den agertuko digu seinale honekin; eztei-egunetan, ardoa falta zaielako, estutasunean diren ezkonberriei lagunduz, gizon-emakumeok salbatzera etorri dela agertu nahi digu. Batez ere, ordea, Itun Zaharreko legalismoak eta erritualismoa ez gaituztela salbatu adierazi nahi digu gaur ebanjelioa; Jesusek dakarren ardo berri dastatzeak salbatuko gaituela.
Horrenbestez, gaurko ebanjelioa ere JESUSEN AGERPENA da. Bera da egiazko salbatzailea eta askatzailea.
Bestetik, astelehenean, hilaren 18an, hasi eta urtarrilaren 25a arte, mundu osoan kristau guztien batasunaren zortziurrena ospatuko dugu. Garrantzizkoa dugu kontuan hartzea batasun honen garrantzia. Izan dezagun gogoan, Europa osoa bezala, mundu osoa ari dela bila zein izan daitekeen batasun horren egiazko oinarria. Segur aski, kristau guztiok bat egingo bagenu, Jesusen ebanjelioaren balioak sostengu edo oinarri onak izango lirateke batasun horretarako. Erreferente ona izango litzateke Jesusen ebanjelioa
Eska diezagun Espiritu Santuari argitasuna batasun horretara iritsi ahal izateko.

LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (62,1-5)

Biblian askotan agertzen dira Jainkoaren eta gizakiaren arteko harremanak senar-emazteen harreman bezala: Jainkoa senarra, herria edo gizakia emaztea.
Horixe bera dakarkigu gaurko irakurgai honek ere. Kasu honetan Jerusalem hiria da emaztea. Eta Jerusalem hiri hori gizadiaren irudia da.
Profeta honen arabera, Jerusalem hiri hori andregaia da; urduri dago andregaia noiz iritsiko ote den eztei-eguna. Senarra, berriz, Jainkoa da; egunsentia noiz etorriko zain-zain dagoen eguzkia da senarra.
Azkenean, iritsi da eguna, iritsi da salbazioa, iritsi da askapena. Bukatzeko, hau dio: «Senarrak emaztearekin izaten duen poza izango du Jainkoak zurekin». Gaurko ebanjelioan, Jesus, ikasleak eta Andre Maria Kanako ezteietara joan direla esatean, Itun Zaharreko irudi handi hori jaso nahi izan du ebanjelariak hondo-hondoan.

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen gutunetik (12,4-11)

Jainkoak gizon-emakume guztiei ematen dizkien dohainez mintzo zaigu Paulo. Dohain horiei karisma deitu ohi zaie. Dohain hitzak bezala, doan emandako ahalbide eta erregalu direla esan nahi du karisma hitzak.
Pertsona batek era bateko dohainak hartzen ditu; besteak beste era batekoak. Baina denak Jesusen Espirituak emandakoak dira. Ez dira norberaren probetxurako emanak. Elkartearen onerako dira.
Esan nahi da, pertsona bakoitzak beste pertsonak dituela helburu; besteentzat lan egin behar duela. Hitz hauek dakartza Paulok konklusiotzat: «Espiritu batek eta berak egiten du hau guztia, bakoitzari berak uste duen bezala banatuz».

EBANJELIOA San Joanen liburutik (2,1-11)

Sarrerakoan esan bezala, Eguberrialdiko hariari eutsi nahi dio ebanjelio honek. Jesus zertara datorren agertzen du: mundua salbatzera, alegia. Ebanjelioa ere agerpena da, beraz.
Joanen ebanjelioari «seinaleen liburua» deitu ohi zaio. Hain zuzen, liburu horrek Jesusek egindako zazpi seinale dakartza. Gaurkoa da lehenengoa: ezteietan ardoa falta delarik, ura ardo bihurtu du.
Seinale honetan, besteetan bezala, inporta duena ez da emaitza bera, baizik eragin duen ondorio teologikoa: seinale hori ikustean, ikasleek sinetsi egin dute Jesusengan. Fedea: hori da beti gogoan izan behar duguna. Egiazko fedea, benetakoa. Jesusenganako konfiantza.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau-eliza guztien alde: fedearen oinarriak aztertzen saia daitezen, guztiak batasunera iristeko. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Jesu Kristogan sinesten dugunon alde: besteen aurrean testigantza ona eta erakargarria egin dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Afrikako, Asiako eta mundu osoko gerlak eta gatazkak onik buka daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduan den krisialdia bukatzeko, gizon-emakume guztien bihotzean zentzutasun pixka bat erne eta handitu dadin. Eska diezaiogun Jaunari.