URTEKO BIGARREN IGANDEA C
Lehen irakurgaia
( Jainkoaren eta populuaren arteko ezkontza )
Izai profetaren liburutik 62, 1-5
1 Zionengatik ez naiz ixilduko,
Jerusalemengatik ez naiz geldirik egonen,
haren zuzentasuna, goiz-argia bezala, agertu arte,
eta haren salbamenduak, argiak bezala, distiratu arte.
2 Herriek ikusiko dute zure zuzentasuna,
eta errege guziek zure ospea.
Izen berria ezarriko zaizu, Jaunak berak emana.
3 Jaunaren eskuan korona eder izanen zira,
zure Jainkoaren esku zabalean errege korona.
4 Ez zaituzte gehiago deituko “Utzia”,
ez eta zure lurraldea “Basamortua”,
“ Ene atsegina” deituko zaituzte,
eta “Ene emazte” zure lurraldea,
Jaunak zure baitan izanen baitu atsegin,
eta zure lurraldea emaztetzat hartuko.
5 Mutila neskatxarekin ezkontzen den bezala,
hala ezkonduko da zurekin zure eraikitzailea;
senarra emaztearekin pozten den bezala,
hala poztuko da Jainkoa zurekin.
Hori bai amodio aitorpena ! Eta nor da ba, mintzo den ezkongai hori, maiteminez ixilik ezin
egona : ”Ez naiz ixilduko” ? Jainkoa bera. Bost mende Jesu Kristo aitzin, Izai profeta jadanik
horraraino bazoan ! Testo hau “Jainko amodioaren olerkia” deitzen ahal litake.
Bibliako Agerpenaren hastapenean, Testamendu Zaharreko lehen testoek, mintza-molde hori
ez dute batere erabiltzen. Behar zen lehenik, gizonaz bestelakoa zen Jainko bat aurkitu eta haren
Elkargoan sartu. Jesu Kristo aitzineko zortzigarren mendean, Oze profeta lehena izan zen, Izrael
populua emazte-ezkonduari konparatu zuena, eta populuaren leialtasun-eza -erran nahi baita
idoloeri buruz berriz itzultzea- ezkontza-haustearen pare ezarri zuena. Haren ondotik, Jeremiasek,
Ezekielek, Izai bigarrenak eta hirugarrenak (egungo irakurgaia), Jainkoaren eta bere populuaren
arteko ezkontzaren ideia hau hedatu zuten. Ezkongaien arteko eta ezkontzako hitzak erabiltzen
dituzte : izen samurrak, eztei jantzia, andere esposaren korona, leialtasuna, bainan ere bekaizkeria,
ezkontza-haustea, berriz elgar aurkitzea.
Jainkoak izen berri batzu emaiten diozka Jerusalemeri :”Utzia” bilakatzen da ”Ene
atsegina”; “Basamortua” bilakatzen da ”Ene emazte”. Judu populuak uste baitzuen zinez Jainkoak
utzia zuela. Jainkoa gutaz axolatzen balitz, zioten, gauzak hobeki joanen ziren. Esperantza eskas
horren garaitzeko, Izaik, Jainkoak argiturik, testo miresgarri hau ateratzen du : ez, Jainkoak ez du
bere populua ahantzi, ez-eta ere bere hiri saindua. Denbora guti barne jakina izanen da ! “Mutila
neskatxarekin bezala, hala ezkonduko da zurekin zure eraikitzailea; senarra emaztearekin pozten
den bezala, hala poztuko da Jainkoa zurekin.”
Salmoa 95
Leloa: Ekar Jaunari, kantuz ekar, herri guziek, ospe indar!
Kanta Jaunari kantu berri, Kanta guziek herriz herri!
Hura goraipa herriz herri, Eman lurrez lur haren berri!
Handi dugu bai handi Jauna: Hari zor zaio goresmena.
Jauna ditaken handiena, Zerua Jaunak du egina.
Ekar Jaunari, kantuz ekar, Herri guziek ospe, indar.
Jaunak izena hain du azkar, Zor goresmenak kantuz ekar.
Sar haren baitan ahuspeka. Mundu guzia has oihuka:
Jainko da Jauna, ezin uka. Herriak zuzen derabilzka.
Salmo hau amets eder bat da : munduaren azkenetarat geramatza. Munduko herri guziek
Izraelen Jainkoa beren Jainkotzat hartu dute. Herri eta arraza guziak Jerusalemeko tenplorat bildu
dira. Jende oste hori Jainkoaren goresten ari da. Zer kantatzen du ? “Jainkoa da Jauna !” Oihu bat
bazter guziak dardararazten dituena, ederra baino ederragoa, sekula entzun ez dena.
Salmo hau osorik ezarria balitz hemen, hau ere irakur ginezake : ez bakarrik munduko herri
guziek, bainan ere izadi guziak egiten du kantu eta irrintzin, bakotxak bere gisan : itsasoak orro,
zuhaitzek dantza…
Eta zergatik hori guzia ? Berri Ona oihukatua izan baita mendez mende, munduaren azken
mugetaraino : Izraelek oihukatu du Jainkoa bakarra dela, libratzailea, maitekorra. Hori da Izraelen
mixterioa : hazia han bota du Jainkoak, eta uzta mundu guzian egiten da.
Bigarren irakurgaia
( Jainkoaren dohainak desberdinak, batasunaren zerbitzuko )
Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 12, 4-11
Haurrideak,
4 ainitz gisetako dohainak badira, bainan Izpiritu bera.
5 Ainitz gisetako zerbitzuak, bainan Jaun bera.
6 Ainitz gisetako egintzak, bainan Jainko bera,
guzietan guzia egiten duena.
7 Bakotxari guzien onerako emana zaio
Izpirituaren agertzeko dohaina.
8 Bati zuhurtziaz hitz egitea emana zaio Izpirituaren bidez;
beste bati, Izpiritu beraren arabera, jakitatez hitz egitea;
9 beste bati, Izpiritu beraren baitan, sineste-dohaina;
beste bati, Izpiritu bakarraren baitan, sendatzeko dohaina;
10 bati, mirakuiluak egiteko ahala;
beste bati profeta egitea,
beste bati izpiritu faltsuak eta egiazkoa berextea,
besteari hizkuntza arrotzez mintzatzea;
eta beste bati hizkuntza horren erran-nahia adiaraztea.
11 Horiek guziak, ordea, Izpiritu bakar eta berak egiten ditu,
bere dohainak nahi duen bezala bakotxari emanez.
Korintiarreri gutuna, gaur-gaurkoa da : nola egin girixtino egoiteko mundu hunen erdian,
zeren hunen baloreak ez baitira batere berak ? Nola berex girixtino fedearen alde doatzin gogoetak?
Nola bizi, girixtino ez direnekin, maitasunari huts egin gabe, bainan ere gure arima galdu gabe,
erraiten den bezala ? Seksuaz eta diruaz mintzo dira gure inguruan…nola eskain Berri Ona ?
Berriki girixtinotuak ziren Korintiarren galdeak ziren, heiek paganoen erdian bizi baitziren ;
gaur egun, gureak ere dira, izan gaiten aspaldiko girixtino edo girixtino berri, girixtino baloreak
baliogutituak diren gizarte huntan. Pauloren erantzunak beraz, guretako ere kasik denak, on dira.
Mintzo da eliza-elkarteko berexgoez, senar-emazteen arteko eztabadez, eta bereziki ber fedea ez
duten senar-emazteez, nola ihardok ideia berrien merkatarieri. Bainan gauza beharrezkoak aipatzen
dituelarik, oinarrizkoak oroitarazten ditu : bizi berrirateko ukan bataioa, Jainko Aita, Semea eta
Izpiritu Sainduan ukan bizia. Egungo pasarte huntan, garbiki ageri da.
Lehen lerroek oroitarazten daukute bataiatuak girela :”Aitaren, Semearen eta Izpiritu
Sainduaren izenean”, Matiuk dion bezala. “Haurrideak, ainitz gisetako dohainak badira, bainan
Izpiritu bera. Ainitz gisetako zerbitzuak, bainan Jaun bera (Kristo). Ainitz gisetako egintzak, bainan
Jainko bera, guzietan guzia egiten duena.” Zonbait lerrotan ez da hobeki erraiten ahal hiru
presunen arteko batasuna eta berezitasuna, Trinitate edo Hirutasuneko mixterioan. Bataioko
mainuan, Trinitate hortako amodioan sartuak izan gira, eta gaurgoitik, gutarik iragaiten da gure desberdintasunetan
gaindi. Paulok azpimarratzen du azkarki Trinitate-amodioa dela hedatzen gutan
barna : “Horiek guziak, ordea, Izpiritu bakar eta berak egin ditu bere dohainak nahi duen bezala
bakotxari emanez.”
Korinton, zuhurtzia zuten beren ametsen helburua, berek eta beren gogoetez aurkitu nahia.
Paulok dio : egiazko zuhurtzia, jakitate baitezpadakoa ez da gure hitzaldietan atzemaiten;
Jainkoaren dohaina da. “Bati zuhurtziaz hitz egitea emana zaio Izpirituaren bidez; beste bati,
Izpiritu beraren arabera, jakitatez hitz egitea.” “Dohain” hitza, zazpi aldiz erabilia da.
Pauloren mintza-moldearen berritasuna : Izpirituaz Presuna batez bezala mintzo da.
“Norbait” mezutzen du. Zeren girixtino elkartean direneri eman dohainak, beren baitako egoiliar bat
baita : “ Izpiritu” hitza zortzi aldiz pasarte hortan kausitzen da; Izpiritu hori girixtinoen baitan
lanean ari da, eta iraupenekin, gelditu gabe, Aitaren ganat itzularazten gaitu (“Abba” erranaraziz)
eta gure haurrideri buruz itzularazten. Gauzak garbiki erraitea gatik, Paulok dio :”Bakotxari guzien
onerako emana zaio Izpirituaren agertzeko dohaina”; helburu bakarra da, guzien onerako.
Izpirituaren helburua ez ditake besterik izan, Amodio delakotz. Haren eskuetan, Bakarra eta Bat den
Jainkoaren graziarekin, gisa ainitzeko tresna bezala bilakatzen gira. Horiek dira gure ezberdintasun
miresgarriak : bakotxak bere moldean, Jainkoaren amodioa erakusten ahal du. Bozkaria gaiten
beraz, arraza, kolore, hizkuntza, dohain, obra eta egintza desberdinetaz…Horrek du egiten Elizaren
eta munduaren aberastasuna, haatik maitasunean biziz.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Boztu, Batasun berriagatik:
Boztu, Bildotsak eztei-afarira deituak!
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 2,1-11
1 Ezteiak izan ziren Galileako Kanan,
eta Jesusen ama han zen.
2 Jesus eta haren dizipuluak ere ezteietarat gonbidatuak ziren.
3 Eta arnoa eskastu baitzen, amak erran zion Jesusi:
“ Arnorik ez dute.”
4 Jesusek ihardetsi:
“ Emaztea, zer nahi duzu?
Nere orena ez da oraino etorria.”
5 Jesusen amak erran zioten zerbitzarieri:
“ Erranen dautzuena egizue.”
6 Baziren han harrizko sei untzi,
Juduek beren garbiketen egiteko erabili ohi zituztenak,
bakotxa ehun bat litrokoa.
7 Jesusek zerbitzarieri erran zioten:
“ Bete untziak urez.”
Eta gaineraino bete zituzten.
8 Orduan erran zioten:
“ Erauts, orai, eta ereman mahaizainari.”
Eta heiek ereman zioten.
9 Mahaizainak ur arnotua jastatu zuen, nondik zen jakin gabe;
zerbitzariek, bai, bazakiten, berek erautsia baitzuten ura.
10 Orduan, mahaizainak dei egiten dio ezkonberriari eta erraiten dio:
“ Denek arno ona emaiten dute lehenik,
eta, jendea edana delarik, txarragoa.
Zuk, aldiz, orai arte atxiki duzu arno ona.”
11 Hau izan zen Jesusek egin zuen lehen ezaugarria.
Galileako Kanan egin zuen.
Hola agertu zuen bere aintza,
eta dizipuluek haren baitan sinetsi zuten.
Jesusen “lehen ezaugarria” (Joanik dion bezala) garrantzizkoa da. Horrek berak gizaki
alderako Jainkoaren asmoa adiarazten du : Kreazione mixterioa, Batasun mixterioa, Ezteien
mixterioa. Kondaira baten moldean, Joani hasten da erranez : “Hirugarren egunean, ezteiak izan
ziren Galileako Kanan”. Egun horien kondua eginez, hatzeman ginezake hastetik hasiz :
“Zazpigarren eguna “ dela. Zazpigarren egunak kreazionearen bururatzea gogorarazten du.
“Hau izan zen Jesusek egin zuen lehen ezaugarria” : lehena, haste-hastekoa. Kanan, Jesusek
ez du bakarrik arnoa ugaritzen, kreatzen du, gauza guzien hastapenean bezala; Kanan aro berri bat
hasten da : kreazione berria hasia da. Eta eztei batzuetaz ari da. Seigarren egunean, Jainkoak
bururatu zuen bere kreazionea, gizona eta emaztea eginez bere idurirat; kreazione berriko
zazpigarren egunean, Jesusek eztei batzuetako apairuan parte hartzen du. Erran-molde bat da,
Jainkoaren asmoa dela adiarazteko : elkargo xede bat, eztei xede bat. Orai hobeki ikusten dugu
zertako lehen irakurgaian, Izairen testoan, Jainkoak bere populuari zion : “Amodioz maite zaitut eta
zurekin ezkontzen naiz.” Kanako mirakuluan ikus ditake Jainkoak hitzeman zuena atxikitzen duela
: Jainkoaren eztei-pesta gizadiarekin hor hasten da. Joanik Galileako Kanan dela finkatzen du :
paganoen herrialdea zen, populuen bidekurutzea. Izaik deitzen zuen “itzaleko herrialdea, nazioneen
Galilea” : Jainkoa, gizadi guziarekin ezkontzen da eta ez bakarrik fagoratu batzuekin.
“Hirugarren eguna”, erran-molde horrek Jesu Kristoren pasione, hiltze eta piztea
gogoratzen dauku. Hor da eta hor bakarrik, Jainkoarekilako elkargoa gizadiarekin betikotz
finkatuko, haren ezteiak ospatuak izanen.
“Hola agertu zuen bere aintza”, azken lerro hauiek Jesusen pizteaz ari dira. Kanan,
dizipuluek Jesusen aintza ikusi dute lehen aldikotz, ikusiko dutelarik geroxago agertzen Jainkoaren
aintza, Kristo hil eta piztu denaren begitartean. Hortakotz da « Orena » -ordua- hitza, Joaniren
Ebanjelioan garrantzitsua, Jesu Kristo baitan betikotz betea izan den asmoaren Orena. Jesusek hori
du gogoan Mariari erraiten diolarik : « Emaztea, zer nahi duzu ? Nere orena ez da oraino etorria. »
Bixtan dena, Jesusen arrangura arno eskasa baino handiagorat doa : bere misioa du ikusten :
gizadiarekin Jainkoaren ezteien betetzea.
Lehen erranaldia ustegabekoa da : « Emaztea zer nahi duzu ? » Jesusek, hor, berak, bere
misiokoa den galde beharrezkoarekin buru egiten du : misio horren betezeko, zer egin behar du
egiazki ? Beharbada, hemen Joaniren Ebanjelioan, Ebanjelio sinoptikoetan diren Tentazioneen
kondairako oihartzun bat badugu. Jesusi egin zaion galditza hau izan da : “Zer da xuxen Jainko
Seme izaitea”? eta Tentatzaileak erran zion :”Jainkoaren Seme bazira zinez… errazu harri hauek
ogi bilaka daitezen.”
Ohar bat hemen : Jesus basamortuan delarik bakarrik, Tentatzailearen galdez ez du
mirakulurik egin nahi, zeren bere onarentzat izanen baitzen. Kanan, aitzitik, Jesusek ezteietako
gomitatuen bozkarioarentzat du pestako arnoa ugaritzen. Erraiten ahal da hortakotz, Jainkoaren
Semeak gizakien atseginerako bakarrik egiten dituela bere mirakuluak.
Dizipuluek ez dute berehala jakinen Jesusen mirakuluaren berri. Jakinean diren bakarrak –
eta Joanik hori azpimarratzen du- zerbitzariak dira, joan baitira untzien urez betetzerat eta ereman
mahaizainari, itsutuki eta osoki Jesusen errana eginik. Ez gira izariz kanpo harritzen, nola
behartsuak Jainkoaren asmoaren jakinean lehenak izan ziren.