Urteko 2. igandea C Kanako Ezteiak (2016-01-17)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Eguberrialdia atzera utzia dugu. Halere, gaurko ebanjelioak eguberrialdiko hariari jarraitzen dio: Jesus artzainei agertu izana, magoei agertu izana, bataiokoan agertu izana ospatu dugu bezala, Jesus agertu izana ospatzen dugu gaur ere: oraingoan, eztei batzuen testuinguruan. Beraz, beste behin, Jesusen agerpena ospatzen dugu.
Jesus eta ikasleak eta Andre Maria eztei batzuetara joan dira. Ez dakigu zein diren ezkonduak. Hasteko, aski gauza arraroa: ebanjelariaren asmoa ezteiez hitz egitea izan balitz, normala izango zen ezkonduen izenak ematea. Bigarren, Andre Maria konturatu da ardoa falta zaiela; hau ere aski arraroa, baldin eta ebanjelariak ezteiez hitz egitea pentsatzen badu; izan ere, ez dakigu zein harreman dituen Mariak ezkonberriekin; bestetik, aski gauza arraroa dirudi, eztei batzuen testuinguruan aurreikuspen handiagoa ez izatea, hain inportantea zen ardoa falta izateko. Gauza arraroa da orobat etxe batean garbiketa-erriturako 300 litro osatzen duten sei ur-ontzi izatea.
Baina ez. Ebanjelariaren asmoa ez da ezteiez hitz egitea. Testu guztia Itun Zaharrari erreferentzia edo aipamena egiten ari zaio, esateko, Jesusekin dena berri egin dela: Jainkoaren eta gizadiaren artean ezkontza-harreman berriak, jai-otordu berria ardo berriarekin, gizon-emakumeek beren artean harreman berriak. Hain zuzen:
1.- Lehenik eta behin, Jainkoaren eta gizadiaren artean, ezkontza-harreman berriak ditugu. Itun Zaharrean, Jainkoaren eta Israel herriaren harremanak adierazteko irudi bizia izan zuten ezkontza. Sinbolo bat da ezkontza. Badakigu, bi pertsona ezkonduen artean dena ez dela izaten arrosa-bizitza. Gorabeherak izaten dira. Oso ondo adierazten ditu horrek Jainkoaren eta herriaren arteko harremanak: Jainkoa beti leial izan da, baina herria ez. Beraz, Jainkoaren eta herriaren artean ere, bikote batean izaten diren gorabeherak izan direla esan nahi da.
Halere, herriaren fideltasun-faltak eta guzti, Jainkoak herria maitatzen jarraituko du. Askotan agertu du hori Jainkoak Itun Zaharrean, profeten bidez. Gaurko ebanjelioan, Jesusek ezkonberriak beren apurutik atera dituela esatean, modu berezian, modu sinbolikoan agertu nahi izan du Jainkoaren jarrera hori. Jesusek ezteietan parte hartu izanak, Jainkoaren eta herriaren behin betiko ezkontza adierazten du. Herria, ordea, oraingoan ez da Israel, baizik gizadi osoa. Harreman hori, Jesus etorri denetik, modu berrian agertuko eta gauzatuko du Jainkoak. Jesus etorriz gero, modu berrian agertu dio Jainkoak gizadiari bere maitasuna: bere burua hiltzera emateraino.
2.- Ardoa ere sinbolo handitzat erabili izan zuten Itun Zaharrean. Herri guztientzat prestatu du Jainkoak jai-otordu handia, ardo bikaina eta guzti. Gaurko ebanjelioan, ardo bihurtu duen ura da ardo bikain hori. Kanako ezteietan hasieran eman duten ardoa baino hobea da Jesusek eman diena.
Joan ebanjelariak ez du aipatzen miraririk. Seinaleak aipatzen ditu. Zazpi, hain juxtu, bere ebanjelioan: gaurko hau, funtzionarioaren semea sendatzea (4,46-54), elbarri bat sendatzea (5,1-9), ogiak ugaltzea (6,1-14), Jesus ur gainean oinez (6,16-21), itsua sendatzea (9,1-7) eta Lazaro piztea (11,1-44). Seinale hauek Jesusen misterioa agertzea dute helburua. Jesus etorriz gero, Jainkoa ezin ikusi dugu urruneko Jainko bezala, geure arteko adiskide eta bidelagun dugu.
Gaurko honen mezua argia da. Jainkoa maitasun da: beti dago prest gizakiarekin eta gizadiarekin harremanetan jarraitzeko. Jainkoa poz eta alaitasun da: ezteietan bizi ohi den poza, Jainkoak opa digun pozaren sinbolo da; gizon-emakumeen ezteietako pozaren anbiguotasuna gainditzen duen poza opa digu. Jainkoak jai-otordu bizia prestatu digu.
3.- Hirugarren, Mariari ez dio esaten “ama”, baizik andrea; esan nahi du, familia biologikoaren maila gainditzen duen familia berri bateko harremanak ezartzera etorri dela Jesus: «Andrea, hor duzu zeure semea»; «Horra zure ama». Familia berri horretan, Maria gai sentitu da apuruan dauden lagun batzuen alde erregutzeko. Esan nahi digu, batetik, ama berezi bat dugula geure beharrean; bestetik, Maria bezala, geure artean gai garela batak bestearen alde Jainkoari erregutzeko, batak besteari laguntzearekin batean.
4.- Laugarren eta azkenik, «nire ordua ez da iritsi» esatean, «ordu» hori hurbil dela esan nahi du Jesusek. Eta «ordua» Joanen ebanjelioan Jesusen Pasioko aintza eta garaipena da: gizadiaren salbazioa abian ipini duen ordua da.
Senideok, gaurko ebanjelioak Jesus dena berri egitera etorri dela esan nahi digu. Pozaren eta alaitasunaren mahai handira gonbidatzen gaitu. Poz horren adierazpide dira: batetik, Maria lagun eta adiskide handi eman digula; bestetik eta batez ere, Jainkoa geure arteko Jainko dela agertu izana.
Dionisio Amundarain