URTEKO BIGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Zamuelen bokazionea)

Zamuelen lehen liburutik 3, 3-10. 19

3 Zamuel gaztea lo zen
Jainkoaren kutxa zagon Jaunaren saindutegian.
4 Jaunak dei egin zion Zamueli, eta hunek ihardetsi:
“ Hemen nauzu!”
5 Lasterka joan zen Eli apezarenganat, eta erran zion:
“ Hemen nauzu, dei egin baidautazu.”
Elik ihardetsi zion:
“ Ez dautzut nik dei egin. Zoazi berriz etzatera.”
Haurra joan zen etzatera.
6 Jaunak berriz dei egin zion Zamueli.
Eta Zamuel jeiki zen. Elirenganat joan eta erran zion:
“ Hemen nauzu, dei egin baidautazu.”
Elik ihardetsi:
“ Ez dautzut nik dei egin, seme. Zoazi berriz etzatera.”
7 Zamuelek ez zuen oraino Jauna ezagutzen,
eta Jaunaren hitza ez zitzaion oraino ezaguna.
8 Hirugarren aldiz, Jaunak dei egin zion Zamueli:
Hau jeiki zen. Elirenganat joan eta erran zion:
“ Hemen nauzu, dei egin baidautazu.”
Orduan ohartu zen Eli, Jauna ari zitzaiola deika mutikoari
9 eta erran zion Zamueli:
“ Zoazi etzatera, eta norbaitek berriz dei egiten badautzu, erran:
‘ Mintza, Jauna, zure zerbitzaria entzuten dago.’ ”
Zamuel itzuli zen bere tokirat eta etzan.
10 Jaunak, hurbildurik, dei egin zion beste aldietan bezala:
“ Zamuel! Zamuel! ”
Eta Zamuelek ihardetsi:
“ Mintza, zure zerbitzaria entzuten dago.”
19 Zamuel handitu zen.
Jauna berekin zuen,
eta Jaunaren hitz bakar bat ere ez zen bete gabe gelditu.

Zamuel ttipiaren kondaira hau ez da bakarrik ixtorio pollit bat. Lerroen artean irakurri behar
da. Zamuel mirakuluaren haurra zen : ama, Ana izenekoa, agorra zen. Anak botu bat egin zuen :
haurra ukaiten badut, Jainkoari kontsekratuko diot. Haurra ukan zuen, eta hitzeman bezala, Silo
saindutegiko Eli apezari ereman zion. Silo, gaur egun, harri-meta bat da, Jerusalemetik iparralderat
30 bat kilometretan, bainan Zamuelen denboran, Jesu Kristo aitzineko hamekagarren mendean,
Izraeleko leinuen bilgune ezaguna zen.
Zamuel norbait bilakatu zen : Izrael herriaren buruzagi izpiritual eta politiko bat. Apez kargua
betetzen zuen, bai eta ere jujearena. Harek kontsekratuko zituen Izraeleko bi lehen erregeak : Zaul eta
David. Hauentzat Jainkoaren mezuen ekarle izan zen. Profeta beraz. Gaurko irakurgaiaren ondotik
hau irakur daiteke : « Dandik Beer-Xebaraino Izrael osoak jakin zuen Jaunak bere profeta egina
zuela Zamuel. »
Hortaratu aitzin, haur-haurretik Zamuelek erakaspen ederra eskaintzen dauku. Jainkoaren
deiari baimenik hunkigarriena eman zion. Horren erakusteko bi pundu argitan ezar dezazkegu :
– Deia entzun zuelarik, Zamuel haurra zen. Bai erraiteko ez da adin betean, azkar, jakintsu
izaite beharrik. Betikoa : giza ahulezian da Jainkoa hobekienik agertzen. Jeremi profetak, gizon
heldua izanik ere, Jainkoari ihardetsi zion : « A Jauna, ez dakit mintzatzen, gazteegia naiz. » Eta
Jainkoak berehala : « Ez erran « gazteegia naiz »…Ez nehoren beldur izan, zurekin bainaiz zure
libratzeko. »
– Zamuelen errepostua biziki xinplea da : « Hemen nauzu », lau aldiz errepikatua, eta azkenik
« Mintza, zure zerbitzaria entzuten dago. » Jainkoak ez dauku besterik galdegiten haren asmoa bete
dadin gure baitan, gizadiarekin elkargo egin dezan : zabalik egoitea, haren dohainaren lañoki
onartzeko.
Iduriz, lokarririk ez da irakurgai hunen eta gaurko Ebanjelioaren artean. Ontsa begiratuz, ikus
dezakegu Zamuel Jesu Kristoren irudia dela, Aitaren deia entzun eta xutitzen dena « bai » erranez.
Zamuelekin historiaren bihurgune batean gira : Zamuelek erregetzat sakratuko du Zaul, eta gero
David, azken hunen odol-sailekoa izanen baita Jesus. Jainkoak egiten du lehen urratsa, bainan
bigarrena gizonarena da. Jainkoak lankideak behar ditu. Ez du bere asmo salbagarria beteko gu gabe.
Gizona Jainkoaren beharretan da, bainan Jainkoa ere gizonaren.

Salmoa 39

Leloa : Huna bai, Jauna, hemen nauzu,ni :
Zure errana dut egin nahi.

Beha nindagon, Jauna beha:
Eta ukurtuz entzun daut entzun intziria.
Kantu berri daut ahoratu,
Jainko Jaunaren alderateko esker-kantu.
Ez duzu nahi eskaintzarik;
Bainan banauzu bi beharriak zabaldurik.
Eskaintzak oro deus dauzkatzu.
Nik zuri beraz: Huna heldu naiz, hemen nauzu.
Nitaz diozu liburuan,
Ibil nadien egun guziez zuk nahian.
Zure legea dut gozoa,
Zure legea dut bihotz barne barnekoa.
Zoin zaren zuzen diot, Jauna,
Goraki diot biltzar handian, dakizuna
Ez dut nik gorde bihotzean:
Zure egia, zure laguntza ditut erran.

Salmo huntako lehen hitzak : « Beha nindagon. » Nor? Ni? Ez; “ni” hori “gu” da salmo
guzietan bezala, “gu”, erran nahi baita Izrael herri osoa.
Salmo hau esker onezkoa da, sakrifizio bat eskaintzen zelarik kantatzen zena. Sakrifizioak
abereen odol ixurtzeak- betidanik izan dira Izraelen, Jesu Kristo ondoko 70 arte. Erromanoek
Jerusaleme suntsitu zutelarik, eta beraz tenploko kultua gelditu zenean, ezeztatu ziren abereen
hilketak.
Hilketa kultuko sakrifiziotan, Izraelen inguruko herri guziena zen. Bainan Izraelek
berezitasun bat bazuen. Jerusalemeko tenploan abereak sakrifiziotan hiltzen baziren, jendea
sakrifiziotan hiltzea gain-gainetik debekatua zen. Abrahamek besoa altxatu zuelarik Izaak bere semea
sakrifiziotan hiltzeko, aingeruak debekatu zion holakorik egitea. Abrahamek konprenitu zuen
sakrifikatzea ez zela hiltzea, bainan eskaintzea. Jainkoa ez ote da biziaren Jainkoa ? Nola pentsa
daiteke hiltzea atsegin zaiola ?
Emeki-emeki, mendeak jin mendeak joan, Izraelek sakrifizioaz zuen ikuspegia aldatu zen bi
pundutan : sakrifizioaren erran-nahia, eta sakrifizioaren gaia.
-Sakrifizioa Jainkoaren hasarrearen eztitzeko ote da ? Eta hortako Jainkoak abere odola nahi?
Hori ez ote da sorginkeria? Bainan Jainkoa amodio balinbada, profetek oihukatzen zuten bezala,
orduan bizia du nahi, zoriona denentzat. Erritoak amodiozkoak eta esker onezkoak bilakatuko dira,
Jainkoarekin egin elkargoaren ezaugarri. Biblia guziak ikuspegi aldaketa hori erakusten dauku : guk
dugu jendetasuna ikasi behar, guk ikusi behar dena emana zaukula eta “milesker” erran behar
diogula Jainkoari. Bibliak hori “ezpainen sakrifizioa” deitzen du.
-Sakrifizioaren gaia zer den ere ikasi du Izraelek, profeteri esker. Sakrifioak eskaini
Jainkoarekin harremanetan sartzeko? Bai, bainan kasu ! Ez Jainkoz tronpa. Oze profetak du hori
hobekienik erraiten, Jainkoa bera mintzaraziz : “ Amodioa dut nahi eta ez sakrifizioak. “ (6,6)
Egiazko sakrifizioa ez da hiltzea bainan biziaraztea. Gure ingurukoak, hurbilekoak eta urrunekoak
biziaraztea, horra Jainkoari buruzko bide bakarra. Hola zauku heldu punperat gaurko salmoa :
“Eskaintzak oro deus dauzkatzu. Nik zuri beraz : Huna heldu naiz, hemen nauzu.”

Bigarren irakurgaia

( Gure gorputza Jaunarena da )

Jondoni Paulok Korintiarreri 6, 13-15. 17-20

Haurrideak
13 gure gorputza ez da lizunkeriarako,
bainan Jesus Jaunarentzat, eta Jauna gorputzarentzat.
14 Eta Jainkoak, Jauna piztu duenak,
gu ere piztuko gaitu bere indarraz.
15 Ez ote dakizue zuen gorputzak Kristoren menbro direla?
17 Jaunari juntatzen dena, harekin izpiritu bakar bat egiten da.
18 Ihes egiozue lizunkeriari.
Gizakiak egiten dituen beste bekatu guziak
gorputzetik kanpo gelditzen dira;
bainan lizunak bere gorputzaren kontra egiten du bekatu.
19 Ez ote dakizue?
Zuen baitan den eta Jainkoarenganik duzuen
Izpiritu Sainduaren tenplua da zuen gorputza.
Ez zirezte zihauren jabe,
20 Jaunak kario erosi baitzaituzte.
Goretsazue, bada, Jainkoa zuen gorputzaz.

Pasarte hau libertateari buruzko ikasgai eder bat bezala irakur daiteke :
– « Jaunak kario erosi zaituzte. » Ez dirutan truk, jakina. Badakigu zenbat gostatzen zaukun
indarrez, pazientziaz, penaz, maite dugun norbaiten sendatzea. Paulo hortaz ari da, ez merkataritzaz,
idazten duelarik « Jaunak kario erosi zaituzte. » Gizona gizon denetik, Jainkoak lagundu du
gizonagotzen, beti ta libreago izaiten. Bere herriari, Izraeli, libratzaile bezala agertu zaio.
Esklabotasun mota guziak Jainkoaren asmoaren kontrakoak dira.
– Paulok Kolosarreri idazten diote : « Jainkoak ilunpetarik atera gaitu eta bere Seme
maitearen erresumarat aldaratu ; hunen bidez dugu librantza, bekatuen barkamendua. » (Kol 1,13-
14) Pasarte hunek bi mugimendu aipu ditu : bat, « ilunpetarik ateratzea », bi, « Seme maitearen
erresumarat aldaratzea ». Gaur egun sobera ardura gertatzen den bezala, presondegitik atera eta ez
gira karrika gorrian guhauren ber utziak. Norbait gure beha dago, eta berekin hartzen gaitu. Berriz ere
Paulok idazten du : « Dena zuena da. Zuek, ordea, kristorenak zirezte, eta kristo Jainkoarena. » (1
Ko 3,12-23) Hain dugu libratzailearekin bat egiten nun haren menbro bilakatzen baigira : « Ez ote
dakizue zuen gorputzak Kristoren menbro direla ? » Nundik nahi ginuke berriz guhauren baitako
presondegian sartu ? « Zinez libro izaiteko libratu gaitu Kristok. Beraz, atxik ! ez jar berriz
esklabotasunaren uztarripean » (Ga 5,1)
– Hortik gizatasunaren handitasuna, edertasuna. Jainkoari berari ez zaio itsusi izan gizon
izaitea. Edo bestalderat hartuz, Jainkoa bera gizon egin bada, zer duintasuna gizonarena ! Kristoren
menbro, Izpiritu Sainduaren tenplo, betiko biziari hitzemanak, hori guzia gira! Paulok ez dauku
erraiten zer den debekatua eta zer ez. Oroit gaiten bakarrik bataiatuak girela, eta horrek bere
ondorioak baditu : “Zuen baitan den eta Jainkoarenganik duzuen Izpiritu Sainduaren tenploa da
zuen gorputza. Ez zirezte zihauren jabe.” “Gorputzak”, Paulok erabiltzen duen gisan, jende osoa,
izaite osoa erran nahi du. Eta Paulok ondorioa ateratzen du : « Goretsazue, bada, Jainkoa zihauren
gorputzaz. »

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jesu Kristoren baitan kausitu dugu Mesias,
Haren bidez etorri zaizkigu grazia eta egia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 1, 35-42

35 Han zagon Joanes bere bi dizipulurekin;
36 Jesus handik iragaiten ikusirik, erran zuen:
“ Huna Jainkoaren Bildotsa.”
37 Bi dizipuluak, hori entzunik, Jesusi jarraiki zitzaizkion.
38 Itzuli zen Jesus,
eta jarraikitzen zitzaizkiola ikusirik, erran zioten:
“ Zeren bila zabiltzate ?”
Heiek ihardetsi:
“ Rabbi ( erran nahi baita: Irakasle ), non egoiten zira ?”
39 Jesusek erran zioten:
“ Zatozte eta ikusiko duzue.”
Joan ziren, non bizi zen ikusi,
eta harekin egon ziren egun hartan.
Arratsaldeko lauak aldea zen.
40 Joanes Bataiatzailea entzun
eta Jesusi jarraiki zitzaizkion bietarik bat
Andres zen, Zimun Petriren anaia.
41 Lehenik, bere anaia Zimun aurkitu zuen, eta erran zion:
“ Aurkitu dugu Mesias” ( erran nahi baita Kristo ).
42 Eta Jesusenganat ereman zuen.
Jesusek behatu eta erran zion:
“ Zimun zira zu, Joanesen semea; Kefas deituko zira,
(erran nahi baita Petri, edo Harria ).

Joanes bataiatzailea Jordan ibai bazterrean da. Apez batzu jin zaizkio galdegitera : « Nor
zira ? Mesias ? » Joanesek errepostu : « Ez, nik urez bataiatzen dut ; zuen artean baduzue ezagutzen
ez duzuen bat… » Biharamunean Jesus bera heldu da Jordan bazterrerat, Joanes hari so dagola. Bi
egunez Jesus ibai ondoan ikusiz, Joanes hartaz mintzatzen zaiote bere dizipulueri. Hok Jesusen
ondotik abiatzen dira. Joanes bozkariotan da : bere misionea bururatua du : « Harek (Jesusek)
handitu behar du, eta nik ttipitu. » (Jn 3,30) Zenbait lerro bakarretan Testamendu Zaharretik Berrirat
pasatu gira. Orai arte Promesaren aroa zen, orai Promesaren betetzearena. Andrek Bataiatzaileari
entzuna zion Jesusi buruz erraiten : « Horra Jainkoaren Bildotsa. » Geroxago Simon bere anaiari
erraiten dio : « Mesias aurkitu dugu. »
Zer da bada, « Jainkoaren Bildotsa » titulu hori ? Erroa Testamendu Zaharrean du, bainan nun
xuxen ? eta zer sentsurekin ? Hain segur sakrifizioa aipu du. Bainan hor kontra-sentsu
higuingarrienerat erortzeko hirriskuan gira : Abrahamek Isaak bere semea sakrifiziotan eskaintzer
zuenetik, badakigu Jainkoak ez duela jende sakrifiziorik nahi. Nuntik jasan dezake Jesus sakrifikatua
izan dadin gizona bekatutik libratzeko ? Ideia oker hori alha da oraino fededun anitzen gogoan.
« Jainkoaren Bildots » tituluak lau bide eskaintzen dauzkigu :
– Izan daiteke bazko bildotsa. Bazko bestak urte guziez herriari oroitarazten zion Jainkoak
libratu zuela Egiptoko esklabogotik atera ziren gauean, Izraeldarrek bildotsa hil zuten ohiduraren
arabera. Moisek erran zioten : hemendik aitzina, errito hunek gogoratuko dauzue Jainkoa zuen artean
pasatu dela zuen libratzeko. Bildotsaren odola izanen da lekuko. Joanesek Jesus ‘bazko bildots »
deitzen du. Jesusek esklabogo beltzenetik libratzen du gizona, bekatutik. Gizadia Jainkoarekin
baketzen du.
– Izai profetaren liburuan badira poema batzu eder bezain mixteriotsuak. « Zerbitzariaren
kantek » gizon bat aipu dute, Jainkoaren asmoa betetzen duena sofrikarioan. Zenbaitek Mesias zela
zaukaten, Zerbitzariaren itxuran etorri beharra. Delako zerbitzaria hobenik gabeko bildots batekin
parekatua zen, gizonen bekatua gainean zeramala : « Gaizki erabili dute, eta hura apaldu da, ahorik
ideki gabe ; heltzera deramaten bildotsa bezala, mozleen aitzinean ixilik dagon ardia bezala, ez du
ahorik ideki. » (Is 53,7). Bainan Izaik berak dio : « Nere zerbitzaria garaile aterako da, goratua,
maila gorenean ezarria. » (52,13)

– “Jainkoaren bildotsa” Abrahamen seme Izaak ere izan daiteke, Izaak girixtinoek Jesusen
aitziniduritzat hartu dutena. Sakrifiziotan eskainia izan behar zen Izaakek Abraham bere aitari
galdegin zion : “Nun da sakrifiziotan eskaini behar den bildotsa?” Eta Abrahamek ihardetsi zion :
“Jainkoaren gain sakrifiziotan eskaini behar den bildotsa.” Bataiatzaileak erakusten dauku hemen
Jainkoak berak prestatu bildotsa : Jesusek bere bizi guziaz Aitari “bai” erranez du eginen gizonen
salbamendua. Sakrifiziotan handiena norberak bere bizia ani-arreben zerbitzuan ezartzea da.
– Joanes Bataiatzaileak, hain segur, Jesus beste Mois bat bezala ikusi zukeen. Moisek herria
Egiptoko esklabogotik atera zuen; Jesusek, barnagorik, gaitzaren esklabogotik salbatzen du. Hain
zuzen juduek Mois bildots batekin parekatzen zuten : Faraonaren indar handiari Mois umil eta xumea
nausitu zitzaion.
Jesusen biziak, heriotzeak eta pizteak erakutsiko dute -Bataiatzaileak baino hobeki- bildots
sakrifitatu eta garailearen mixterioa.