Urteko 2. Igandea B 2015-01-18
HOMILIA

Urteko 2. igandea ospatzen dugu gaur. Jesusez gain, bi pertsonaia handi ageri dira gaurko bi irakurgaietan: lehenengoan eta ebanjelioan: Samuel profeta handia eta Joan Bataiatzailea. Eta Jesusen lehen ikasleak.

Lehenengo irakurgaiak, esanahi handiko pasadizoa dakarkigu, erdizka bada ere. Samuel profetaren amak, Anak, Jainkoari egindako erregu askoren ondoren izan zuen semea. Eta txiki-txikitatik eskaini zion bere seme hori, Samuel alegia, Jaunari. Tenpluan bizi zen, beraz, Samuel Eli apaizaren ardurapean.

Halako batean, artean mutikoa zela, ahots bat entzun zuen Samuelek. Baina ez zekien Jainkoarena zela. Eli apaizak argitu behar izan zion, Jainkoarena izan zitekeela. Orobat esan zion apaizak zer erantzun behar zion: Mintza, Jauna; adi-adi duzu zeure zerbitzari hau. Geroago, beste askok ere emandako erantzuna izan zen hori: Isaias, Jeremias, Ezekiel… profetek; Andre Mariak, apostoluek… emandako erantzuna.

Jainkoaren deia sentitu, eta «bai» esan. Hala, Israel herriaren historia zibilean eta erlijiosoan, eginkizun handia bete zuen Samuelek: besteak beste, esku hartze handia izan zuen, bai Israel herrian erregetza ezartzen, bai lehen bi erregeak, Saul eta Dabid, aukeratzen.

Ebanjelioan, Joan Bataiatzailearen testigantza entzun dute beraren ikasleek, Jesusi dagokionez: «Hona Jainkoaren Bildotsa», esan die bere ikasleei Jesus pasatzen ikusi duenean. «Ni neu alde batera utzirik, zoazte horrekin, izan zaitezte horren ikasle» esatea bezala izan da. Eta ikasleak Jesusen ondoren joan ziren.

Benetan, testigantza bikaina. Sumatu du Joanek bera baino askoz jainkozkoagoa dela Jesus. Bere buruaz ahazturik, Jesusen ikasle izatera eragin die bere ikasleei. Zenbat amak, zenbat aitak ez du egin kristautasunaren historian antzeko zerbait: «Zergatik ez haiz apaiz egiten, zergatik ez haiz erlijioso/erlijiosa egiten, zergatik ez…». Amaren edo aitaren gonbit hori jaso eta bizi izan duenak badaki zer den hori: bere buruaz ahaztu, eta semearen edo alabaren ongia bilatu; nork bere burua semea edo alaba gabe utzi, eta Jainkoaren erreinuaren egitarauan murgiltzera eragin.

Joan Bataiatzailearen ikasleak ondoren zetozkiola ikusirik, itzuli eta Jesusek diotse: Zeren bila zabiltzate? Eta ikasleek: Maisu, non bizi zara? Eta Jesusek: Etorri eta ikusi.
Jesusek ez die irakatsi nahi liburu handi bateko doktrinarik. Ikasleek, berek egin behar dute esperientzia. Postaz etorri zaidan pasadizo bat datorkit burura. Adin handiko gizon bat kale gorrian ari da, belauniko, zerbaiten bila. Auzokoak galdetzen dio: Zeren bila zabiltza? Eta besteak: Giltzak galdu ditut. Eta auzokoak: Non? Eta adinekoak: Etxean. Auzokoak: Etxean galdu badituzu, zertan zabiltza hemen kale gorrian? Eta adinekoak: Etxean baino argi handiagoa dagoelako.

Bai. Ez da aski jakitea zeren bila gabiltzan. Non bilatu ere jakin behar da. Jesus da bilatu nahi duguna, bai. Eta Jesus da bera aurkitzeko argia. Eman diezagula Jesusen Espirituak argia, noren bila ibili eta bila non ibili jakiteko.

Gaur bestalde, migratzaileen eguna ospatzen dugu Elizan. Izan dezagun gogoan, etxea eta herria utzi eta atzerrira joan behar izan duen jendetza. Asko gure artera etorriak. Beste batzuk, gure artekoak, atzerrira joan beharra izan dutenak.

Gainera, gaur (bihar), igandean, urtarrilaren 18an, Kristau guztien aldeko batasunaren aldeko zortziurrena hasiko dugu. Egin dezagun bat Jesusekin berarekin: Aita, bat izan daitezela guztiak, zu eta ni bat garen bezala.

DIONISIO AMUNDARAIN