Joan Bataiatzailearen testigantza (Joan 1,29-34)
Urteko 2. igandea A 2020-01-19
Joan den igandean Jesusen Bataioa gogoratu genuen. Markosen eta Lukasen ebanjelioetan, Joan Bataiatzaileak ez du hitz egiten. Mateorenean, solasaldi labur bat egin du Jesusekin; ez baitu ulertu zertan datorkion hau bataioa eskatuz. Laugarren ebanjelioak beste bide bat hartu du, oso bestelakoa: Jesus Jordanera doa, baina ez du bataiorik aipatzen; aitzitik, Joan Bataiatzailearen hitzaldi labur bat dakar. Igande honetan irakurriko dugun testua da (Jn 1,29-34).
Irudimenaz ahalegin hirukoitza
Testu hau ulertzeko erarik hobena, eszena irudikatzeko ahalegin hirukoitz bat egitea da: 1) irudikatzea, gazte garela; 2) irudikatzea, Palestinan bizi garela duela hogei mende; 3) irudikatzea, Joan Bataiatzailearen ikasle garela, eta ez dugula sekula entzun Jesusez hitz egiten. Agian, bidaia luze eta nekagarria egin dugu Joani entzuten eta bataia gaitzan; gauza orori uko egin diogu beraren ikasle bihurtzeko. Joan Bataiatzailea pertsonaiarik handiena da gure bizitzan. Bat-batean, Jesus agertu da, ordea, ezezagun bat, eta Joanek hartaz esan duenak nahasarazi egin gaitu erabat.
Ezezagun hori, lehenik eta behin, munduko bekatua kentzen duen Jainkoaren bildostzat aurkeztu du Joanek. Formula arrotza; ez du ulertu ondo inork ere zer esan nahi duen; halere, Jainkoarekin erlazio estua duen norbait dela iradokitzen du, baita bekatuen barkazioarekin ere. Bekatuen barkamenerako bataio bila joan gatzaizkio, eta, bekatua kentzen duen pertsonaia batekin egin dugu topo.
Joanek jarraitu du esanez, ezezagun hori ni baino lehenagokoa da, ni baino lehenagotik bizi delako. Eta harrimenez begiratzen diogu, geure burua konbentziarazi nahiz Jesus zaharragoa dela, Joanek askoz ere zaharragoa ematen duen arren, agian hainbat penitentzia egin duelako eta matxinsaltoz eta basaeztiz bakarrik elikatu izan delako. Baina iruditzen zaigu Joan ez dela ari adinaz bakarrik: iradokitzen ari da ezezagun hori bera baino askoz inportanteagoa dela.
Eta argi eta garbi gelditu da hori gehitu duenean: Uso baten irudiz, zerutik jaitsi den Espiritua ikusi dut eta, beraren gainean jarri da. Gure artean bada juduen teologia ezagutzen duenik, eta harritu egin dira; izan ere, rabino askok dio, Jainkoaren Espirituak mendeak daramatzala agertu gabe. Oso handia izan behar du ezezagun horrek, kontuan izanik, Espiritua hartzeaz gainera, eskualdatu ere eskualdatzen duela berak Espiritu hori bera bataio berri batean, Joanena ez bezalakoan.
Azkenik, bukatu du Joanek, esanez ezezagun hori Jainkoaren Semea dela. Israelgo erregea aipatzeko molde bat da, Jainkoak semetzat hartua. (Argi utziko dute hori Natanaelek geroago esango dituen hitzek, Jesusez ari dela: «Zu Jainkoaren semea zara, zu Israelgo erregea zara» (Joan 1,49).
Joanen entzuleak txunditurik geldituko ziren, eta galdezka: zein da, gero, munduko bekatua kentzen duen hau, Joan baino garrantzizkoagoa den hau, Espiritua bere gainera etorri zaion hau, bataio berri batean Espiritua ematen duen hau, Israelgo erregea den hau? Inondik ere −esango zuten−, Mesias izan behar du, itxurarik ez duen arren.
Ebanjelioa irakurriz (Joan 1,29-34)
Eszena hau kontenplatzea baliabide bikaina da ebanjelioan sakondu eta ulertzeko; baina irakurketa «zientifikoak» laguntzen du beste alderdi batzuk ere topatzen.
Hau da garrantzizkoena: Joan Bataiatzaileak ez zuela jaulki hitzaldi hau; ebanjelariak hari leporatutako hitzak dira, baliabide bat, gugan, hasieratik beretik, jakin-mina eta arreta eragiteko beraren historiako protagonistaz. Eta ez hori bakarrik, baita gugan erantzun pertsonal bat eragiteko ere, segida-segidako pasadizoak (Jn 1,35-37) islatzen duenez, igande honetan irakurri gabe utziak. Hurrengo egunean, berriro ere bertan zegoen Joan bere bi ikaslerekin. Jesus handik igarotzen ikusirik, esan zuen: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa». Bi ikasleek, hori entzutean, Jesusi jarraitu zioten. Oraingo honetan Joanek ez du jaulki diskurtso luze eta korapilaturik. Aski izan du Jainkoaren bildotsari erreferentzia soil eta enigmatiko bat egitea. Hau izan da joan-etorri handiko gauza: jakin-minak eta interesak jarraimenari utzi diotela lekua.
Testua hamar edo hamabost aldiz berrirakurtzen denean (beharrezkoa laugarren ebanjelioa ulertzeko), bi baieztapen-sail sumatzen dira:
Lehenengoa Jesusi dagokio, zeinez Joanek hau baitio: 1) Jainkoaren bildotsa da, munduko bekatua kentzen duena; 2) nire aurretik dago, ni baino lehenagokoa baita; 3) beraren gainean kokatu da Espiritu eta Espiritu Santuaz bataiatuko du; 4) Jainkoaren Semea da.
Batak bestea osatzen duten baieztapen dira, Jesusen irudiaz mosaiko bat osatuz: munduarekin duen erlazioaz hitz eginez hasi da, zeinen bekatua ezabatuko baitu; ondoren, Joanekin duen erlazioaz; azkenik, Jainkoarekin eta beraren Espirituarekin duen erlazioaz. Harengandik denik eta hoberena espero dezakezun pertsonaia da, harridura eta bera ezagutzeko gogoa eragiten dituena
Baieztapenen bigarren saila Joanez ari da: 1) bera baino garrantzizkoagoa den baten etorrera iragarri du; 2) bi bider errepikatu du «nik ez nuen ezagutzen»; 3) baina «bataiatzera irten naiz hura Israeli agerian ipintzeko»; 4) Espiritua haren gainera jaisten ikusi dut; 5) ikusi dut eta beraren testigantza dagit.
Baieztapen hauek ere batak bestea osatzen dute, Bataiatzailearen misioa eta berak Jesus aurkitu izana zirriborratuz, Jainkoak bataiatzera bidali duenetik iragarritako pertsonaiarekin topo egin duen arte. Laugarren ebanjelioak eskaintzen digun ikusmenean, Joan Bataiatzailearen bizitzak Jesusen zerbitzuan bakarrik du zentzurik, gainerakoei hura ezagutzera emanez. Bere ikasleengan desilusioa edo nahasmendua sor lezake horrek guztiak, baina bere egitekoa haiei Jesusengana eragitea du, beraien maisuak egin zuen bezala onar dezaten.
Bi oharpen:
−«Jainkoaren bildotsa»ren irudi hori ez dator bat, zehazki, ez pazko-bildotsaren irudiarekin, ez Yom Kippurreko aker mandatariaren irudiarekin; halere aski egoki gogorarazten du Isaias 53ko pertsonaia misteriotsua, bere herriagatik hiltzeko prest den hura eta, protestarik eta ahoa ireki gabe, hiltzera doan hura: «hiltokira daramaten bildotsa» bezala. Kontuan izanik, kanaandarren munduan jainkotasunaren sinboloa zezena zela, beraren indarragatik eta basakeriagatik, kasu honetan bildotsa aukeratzeak aldaketa errotikoa adierazten du, ahularen eta eztiaren aldeko aukera, alegia.
−«Munduko bekatua». Esapide hau hemen bakarrik ageri denez, zail da jakitea zertan datzan munduko bekatua. Arrasto edo seinale bat Joanen lehen gutunak eskaintzen digu: «Munduan den guztia –grina txarrak, begietatik sartzen denaren gutizia eta aberastasunen harrokeria– ez dator Aitagandik, mundutik baizik» (1 Joan 2,16). Hori guztia izango litzateke Jesusek desegin duena. Baina eztabaidagai da arazoa.
Jesusen eginkizun edo misio bikoitza (Lehen irakurgaia: Is 49.3.5-6)
Irakurgai honetako protagonista pertsonaia misteriotsu bat da, Isaiasen liburuaren bukaeran ageri dena. Isaiasen 42., 49., 50. eta 53. kapituluetako askotariko poemak batuz zirriborratu da «Yahveren Zerbitzariaren» irudia, zeini Jainkoak Babilonian erbesteraturik diren juduen konbertsioa gomendatu baitio (salbamen politikoaz Ziro pertsiar erregea arduratuko da). Zerbitzariak, hasiera bateko gogo-berotasun handi baten ondoren, krisialdi sakona jasango du, uste izanik beraren lan guztia alferrik izan dela. Orduan, Jaunak berritu egin dio Israeli dagokion misioa eta, are gehiago, handitu egin dio, mundu osora hedatuz.
Isaiasen poema honek Jesusen misioa ulertzen laguntzen digu: «munduko bekatua kentzekoa». Bi alderdi ditu misio honek. Lehenengoa, Israel herriari dagokiona, herri hori Jaunagana itzultzea da; izatez, hau du Jesusek bere hasierako mezua: «bihotz-berri zaitezte eta sinetsi berri ona». Bigarrena mundu osoari dagokio: nazio guztiak argitu, Jainkoaren salbazioa munduaren azken muturreraino irits dadin; Jesusek Feniziara eta Dekapolisera egin dituen bisita laburrek, samariar gaitzetsiekin izan dituen harremanek Elizaren misio unibertsala sinbolizatzen dute, mugarik eta murrurik gabea.
Oharpena bigarren irakurgaiaz (1 Korintoarrei 1,1-3)
Igande honetatik Urteko zazpigarren igandera (aurten, 2020an, Garizuma otsailaren 25ean hasiko dugu), bigarren irakurgaia 1 Korintoarrei gutunetik (1-3 kapituluetatik bakarrik) hartuko dugu. Liturgiak igandeetako pasarte laburren bidez San Paulo ezagutu dezagun nahi du, baina gogo hori San Paulo batere ez ezagutzean oinarritzen da. Ez da hori Paulo ezagutzeko bidea. Halere, eragin diezaguke gutun hau nork bere gisara irakurtzera; apostoluaren interesgarrienetako bat da, egungotasun handiko arazoez ari da.
José Luis Sicre