LEHEN ZEREGINA (Joan 1,29-34)
Urteko 2. igandea A 2020-01-19
Lehen mendeko ingurumenean kristau batzuek ardura handiaz jokatu zuten Bataiatzailearen jarraitzaileekin nahas ez zitzaten. Aldea, beraien ustez, egundokoa zen. «Bataiatzailearenak» pertsona eraldatzen ez zuen azaleko erritu baten arabera bizi ziren: ur-bataioaren arabera. «Kristauek», aitzitik, Jesusen Espirituari barnez eralda zitzan uzten zioten.
Hau ahaztea hilkorra izango litzateke Elizarentzat. Jesusen mugimenduak ez ditu bere sostengu, ez doktrinak, ez arauak eta ez azaleko errituak. Jesus bera da bere jarraitzaileak bere Espirituaz «bataiatu» edo blaitu behar dituena. Eta Espiritu hau da animatu, sustatu eta eraldatu behar dituena. Espirituaren «bataio» hau gabe ez dago kristautasunik.
Ez genuke ahaztu behar. Elizan dagoena ez dago, ez magisterioaren agirietan, ez teologoen liburuetan. Benetako fede bakarra Jesusen Espirituak bere jarraitzaileen bihotzean eta gogoan suspertzen duena da. Kristau xume eta jator hauek, ebanjelio-intuizioa eta bihotz gupidatsua duten hauek, dira munduan Jesus «berregiten» eta Espiritua txertatzen ari direnak. Hauek dira Elizan dugun alderik hobena.
Zoritxarrez, beste asko dira Jesusen Espirituaren indar hori esperientziaz ezagutzen ez dutenak. «Bigarren eskuko erlijioa» bizi dute. Jesus ez dute, ez ezagutzen, ez maite. Soil-soilik, bestek esana sinesten dute. Beraien fedea Elizak esaten duena sinestean datza, hierarkiak esaten duena edota adituek idazten dutena, nahiz eta ez duten esperimentatu bihotzean Jesusek bizi izan zuenetik ezer. Normala denez, urteak joan ahala, halakoek kristautasunari dioten atxikimendua saretuz joaten da.
Kristauok gaur egun behar dugun lehen gauza ez dira kristau-ikasbideak, kristau-irakaspena zuzen definituko dutenak, ezta oharpenak ere, arau moralak zorrotz zehaztuko dituztenak. Jendea ez da eraldatzen horrekin bakarrik. Bada aurretiazko eta erabakitzaile den beste zerbait: elkarteetan Jesusen irudia kontatzea, fededunei laguntzea ebanjelioarekin zuzeneko harremanak izaten, irakastea Jesus ezagutu eta maitatzen, elkarrekin bizitzen ikastea Jesusen bizieraren eta espirituaren arabera. «Espirituaren bataioa» berreskuratzea: ez ote da hau Elizaren lehen zeregina?
Jose Antonio Pagola