Urteko 2. igandea A (2020-01-19)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko irakurgaiek dei handi bat egin digute: parte hartzeko Jainkoaren erreinua eraikitzen: Jainkoak nahi duen bakearen, adiskidetasunaren, maitasunaren erreinua.
Lehenengo irakurgaian, Babiloniako erbestealdian bere fedeari irmo eutsi dion taldetxoa du buruan idazleak: taldetxo hura izango da argia, ez bakarrik Israel herriarentzat, baita herri guztientzat ere.
Bigarren irakurgaian, Paulok, Korintoko kristau-taldeari idaztean, mundu osoa du gogoan.
Ebanjelioan, Joan Bataiatzailearen arabera, mundu guztia salbatzeko, bere burua eskaini duen bildotsa da Jesus.
Gogoan izan behar dugu, hizkuntza erlijiosoa, bai Bibliakoa, bai liturgiakoa, hizkuntza metaforikoa dela beti, sinbolikoa dela: irudiz eta imajinez moldatua. Poesian bezala gertatzen da: haurrak amari «ogia» esaten dionean, badaki amak zer gauza zehatz eman; «gizakia ez da ogitik bakarrik bizi» esaten dugunean, ogi materiala ez den beste zerbait ulertzen dugu.
«Hau da Jainkoaren bildotsa, munduko bekatua kentzen duena» hots egin zuen Joan Bataiatzaileak Jesus ikus zuen batean.
Baina Jesus ez da arkume bat, ez da bildots bat. Zer esan nahi du Joanek hitz hori Jesusez esatean? Jesusen garaiko jendearentzat, «bildotsak» sentimendu eta tradizio asko iradokitzen edo sujeritzen zituen.
Bildotsak Biblian gauza askori egiten dio erreferentzia. Juduek, Egiptoko esklabutzatik irten ziren gauean, bildotsa jan zuten; askapen hura gogoratzeko, urtero Pazkoan arkumea edo bildotsa jango zuten. Isaias profetaren laugarren kantikak hau dio besteen onagatik sufritzen ari den zerbitzariaz: «hiltzera daramaten arkumeak bezala» (Is 53,7); guretzat salbagarri den zerbitzariaz ari da. Apokalipsi liburuan, berriz: «Borroka egingo diote Bildotsari, baina honek garaitu egingo ditu… eta berarekin batera garaile izango dira Jainkoak deitu eta aukeratu dituenak eta leial izan zaizkionak» (Ap 17,14).
Eta Joan Bataiatzailearen hitzak berriro: «bildotsa, munduko bekatua kentzen duena». Munduko bekatua. Zer da mundu bekatua? Noizbait, «egiturazko bekatua» bezala itzuli edo azaldu izan da. Ez du ematen hain gauza sinplea denik.
Gutxi-asko, honelako zerbait izango litzateke: «behin batean, jendetzak pertsona baten kontra egin zuen, itsu-itsuan; nik banekien pertsona hura ez zela erruduna, baina ez nintzen ausartu hitz egitera, ez zidaten kasurik egingo, segur aski neure kontra hasiko ziren; errudun sentitzen naiz, baina errua ez zen nirea».
Hori ote da «munduko bekatua»? Joan Bataiatzaileak bezala, Jainkoaren maitasunaren testigu izateko deia jaso du fededunak. Ez da aski «hori gaizki dago» esatea. Joan Bataiatzailearen hitzetan, «munduko bekatua KENTZEN DUEN BILDOTSA» da Jesus. Fedeak konpromisoa esan nahi du. Fededun izatea, testigu izatea arriskua onartzea da. Bekatua kentzen, desegiten, saiatu behar du fededunak.
Aukera ona dugu gogoeta egiteko, ez bakarrik bekatu pertsonalaz; baita munduko bekatuaz ere. Egun hauetan apaizen pederastiaz asko eta asko hitz egiten da. Krimen hori handia eta izugarria izanik ere, hori al da gaur egungo munduko bekatua? Gure Elizan, zorionez , asko hitz egiten dugu migratzaileen eta aterpetuen zoriaz. Presoen aldeko manifestazioa egin da duela gutxi Euskal Herrian. Ireki ditzagun begiak. Saia gaitzen munduan egiaren, zuzentasunaren, bakearen ARGI izaten; honetarako gonbita egin digu, lehen irakurgaian, Isaias profetak.
DIONISIO AMUNDARAIN