Lehenengo profeta eta lehenengo ikasleak
Testua: José Luis Sicre.
Aurkezpena: Bene…
Euskaraz: D. Amundarain
Urteko 2. igandea B (2015-01-18)
2.-Joan den igandean, bataioaren kontakizuna irakurri genuen. Markosen ebanjelioari jarraitu bagenio, Jesusen tentazioena izango zen segidakoa. Baina, zapping liturgiko baten mirari batean, ebanjelioz aldatu eta Joanena entzungo dugu gaur.
3.-Laugarren ebanjelioak ez dakar Jesusen bataioa. Baina badio, Joan bataiatzen ari zen lekura joan zela Jesus, eta han harremanetan hasi zela geroago bere ikasle izango zituen batzuekin. Pasadizo hau girotzeko, eta kontraste handiz, gaurko lehenengo irakurgaiak Samuelen bokazioa dakar.
4.-Profeta baten bokazioa.
Samuel ez da lehenengo profeta. Bera baino lehenago, Abrahami ematen zaio titulu hori. Baita bi emakumeri ere: Mariari, Moisesen arrebari, eta Deborari.
5.-Alabaina, lehenengo profeta handia, herriaren bizitza erlijiosoan eta politikoan eragin handia izan zuena, Samuel da. Horregatik da halako ardura handia, haren bokazioaren berri emateko, aditzera emateko zer den profeta bat eta nolako portaera duen Jainkoak halako batekin.
6.-Pasadizo hau bakarrik irakurriko duenak ezer gutxi ezagutu du Samuel; gehienera ere, mutiko bat dela, Eli apaiz nagusiaren zerbitzura dagoela eta aldameneko logelan lo egiten duela.
7.-Ez du jakingo amak txikitandik sagaratu zuela Siloko tenplurako, eta, geroago, profeta-bokazioa zela medio, funtsezko betekizuna izan zuela Israelen monarkia sartzen eta lehen erregeak, Saul eta David, hautatzen.
8.-Gauza bitxia bada ere, kontakizunak datu gehiago ere eskaintzen dizkigu Jainkoaz. Gizon-mota jakin bat, profeta bat, aukeratzen duen Jainko bezala ageri da, bere gogoa aditzera emateko.
9.-Aldi berean, izaki arraro bezala agertu da Jainkoa, nahasgarri bezala, saguaren eta katuaren jokoa gustatzen zaiona bezala, mutikoa ohetik hiru aldiz jaikiaraziz, berari garbi hitz egin aurretik.
10.-Azkenean, profetari oso hurbileko agertu zaion hori, bizitza osoan profetaren lagun izango den hori, oso Jainko zorrotz agertu da, kasik krudel: mutikoari beraren adinerako guztiz gogorra den eginkizuna leporatu dio: bizilagun izan duen eta aita bezalako izan duen apaiza kondenatzeko eginkizuna. Hau ez da ageri gaurko irakurgaian; liturgiak alde batera utzi du sail hau, gaurko irakurlea ahogozo uzteko.
11.- Hitz batean esateko, Profeta baten bokazioak biziera aldarazteaz gain, Jainkoa ezagutzen laguntzen digu.
12.-Ikasleen bokazioa.
Liturgiak berriro jo du guraizeak erabiltzera, laugarren ebanjelioko testua mozteko. Jesus bost ikasleekin harremanetan nola jarri den kontatzen digu: Andres eta beste bat izendatu gabea (Joan dela pentsatu ohi da), Simon Pedro, Felipe eta Natanael. Gaurko testuan, zoritxarrez, kendu egin dute Feliperen eta Natanaelen aipua.
13.-Izugarria da testu honek Samuelen bokazioarekin duen kontrastea. Samuelena santutegian gertatu da, gauez, errepikatu den ahots misteriotsu bat entzun du mutikoak eta mezu txundigarri bat. Joanen hau oso era gizakoian gertatu da, oso normal: aurrez aurreko hizketa da,pasadizo guztiak Jesusengan jarrarazi du atentzioa, deitzen duena Jesus bera ez bada ere, Feliperen kasuan adibidez.
14.-Erreakzioak desberdinak izan dira: lehenengo bi ikasleen jakin-min hutsetik hasi, eta Natanaelen eszeptizismo ironikoraino, tartean Andresen eta Feliperen gogo-berotasuna agertu delarik.
15.-Bi datu komun.
1. Kontakizun bietan, bokazioak aldatu egiten du biziera. Aurrerantzean, «Jauna Samuelekin zegoen», eta ikasleak Jesusekin zeuden. Aldaketa hau, batez ere Pedroren kasuan azpimarratu da, zeini izena aldatu baitio Jesusek, Kefas ezarriz.
16.-Aldaketa honek zer esan nahi duen ez du jakingo irakurleak laugarren ebanjelioa irakurri arte. Samuel erabat Jainkoaren zerbitzura zegoen bezala, hala egongo dira Pedro eta ikasleak Jesusen zerbitzura.
17.-2. Bokazioak Jainkoaren agerpena ekarri du Samuelen kasuan, eta Jesusen agerpena ikasleen kasuan. Bokazio bakoitzak ekarri ohi du datu berri bat Jesusez, berri guztien artean mosaiko bat eratzen duten ñabardurak izango bailiran.
18.-Joan Bataiatzaileak «Jainkoaren Bildotsa» deitu dio Jesusi; lehen bi ikasleek Rabi-tzat hartu dute, Maisutzat; Andresek Pedrori Jesus Mesias dela esan dio; Felipek Natanael-i esan dio Moisesek eta profetek deskribatzen duten hura dela: Joseren semea, Nazaretekoa, eta Natanael eszeptikoak, azkenean, «Jainkoaren Semea, Israelgo erregea» deitu dio Jesusi.
19.-Konpromiso bat guretzat.
Jesusen jardueraren hasieran kokatu gaitu Liturgiak. Jesus gero eta gehiago ezagutzen joango gara igande bakoitzeko irakurgaien laguntzaz. Baina ezin gelditu gara ezagutza intelektual hutsarekin. Samuelek bezala, ikasleek bezala, konprometitu beharra dugu Jainkoarekin, Jesusekin.