Joan Bataiatzailearen testigantza
Urteko 2. igandea A 2017-01-15
Joan den igandean Jesusen Bataioa gogoratu genuen. Markosen eta Lukasen ebanjelioetan, Joan Bataiatzaileak ez du hitz egiten. Mateorenean, solasaldi labur bat egin du Jesusekin; ez du ulertzen zertan datorkion hau bataioa eskatuz. Laugarren ebanjelioak beste bide bat hartzen du, oso bestelakoa: Jesus Jordanera doa, baina ez du bataiorik aipatzen; aitzitik, Joan Bataiatzailearen hitzaldi labur bat dakar. Igande honetan irakurri dugun testua da (Jn 1,29-34).
Eszena irudikatuz
Testu hau ulertzeko erarik hobena eszena irudikatzea da, Bataiatzailearen ikasleetako bat edo beste bihurtzea. Hari entzuteko eta hark bataia ditzan ibilbide luze eta nekosoa egin dutenetako bat edo beste bihurtzea, haren ikasle egiteko gauza orori uko egin diotenetako bat edo beste. Haientzat, Joan da gauzarik handiena. Bat-batean, Jesus agertu da, ezezagun bat, eta Joanek hartaz esan dienak nahasarazi egin ditu erabat.
Ezezagun hori, lehenik eta behin, munduko bekatua kentzen duen Jainkoaren bildostzat aurkeztu die. Formula arrotza; bertako inork ere ez du ulertu ondo zer esan nahi duen; halere, Jainkoarekin erlazio estua duen norbait dela iradoki die, baita bekatuen barkazioarekin ere. Beraiek bekatuen barkamenerako bataioa bila joan zaizkio; orain, berriz, bekatua kentzen duen pertsonaia bat agertu zaie.
Joanek esanez jarraitzen du ezezagun hori bera baino handiagoa dela, bera baino lehenagotik bizi zela. Eta entzuleek harriturik geldituko ziren Jesusi begira, beren burua konbentziarazi nahiz Jesus zaharragoa dela, Joanek askoz ere zaharragoa ematen duen arren, agian hainbat penitentzia egin duelako eta matxinsaltoz eta basaeztiz bakarrik elikatu izan delako. Baina entzuleei iruditu zaie Joan ez dela ari adinaz bakarrik: iradokitzen die Joanek ezezagun hori bera baino inportanteagoa dela.
Eta argi eta garbi gelditu da hori gehitu duenean: Uso baten irudiz, zerutik jaitsi den Espiritua ikusi, berarekin gainean jartzen. Entzuleen artean juduen teologia ezagutzen duenik baldin bada, zoramenera iritsiko zen haren harridura; izan ere, rabino askok dio, Jainkoaren Espirituak mendeak daramatzala agertu gabe. Oso handia izan behar du ezezagun horrek, kontuan izanik, Espiritua hartzeaz gainera, eskualdatu ere eskualdatzen duela berak Espiritu hori bera bataio berri batean, Joanena ez bezalakoan.
Azkenik, bukatu du Joanek, esanez ezezagun hori Jainkoaren Semea dela. Jakina, Joanen entzuleek ez zuten interpretatuko esamolde hori guk bezala. Haientzat, «Jainkoaren Semea» ez da «Hirutasun Santuko bigarren pertsona». Israelgo erregea aipatzeko molde bat dute haiek, Jainkoak semetzat hartua. Argi utziko dute hori Natanaelek geroago esango dituen hitzek, Jesusez ari dela: «Zu Jainkoaren semea zara, zu Israelgo erregea zara» (Joan 1,49).
Joanen entzuleak txunditurik geldituko ziren, eta galdezka: zein da, gero, munduko bekatua kentzen duen hau, Joan baina garrantzizkoagoa den hau, Espiritua gainera etorri zaion hau, bataio berri batean Espiritua ematen duen hau, Israelgo erregea den hau? Inondik ere −esango zuten−, Mesias da, itxurarik ez duen arren.
Ebanjelioa irakurriz
Eszena kontenplatzea baliabide bikaina da ebanjelioan sakondu eta ulertzeko; baina irakurketa «zientifikoak» laguntzen du beste alderdi batzuk ere topatzen.
Hau da garrantzizkoena: Joan Bataiatzaileak ez zuela jaulki hitzaldi hau; hari leporatutako hitzak ebanjelariaren baliabide bat dira, gugan, hasieratik beretik, jakin-mina eta arreta eragiteko bere historiako protagonistaz, apur bat geroago lehen ikasleei gertatuko zaien bezala.
Beste alderdi horietan, irakurketa zientifikoak talka egiten du, kasu honetan, misterio-multzo baten kontra:
−«Jainkoaren bildotsa»ren irudi hori ez dator bat, zehazki, ez pazko-bildotsaren irudiarekin, ez Yom Kippurreko aker jasailearen irudiarekin; halere aski gogorarazten du Isaias 53ko pertsonaia misteriotsua, bere herriagatik hiltzeko prest den eta, protestarik gabe eta ahoa ireki gabe, «hiltzera daramaten bildotsa» bezala hiltzera doan hura. Kontuan izanik kanaandarren munduan jainkotasunaren sinboloa zezena zela, bere indarragatik eta basakeriagatik, bildotsa aukeratzeak aldaketa errotikoa adierazten du, ahularen eta eztiaren aldeko aukera, alegia.
−«munduko bekatua». Esapide hau hemen bakarrik ageri denez, zail da jakitea zertan datzan munduko bekatuak. Arrasto bat Joanen lehen gutunak eskaintzen digu: «Munduan den guztia –grina txarrak, begietatik sartzen denaren gutizia eta aberastasunen harrokeria– ez dator Aitagandik, mundutik baizik» (1 Joan 2,16). Hori guztia izango litzateke Jesusek desegiten duena. Baina eztabaidagai da arazoa.
Jesusen eginkizun edo misio bikoitza (Is 49.3.5-6)
Joan Bataiatzaileak esan du «munduko bekatua kentzea» dela Jesusen misioa. Lehen irakurgaiak, oso testuinguru desberdinean idatziak, eginkizun berorren bi alderdi osagarri aipatzen ditu. Lehena Israel herriari dagokio: leinuak elkartzea erbestearen ondoren, Jaunagana erakartzea. Bigarrena mundu osoari dagokio: nazio guztiak argitzea, Jainkoaren salbazioa munduaren azken puntaraino iritsi dadin.
José Ignacio Sicre