GUTXIENA USTE IZANGO DUZUENEAN

Urteko 19. igandea C 2019-08-11

Oporretako hilabete honetan (Europan bederen), segurtasun eta zaintza-gomendioak errepikatzen diren honetan, liturgiak ere zain-zain bizitzera gonbidatzen gaitu, arazo desberdinetan bada ere.

Ebanjelioaren irakurpen laburraren alde (Lukas 12,32-48 kontra 12,35-40)

Apaizak, igande honetan, bien artean aukera egin dezake: ebanjelioaren irakurpen luzea nahiz laburra. Bi arrazoi ageri dira laburra hartzearen alde: 1) irakurpen luzeak hiru zati ditu: bigarrenak eta hirugarrenak zerikusia dute zain-zain bizitzearekin; lehena, berriz, Jainkoaren Arduraren sailaren azkena da, baina gaurko ebanjelioan ez dator osorik; 2) hirugarrenak apostoluei (gaur egungo gotzainei eta apaizei) esleitzen die bigarrenean kristau guztientzat esan dena. Beraz, irakurpen laburra hartzea dugu aukerarik hobena, luzearen bigarren zatia hartzen duena.

Hiru nagusi oso desberdin

Ebanjelioa presaka irakurtzen bada, ematen du pertsonaia berez mintzo dela: zerbitzari batzuk eta beraien nagusia. Alabaina, kontuan izanik Jesusen hitzaldiak ebanjelariek idatzi dituztela, Jesusek une desberdinetan jaulkitako esaldi solteak batuz, testua arretaz irakurtzen bada, hiru nagusi ageri dira:

1.-Eztei-jai batetik itzuli dena; zerbitzariek zain egon behar izan dute, atea irekitzeko.
2.-Nagusi bat, auskalo nondik etorria den; zerbitzariak zain-zain aurkitu ditu eta, poz-pozik, haiei zerbitzatzen hasi da.
3.-Nagusi bat, zerbitzarik ez duena; jakin du, gau horretan lapur bat etorri behar zaiola, eta zain-zain egon da.

Hiru irudi hain desberdin lotzen dituena zain egotearen ideia da; zerbitzariak beren nagusiaren zain egon dira (1. eta 2. kasuak); nagusia lapurra noiz etorriko zain egon da (3. kasua).

Hau guztia, irakaspenik garrantzizkoena eskualdatzeko da: guk ere zain-zain bizi beharra dugu, Gizonaren Semea noiz etorriko zain.

Testuaren arazo psikologikoa

Gizonaren Semearen etorrerari dagokionez zain-zain eta esperoan bizitzeaz hitz egitea, jendea bere buruari haize ematen ari denean edota meza bukatzean zer egingo pentsatzen ari denean, erronka handia da apaizarentzat. Axola al zaio jendeari egiaz hori guztia? Eman dezagun axola zaiola; eskatzen ahal zaio etengabe zain-zain bizitzea, gerrikoa loturik eta zuzia pizturik, ebanjelioak dioenez?

Gauza ona izango litzateke jendeak galdera hau planteatzea eta erantzutea: «Ez zait batere axola, ez naiz jartzen sekula Jesus noiz itzuliko den pentsatzen, eta esaten badidate, kontua ez dela Jesus berehala itzultzea, baizik eta edozein unetan hil naitekeela eta berarekin aurrez aurre aurkitzea, nahiago dut ez garraztu neure burua heriotzaren ideiaz.

Erantzun egiati honek alde on bat izango luke: pentsatzera eragingo liguke, Jesusek gure bizitzan zer leku duen. Asko maite dugun norbait, baina bera ikusteko presarik ez dugula eta, zenbat eta gehiago atzeratu topaketa, hobetzat ematen dugula? Adiskidetasun bitxia, baina oso sarritakoa kristauen artean.

Zain-zain bizitzeak ez du esan nahi estu eta larri egotea

Aurreko hori eta guzti, jenderik gehienak bizi du egunero gaurko ebanjelioaren mezua. Gerrikoa loturik eta zuzia pizturik bizi da. Norberaren betebeharrak egoki betetzea baita zain bizitzea, eta kristaurik gehienek egiten dute hori.

Hauxe da ebanjelioaren hirugarren zatiak (irakurpen laburrean irakurtzen ez denak) argi uzten duena. Pedrok galdetu dio Jesusi, nagusiaren eta zerbitzarien parabola hori beraiengatik ala guztiengatik esan duen. Eta beste parabola batez erantzun dio Jesusek; honetan ez da mintzo nagusi batez eta beraren zerbitzariez bakarrik, baizik eta zerbitzarien buru den administratzaile baten irudia tartekatu du (garbi ageri da Pedrori eta kristau-elkartearen arduradunei egindako aipua).

Administratzaile honek bi jarrera izan ditzake: bere menekoekin bere betebeharra ondo bete edota nagusiaren absentziaz baliatu zerbitzariei tratu txarra eman eta bera ondo bizitzeko. Garbi dago, zain bizitzea ez datzala estu eta larri bizitzean heriotza-ordua burutik kendu ezinik, baizik eta ondo betetzean Jainkoak bakoitzari gomendatu dion eginkizuna.

Lehen irakurgaia (Jakinduria liburutik 18,6-9)

Lehen irakurgaiak bi ukipen-puntu posible ditu ebanjelioarekin.

Lehen ukipen-puntua: zain bizitzea salbazioaren esperantzaz

Jakinduria liburuak Israel herria Egiptotik askatua izan zeneko gaua du gogoan.
Ebanjelioak, berriz, Jesusen bigarren etorrerak ekarriko duen salbazioa.
Bietan azpimarratu da zain bizitzearen jarrera, nola israeldarrentzat ala kristauentzat.

Bigarren ukipen-puntua

Egiptotik irtetetan, ondasunak partekatzeko konpromisoa hartu dute israeldarrek: solidario izango ziren arriskuetan eta ondasunetan.
Ebanjelioan, urrunago joatera animatu ditu Jesusek kristauak: Saldu zeuen ondasunak eta egin limosna; pilatu zeruan hondatuko ez diren ondasunak, huts egingo ez dizueten aberastasunak. (Ukipen-puntu hau, irakurpen luzearen hasiera irakurtzean bakarrik nabari da)

José Luis Sicre