Udako ernetasuna
Urteko 19. igandea C (2016-08-07)
Oporretako hilabete honetan (Europan gutxienez), segurtasun eta ernetasun-aholkuak errepikatzen diren honetan, liturgiak ere erne egotera gonbidatzen gaitu, nahiz eta gai oso desberdinetan.
Apaizen esku
Apaizak aukera dezake igande honetan testu luzea nahiz laburra. Bi arrazoi daude laburra aukeratzeko: a/ abuztuko beroa Europan eta hotza Ameriketan; 2/ irakurgai luzeak hiru gai nahasi ditu, haietako bi oso desberdinak, eta zorarazi litzake bai predikatzailea, bai entzuleak. Beraz, laburrera mugatuko naiz; halere, azkenean, oharpen labur batzuk egingo ditut azkenean luzeaz.
Hiru jaun oso desberdin
Ebanjelioa presaka irakurtzen bada, eman lezake pertsonaia berdinez ari dela: morroi batzuk eta nagusi bat. Alabaina, kontuan izan behar da Jesusen diskurtsoak ebanjelariek idatzi dituztela, Jesusek une desberdinetan jaulkitako esaldi solteak batuz; hartara, testua arretaz irakurtzen bada, hiru nagusirekin egingo dugu topo.
1.- Ezteietatik itzuli den nagusi bat; morroiek haren zain egon behar dute, atea irekitzeko.
2.- Nagusi bat, nondik datorren ez dakiguna; morroiak bere zain aurkitu ditu eta, poz-pozik, zerbitzatzen hasi zaizkio.
3.- Morroirik ez duen nagusi bat; jakin du, gau horretan lapur bat etorriko zaiola, eta haren zain egon da, esna.
Hain desberdinak diren irudi hauek lotzen dituena zain egotearen ideia da: morroiak beren nagusien zain egon dira (1. eta 2. kasuak); nagusia lapurraren zain egon da (3. kasua).
Eta hau guztia irakaspenik garrantzizkoena emateko izan da: guk ere zain-zain bizi behar dugu, Gizonaren Semea noiz etorriko zain.
Testuaren arazo psikologikoa
Jendea bere buruari haize ematen edota meza ondoren zer egingo pentsatzen ari denean, erne bizitzeaz eta Gizonaren Semearen etorreraren esperoen bizitzeaz hitz egitea erronka bat da apaizarentzat. Axola al zaio jendeari benetan hau guztia? Axola bazaio, eskatu al daiteke etengabe erne bizitzea, gerrikoa loturik eta argiontzia pizturik, ebanjelioak dioen bezala?
Oso ondo legoke jendeak galdera hauek planteatu eta erantzutea: «Ez zait axola batere, ez diot ematen Jesusen bigarren etorreraren gainean pentsatzeari, eta esaten badidate kontua ez dela hura laster etortzea, baizik eta edozein unetan hil naitekeela eta harekin topo egin dezakedala, nahiago dut ez atsekabetu hiltzean pentsatuz».
Erantzun egiati honek alde on bat izango luke: Jesusek gure bizitzan zein leku duen pentsatzera eramatea. Asko maite dugun norbait, baina bera ikusteko inolako presarik ez, eta zenbat eta gehiago atzeratu harekin topo egitea, askoz hobe dugula? Adiskidetasun bitxia, baina oso sarritakoa kristauen artean.
Erne egoteak ez du esan nahi estu eta larri bizitzea
Aurreko hori guztia gorabehera, jenderik gehienak bizi du egunero gaurko ebanjelioaren mezua. Gerrikoa estuturik bizi da eta argiontzia pizturik. Izan ere, erne egotea nork bere betebeharrak egoki betetzean datza.
Hori garbi gelditzen da ebanjelioaren segidan (alde batera utzi daitekeenaren segidan). Hartan, Pedrok galdetu dio Jesusi, nagusiaren eta morroien parabola beraiengatik kontatu ote duen ala guztiengatik. Eta Jesusek beste parabola batez erantzun dio. Oraingoan ez da mintzo nagusi batez eta haren morroiez; zerbitzarien buru den administratzaile baten irudia tartekatu du (argi dago Pedrori eta kristau-elkarteko arduradunei egindako erreferentzia).
Administratzaile honek bi jarrera har litzake: bere betebeharra menpekoekin ondo bete edota nagusiaren absentziaz baliatu morroi-neskameei tratu txarra eman eta ondo bizitzera jo. Argi dago, erne bizitzea ez datzala estu eta larri bizitzean heriotzako ordua gogoan hartuz, baizik eta Jainkoak bakoitzari gomendatu dion egitekoa ondo betetzean.
Lehenengo irakurgaia
Lehenengo irakurgaia Jakinduria liburutik (18,6-9) hartua da. Ebanjelioarekin bi harreman-puntu posible eskaintzen ditu.
Lehen harreman-puntua: erne bizi salbazioa esperoz
Jakinduria liburuak Egiptotik askatu izanaren gaua du buruan.
Ebanjelioak, berriz, Jesusen bigarren etorrerak ekarriko duen salbazioa.
Kasu bietan azpimarratu da erne egotearen jarrera: israeldarrena eta kristauena.
Bigarren harreman-puntua
Egiptotik irtetean, ondasunak partekatzeko konpromisoa hartu dute israeldarrek: solidario izango ziren arriskuetan eta ondasunetan.
Ebanjelioan, urrunago joatera animatu ditu Jesusek kristauak: Saldu zeuen ondasunak eta eman limosna: egin hondatzen ez diren zorroak, eta ahitu ezineko altxor bat zeruan. (Harreman-puntu hau nabaritzeko, irakurgai luzearen hasiera irakurri behar da).
José Luis Sicre