GUTXIENGOAN BIZI Lukas 12,32-48
Urteko 19. igandea C 2019-08-11
Lukasek bere ebanjelioan hitz bereziak bildu ditu, Jesusek bere jarraitzaileei zuzenduak, guztiz amultsu eta samurrak. Sarritan, oharkabeki irakurri edo entzun ohi dira. Alabaina, gure parrokietan edo kristau-elkarteetan arretaz irakurriz gero, egun-egunekoak dira harrigarriki. Horixe da Jesusengandik entzun behar duguna fedea bizitzeko oso erosoa ez den aldi honetan.
«Ene artaldetxoa». Egundoko txeraz begiratzen dio Jesusek jarraitzaileen talde txiki bati. Gutxi dira. Gutxiengo baten bokazioa dute. Ezin pentsatu dute gauza handiosetan. Honela imajinatzen ditu Jesusek beti: «legamia» pixka bat bezala, orean nahasia; «argi» txiki bat bezala, ilunpean; «gatz» eskutada bat bezala, biziari gustua emateko.
«Kristau-inperialismoa» mendetan bizi ondoren, Jesusen ikasleok gutxiengoan bizitzen ikasi beharra dugu. Gauza okerra da Eliza boteretsu eta indartsu bat amestea. Gauza engainagarria da mundutar boterearen bila ibiltzea edo gizartea dominatu nahi izatea. Ebanjelioa ezin ezarri da indarrez. Jesusen erara bizi direnek kutsatzen dute, bizitza gizakoiago eginez.
«Ez izan beldurrik». Jesusen kezka handia da. Ez ditu ikusi nahi bere jarraitzaileak beldurrak harrapaturik edota etsipenean lur jota. Ez dituzte galdu behar sekula konfiantza eta bakea. Gaur egun ere artalde koxkor bat gara, baina Jesusi oso atxikirik bizi gaitezke; gidatzen eta defendatzen gaituen artzaina da hura. Geure aldi hau bakean bizitzeko modua eman diezaguke hark.
«Zuen Aitari egoki iruditu zaio zuei erreinua ematea». Beste behin gogorarazi die hori Jesusek. Ez dute sentitu behar umezurtz direnik. Aita dute Jainkoa. Hark gomendatu die bere erreinuaren egitasmoa. Erregalu handia da. Geure elkarteetan denik eta gauzarik hoberena da: bizitza gizakoiago egiteko eginkizuna, historia bere behin betiko salbaziora bideratzeko esperantza.
«Saldu zeuen ondasunak eta egin limosna». Jesusen jarraitzaileek artalde koxkor bat dira, baina ezin izan dira sekula sekta bat, bere probetxu propioan hesitua. Ezin bizi dira inoren premiari ezikusiarena eginez. Atea zabal-zabalik duten elkarte izan behar dute. Beren ondasunak partekatuko dituzte laguntza- eta solidaritate-beharrean direnekin. Limosna egingo dute, hau da, «errukia» eskainiko. Hau da termino grekoaren jatorrizko esanahia.
Kristauek alditxo bat beharko dugu oraino, gutxiengo batean bizitzen ikasteko, gizarte sekular eta plural baten barnean. Baina bada atzeratu gabe egin dezakegun eta egin behar dugun zerbait: geure elkarteetan bizi dugun giroa aldatu eta ebanjelikoago bihurtu. Frantzisko aita santua bidea adierazten ari zaigu bere keinuen eta bere bizieraren bidez.
Jose Antonio Pagola