Inoiz baino gehiago behar ditugu (Lukas 12,32-48)
Urteko 19. igandea C 2016-08-07
Lehen kristau-belaunaldiak beharturik gertatu ziren arazo erabakitzaile bati aurre egitera. Kristo berpiztuaren etorrera atzeratzen ari zen, hasiera batean uste izan zuten baino gehiago. Luze jotzen hasi ziren itxarote hura. Nola eutsi bizirik esperantzari? Nola ez etsi, ez nekatu, ez amore eman?
Ebanjelioetan xede bakarra duten aholku, parabola eta dei asko ikusten dugu: kristau-elkarteen erantzukizuna bizirik gorde nahi dute. Ezagunenetako batek dio: «Bizi gerrikoa loturik eta argiontziak pizturik». Zer esan nahi dute hitz hauek guretzat, hogei mende geroago?
Irudi biak dira oso esanguratsuak. Beren jauna noiz itzuliko, gauez zain diren zerbitzariek behar duten jarrera adierazten dute, hark deitu orduko atea ireki diezaioten. «Gerrikoa loturik» bizi behar dute, hau da, tunika bildurik, egoki mugitzeko eta zalu jarduteko. «Argiontziak pizturik» bizi behar dute, etxea argiturik eta esna egoteko.
Jesusen hitz hauek dei dira gaur egun ere erne eta erantzukizunez bizitzeko, geldo eta erdi lo egon gabe. Elizaren historian izan ohi dira gau gertatzen diren mementoak. Halaz guztiz, ez dira argiak itzali eta lo egiteko memento. Itzulikatzeko memento dira, geure fedea esnatzeko memento eta etorkizunerantz bide egiteko memento, Eliza zahar eta nekatuan berean ere.
Elizak gaur beharrezkoa duen eraldaketa bultzatzeko oztoporik handienetakoa kristauen pasibotasun orokortua da. Tamalez, mende askotan, batez ere meneko eta pasibo izateko hezi izan dugu jendea. Gaur berean ere, tarteka, badirudi ez dugula jende horren beharrik Jesu Kristorekiko leialtasunean bide berriak pentsatzeko, proiektatzeko, sustatzeko.
Horregatik eta joera horren kontra, baliotzat eman, artatu eta eskertu beharra dugu laikoen artean nabari den kontzientzia berria, bai Kristorekiko atxikimendua, bai eliztar izatea era argian eta erantzukizunezkoan bizitzeko. Dudarik gabe, laikoez zuzenean eta berariaz jardun den lehenengo kontzilioa izan den Vatikano II.aren fruiturik baliotsuenetakoa da.
Fededun hauek, Jesusi leial jarraitze aldera berriztatzen ari diren parrokien eta elkarteen legamia izan daitezke. Kristautasunaren potentzialik handiena dira. Inoiz baino gehiago behar ditugu, egungo munduaren problemei begira eta egungo gizon-emakumeengandik hurbil biziko den Eliza eraikitzeko.
Jose Antonio Pagola