URTEKO 19 IGANDEA B (2015-08-09)

SARRERA

Senideok, Jesus, gaurko ebanjelioan, ogi bizi bezala agertuko zaigu, zerutik jaitsi den ogi bezala. Bizia ematen duen ogia da. Horrela onartu izan du kristau-tradizio osoak, eta izen hauek eman izan dizkio: aingeruen ogia, Aitagana erromes doan jendearen ogia, seme-alaben ogia, benetako ogia. Artzain onak ematen digun ogia da; bere mahaian eserarazten gaitu, janaritzen gaitu, defendatzen, indartzen, animatzen, pozten gaitu.
Basamortuan Moisesek herriari eman zion ogi hura, mana alegia, Jesusen ogi honen sinboloa da. Elias profeta basamortuan lur jota zegoenean Jainkoak eman zion ogi misteriotsu hura ere, Jesusen ogi honen sinboloa da.
Senideok, ez dezagun utzi alde batera Jesusek eskaintzen digun bizi-ogia. Ez dezagun alferrik galdu. Baizik eta onar dezagun gogo handiz; haren laguntzarekin askoz errazago beteko dugu geure egitekoa mundu honetan. Ikusgarriago gertatuko zaigu eginkizun hori, zerutar ogi horrek ematen digun betiko biziarekin ikuspegia begi aurrean dugula. Konturatuko gara, ogi horren argiz, munduko gure eginkizuna Jesusena bera dela: mundua gizakoiago, adiskidetsuago, anai-arreba artekoago egitea dela.
Hain zuzen, Jesusek berarekin bat egiteko janaria ematen badigu, mundualdi honetan berak egin duena egiteko eman digu: Jainkoaren erreinua eraikitzen esku hartzeko.

LEHEN IRAKURGAIA Erregeen lehen liburutik (19,4-8)

Kristo aurreko bederatzigarren mendekoa dugu Elias profeta. Elias baino mende bat lehenago, Daviden eta Salomonen erreinu handi hura bitan banatua zen: Iparraldeko Erreinua eta Hegoaldeko Erreinua. Eliasi Iparraldeko Erreinuan suertatu zitzaion bizitzea. Bere eginahal guztiaz, Yahverekiko fede tradizionala gordetzen saiatu zen; batez ere, Jezabel erreginak sortu zuen mugimendu paganoaren aurka. Elias hain sendo eta gogor ikusirik, erreginak eta haren profeta ofizialek hil egin nahi zuten Elias. Eta ihesi joan zen Elias. Basamortuan bakartasunak eta estutasunak jo zuten gure profeta, eta hiltzea eskatu zion Jainkoari. Baina Jaunak janari misteriozko bat eman zion, eta Moisesek herriari legea eman zion Horeb mendira iritsi zen. Elias bere fedearen jatorriaren bila zebilela adierazi nahi du horrek guztiak.
Gaurko testu honek joan den igandean entzun genuen Irteera liburuko mezu bera dakar. Israel herriak basamortuan Moisesen eskutik bezala, Eliasek ere Jainkoaren ogia jan zuen basamortuan. Biak dira Jesusek eman digun ogi biziaren sinbolo; haiek sinbolo; Jesusena egiazko bizi-ogi, Jainkoaren arabera bizitzen eta lan egiten laguntzen digun ogi.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (4,30─5,2)

Joan den igandeko erreguaren jarraipena da gaurko hau: biziera berria egiteko erregua. Kristoren jarraitzaileei dagokienez. Gorrotoa uztea da kontua, haserrea, jendeari tratu txarra ematea eta abar alde batera uztea; guztia, bihotz onberaz, errukitsuz bizitzeko, barkazioa eta poza eskainiz.
Hiru dira horretarako arrazoiak. Lehenengoa: Espiritu Santuaren bizileku gara, maitasunaren Espirituaren bizileku. Bigarrena: Jainkoaren seme-alaba gara; zeruko Aita imitatzera garamatza horrek. Hirugarrena: Kristoren jarraitzaile gara; haren etsenplua erakargarri izan beharko genuke.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (6,41-52)

Gaurko ebanjelioko pasadizoaren aurretik, Jesusek ogiak ugaldu izana entzun genuen. Seinale handi haren ondoren, jendeak errege izendatu nahi izan zuen Jesus. Baina Jesus, jendeari agur esan eta mendira joan zen, gaua otoitzean emateko.
Kafarnaumera itzuli zenean, berriro gainean zuen jendea, eta Jesusek garbi adierazi zion: kontua ez da ni errege izendatzea, ogia doan eman dizuedalako, baizik ni onartzea da Jainkoaren Bidali bezala.
Halaxe agertu da Jesus: Aitak bidali duela esango digu. Gainera, Moises baino handiagoa dela esango digu, basamortuko mana hura eta berak emandako ogia aipatuz.
Bestalde, gaurko testuak ñabardura handi bat dakar: Jendeak uko egin dio Jesusi; ez du onartu nahi Moises baino handiagoa dela; askoz gutxiago Jainkoak bidalia dela; izan ere, dio: «nolatan eman diezaguke honek bere haragia jateko?» Hori guztia, arrazoi honengatik: txiki-txikitatik ezagutzen dutelako, Jesusen aita-amak ezagutzen dituztelako.
Ez dira gai hurbileko gizon honengan Jainkoa bera ikusteko, nahiz ikusten dituzten gizon honen jainkozko zeinuak eta seinaleak.
Senideok, galde diezaiogun geure buruari. Batetik, gai al gara pertsona baten egintzetan eta hitzetan egiaren zati bat onartzeko, nahiz ez hartu bera pertsona zintzo-zintzotzat? Bigarren, gai al gara Jesus gizon eta Jainko dela, egiaz eta benetan aitortzeko? Eta, azkenik, gai al gara, jaunartzean Jesus bera hartzen dugula sinesteko; Jesusekin, modu miresgarrian, bat egiten dugula sinesteko? Kasik esan genezake, Jainkoa gizon egitean, Jainkoa eta gizona bat diren bezala, jaunartzean Jesu Kristo eta ni/zu/hura bat garela.
Alabaina, Jesusek berarekin bat egiteko janaria ematen badigu, bera bizi izan den bezala bizitzeko izan da: gizon-emakume guztiei on eginez bizitzeko.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde: Eukaristia ospatzeak kristauen arteko elkartasuna eta anai-arreba artekotasuna handitu dezan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau-familia handiaren alde: lurreko mahaiaren inguruan gauzatu ditzan Eukaristiaren mahaian aitortzen dituen maitasuna eta elkartasuna. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Bizitza duin bat bizitzeko modurik ez dutenen alde: gizarte osoa konprometitu dadin, botere ekonomiko eta politikoen gainetik, zuzengabeki eratua den mundu honi irauli bat emateko. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Eukaristia honetan parte hartzen ari garen guztion alde: Jaunak esan digun hitza geure eguneroko bizitzan partekatzeko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.