Urteko 19. igandea B Meza LAPURDI IRRATIA 2021-08-08
URTEKO HEMERETZIGARREN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
( Eli profetari Jainkoaren ogiak indar emaiten )
Erregeen lehen liburutik 19, 4-8
Eli profeta ihes zoan Jezabel erreginaren beldurrez.
4 Egun bateko bidea egin ondoan basamortuan barna,
sasi baten itzalean jarri zen, eta heriotzea eskatu beretzat, erranez:
“ Aski, Jauna! Harrazu nere bizia,
ez bainaiz nere arbasoak baino hobea.”
5 Gero, sasiaren itzalean etzan eta lokartu zen.
Bainan huna non aingeru batek hunki eta erraiten dion:
6 “Jeiki zaite eta jan!”
Behatu zuen eta buru ondoan ikusi opil erre berria eta pitxer bat ur.
Jan zuen, edan eta berriz etzan.
7 Bigarren aldikotz Jaunaren aingeruak hunkitu zuen, eta erran zion:
“ Jeiki zaite eta jan! Bestela bidea luzeegi liteke zuretzat.”
8 Jeiki zen Eli, jan eta edan zuen; gero, janari horrek azkarturik,
bide egin zuen berrogoi egun eta berrogoi gau
Horeberaino, Jainkoaren mendiraino
Huna hitz laburrez Eli profetaren historia. GalaadekoTixbe-koa, Tixbeko Eli zuen izen
goitia, bainan bere izena Eliyyah zuen, edo « Nere Jainkoa Yah da », eta egiaz, bere bizia aski ongi
biltzen duen izena, Kanako jendeen jainko, Baal borrokatu baitzuen.
Jezabel erreginak Akab bere senarraren jauregian idolatria hori sarrarazi zuen. Jesu Kristo
aitzineko 875-850 urteetan gira irakurgai hunekin. Eliren historia, Erregeen lehen liburuan kondatua
da. Egungo irakurgaiaren aitzineko bi gertakizun nagusiak hauek dira.
Lehena: idortea. Bederatzigarren mendean izigarriko idortea izan zen Ekialde Hurbilean.
Laborantzatik bizi den zibilizazione batean, idorteak gosea eta heriotzea dakar. Gosete baten
ondotik, lehengo zenbat herri ez da desagertu ! Jainkoak argiturik, Eli profetak goraki dio:
« Jaunaren, Izraelen Jainkoaren biziaz haren zerbitzaria bainaiz: ez du ez ihintzik ez euririk eginen
ondoko urteetan, ene hitzean baizik. » Bertzela erraiteko: Jainkoa da nagusi bakarra, Baal delakoak
deusik ez dezake. Gero gerizan jartzen da, Jainkoak erran baitio: « Abia zaite hemendik, zoazi
eguzkialderat eta gorde zaite Jordan ibaiaz bestaldean den Kerit errekaren ondoan. Errekatik
edanen duzu, eta beleeri manatu diotet zuri harat jatera ekartzeko. » (1Erg 17,3-4) Idorteak iraunik,
erreka agortzen da eta Jainkoak Eli urruntxago igortzen du, Sidonetik hurbil den Sarepta-rat. Han,
alarguntsa pobre batek Eli laguntzen du, eta haren eskertzeko Elik mirakuiluak egiten ditu.
Bigarrena: Karmeleko sakrifizioa. Idortea hasi eta bi urteren buruan, euria eroriko dela
jakinarazten du Jainkoak eta Akab erregeari hori mezutzerat Eli igortzen du. Bainan berri on hori
mezutzea ez askiz, Elik bere Jainkoaren alde egoera nahi du baliatu. Baal sasi-jainkoaren profeteri
erronka botatzen diote: zeruko sua, Baalen ala Izraelen Jainkoak igor dezake? Hordago beraz, Eli
alde batetik eta Baalen lau ehun profetak bertzetik. Karmel mendian, aldare haundi bat eta erreopariak antolatzen dituzte, bakotxak berea. Egun guzia Baalen profetak beren jainkoa deitzen dute,
alferretan. Orduan, Eli otoitzean hasten da : « Jauna, Abrahamen, Isaaken eta Izraelen Jainkoa,
adiaraz zazu gaur zu zirela Izraelen Jainkoa. » Eta berehala Jaunaren suak kizkaltzen ditu haren
erre-oparigaiak. Jendea harriturik dago. Herri guzia alegrantzia osoan izanik, Elik Baalen profeta
guzieri lepoa mozten diote. Jezabel erregina hasarre gorrian sartzen da eta Eli hil nahiz baitabil,
hunek ihes egin behar du.
Hemen da igande huntako irakurgaiaren hastapena. « Eli profeta ihes zoan Jezabel
erreginaren beldurrez. Egun bateko bidea egin ondoan basamortuan barna.. » Bere mutila BeerXeban utzi eta basamortuan sartzen da. Nekatua da, etsitua, eta bere buruaz lotsatua : « ez bainaiz
neure arbasoak baino hobea. » Zergatik?
Bere bizia irriskuan du, bainan gehiago oraino : bere ezgaitasunaz ohartzen da. Ikara
emaiten duen Jainko bat mezutu du eta kontra zituen guziak garbitu. Gehiago dena, bere Jainkoaren
izaitearen frogak galdetu ditu: ez ote da Jalgitza liburuko arbasoen idurikoa, heiek beti Jainkoaren
kontra marmarika ari baitziren, zerbait egin zezan ? Horra nun, bere ihesaldian, Jainko urrikalkorra
aurkitzen duen. Bide luzearen egiteko behar duen janaria Jainkoaren aingeruak ekartzen dio eta
erraiten: « Jeiki zaite eta jan! Bertzela bidea luzeegi liteke zuretzat. » Azkarturik, bide egin zuen
berrogoi egun eta berrogoi gauez Horeberaino.
Ez da ustegabetarik joaiten harat : Jainkoa han agertu zitzaion Moisi. Sutan zen sasitik bere
izena erran zuen eta bere herriaren alderako maitasuna agertu (Jal 3). Indarrean, haizean, ekaitzan,
lur ikaran, Legearen harlauzak eman ziozkan Miosi (Jal 19); Jainkoaren aintza iragaitean, harrokaziloan gerizatu zuen (Jal 33,21-23). Harroka-zilo hari buruz doa Eli : han du Jainkoaren egiazko
aurpegia aurkituko, etorria baita Jainkoaren ezagutzan urrats bat gehiagoren egiteko tenorea.
Jainkoa guziahalduna da, bainan bere ahal guzia maitasunarena da, haize firfiran dagoena.
Berrogoi egun eta berrogoi gau beharrezkoak ditu Elik bere buruaren prestatzeko. Bide luze hortan,
bere bihozberritzearen epea, Jainkoaren aingeruak (erran nahi bait Jainkoak) dio jaterat emaiten.
Mahain saindurat hurbiltzen giren guziz, Jainkoak berak gaitu gomitatzen: « Jeiki zaite eta jan,
bidea luzea izanen baita. »
Salmoa 33
Leloa: Goza ta beha zoin den gozoa
Zoin den maitea gure Jainkoa!
Jaunari beti esker emaiten nagokio,
Hari nik beti laudorio.
Jaunaren baitan arima kantuz banabila,
Bihotz apalak pitz ditela.
Denek batean gorets dezagun Jainko Jauna,
Eta goraipa Jaun izena.
Jaunaren bila nindoan eta huna Jauna:
Beldurra baitaut urrun joana.
Jaunari beha egon begiak dirdiraka:
Ez zaitezten gal, ez ahalka.
Dohakabeak dei egin dio, Jaunak entzun,
Hersturik ez dut, hura lagun.
Armaden pare dago Jaunaren Aingerua:
Fededunen zain xutitua.
Gozatuz goza, beha ba zoin den gozo Jauna:
Dohatsu hari darraikona.
Salmo hau esker onezkoa da ; esker onezko hitzak nun-nahi aurkitzen ditugu : Jainkoaren beharra
dutenen hitzak dira. Salmo hau kantatzen duen pobrea, Izrael da : « Dohakabeak dei egin dio, Jaunak entzun,
Hersturarik ez dut, hura lagun ». Bere buruaz da mintzo, bainan salmo hunek mugak zabaltzera gomitatzen
du. Erranez : « Dohakabeak dei egin dio » edozoinen oihua, edozoin lekutan denaren oihua da. Izraelek bere
eginbidea aurkitzen du, bi bidetako eginbidea:
Lehenik, munduko herri guzieri konfiantxa erakusten duen herria izan behar du. Fedea, Jainkoa eta
bere herriaren arteko elkarrizketa bat agertzen da: gizakiak Jainkoari buruz bere deiadarra oihukatzen du.
Jainkoak entzuten du eta askatzen. Gizakia berriz mintzo da, eskertzeko. Otoitzaren bi alderdiak dira :
galdatu eta gero eskertu. Lehenik galdea eta Jainkoaren erantzuna: « Jaunaren bila nindoan eta huna
Jauna »…Eta ondotik eskertzea: « Denek batean gorets dezagun Jainko Jauna eta goraipa Jaun izena. »
Izraelen bigarren eginbidea da, Jainkoaren egintzen laguntzaile izaitea, Moisen eta Josueren pare.
Jaunaren xedearen obratzaile izan ziren : herria libratu eta Lur Hitzemanean sarrarazi zuten. Gisa berean,
dohakabeeri laguntza ekartzea eta Jainkoaren urrikalmendua erakustea da Izraelen eginbidea.
Bainan Jainkoa ez da sorgin-makil bat, atsegabe eta pairamen guzien baztertzeko. Basamortuan,
Moisen ondotik edo Kanaan herrian Josueren ondotik, jendeak ez dira kezka guzietarik begiratuak izan.
Bainan Jainkoa berekin zuten trabak eta behaztopatzeak garaitzeko. San Luken ebanjelioak gauza bera
erraiten dauku : « Eska eta emanen dauzue Jainkoak; bila, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko
zaizue. Zeren eskatzen duenak ukaiten baitu, bilatzen duenak aurkitzen, eta atea jotzen duenari zabaltzen
baitzaio. Ba ote da zuen artean aitarik, semeak arraina eskatu eta arrainaren orde sugea emanen dionik?
Edo arrultzea eskatu eta harrulia emanen dionik? Beraz, zuek, zirezten gaixtoek, zuen haurreri gauza onen
emaiten baldin badakizue, zenbatez gehiago Aita Zerukoak emanen diote Izpiritu saindua, eskatzen
dioteneri. »
Bigarren irakurgaia
( Ibil maitasunean )
Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 4, 30 — 5, 2
Haurrideak,
30 nahigaberik ez eman Jainkoaren Izpiritu Sainduari:
horrekin markatuak baitzirezte zuen erospen egunerako.
31 Ken zuen baitarik garrazkeria, samurgoa, haserrea,oihu eta laidoak,
beste gaixtakeria guziekin.
32 Izan zaitezte elkarrentzat on eta bihozbera, elkarri barkatuz,
Jainkoak zueri Kristoren baitan barkatu dautzuen bezala.
5,1 Izan zaitezte, beraz, Jainkoaren iduriko,
haren haur maiteak zireztenaz geroz.
2 Bizi zaitezte maitasunean, Kristo bezala:
harek maitatu baigaitu, eta bere burua guretzat eman baitu,
Jainkoari atsegingarri zaion oparitzat eskainiz.
Zer da berririk kontseilu hauetan ? Testamendu Zaharrak Jainkoaren alderateko eta haurrideen
alderateko amodioaren lotura garbiki egina zuen. Lebitarren Liburuak dio : « Izan saindu, ni, Jauna, zuen
Jainkoa, saindua bainaiz .» (Lv 19,2) eta gure aldeko lagunari dagozkion gomendioak erraiten ditu. Jondoni
Paulok ez du beraz deus asmatu ? Berria dena, Izpiritua emana zaukula, Elkargo Berria hemen dugula.
Oraitik Izpiritua emana zauku. « Jainkoak bere maitasuna bihotzerat ixuri dauku, berak eman
Izpiritu Sainduaren bidez » (Erm 5,5) Ezekielek hori zuen hitzeman : « Bihotz berria emanen dauzuet eta
Izpiritu berria ezarriko zuen baitan: harrizko bihotza kenduko dauzuet eta haragizkoa emanen. Neure
izpiritua ezarriko dut zuen baitan, nere legeen arabera joka dezazuen eta nere manamenduak bete
ditzazuen. » (Ez 36,26-27) eta Joel profetak: « Nere izpiritua ixuriko diot jende orori.» (Jl 3,1) Gutun hunen
hastapen hastapenean Paulok hau dio : « Hitzeman Izpiritu Sainduak zigiluz bezala markatu zaituzte;
Izpiritua da ukanen dugun ondoretasunaren bermea, Jainkoak bere egin duen herria librantza osorat heldu
arte. » (1,13-14)
Izpiritu horrek Jainkoaren haur, denen haurride egiten gaitu. Jainkoaren alaba-seme lehenik: « Ez
duzue ukan esklabo egiten zaituzten izpiritua, berriz beldurean bizitzera eremanen zaituztena; seme-alaba
egiten zaituzten Izpiritua duzue ukan eta Izpirituaren bidez « Abba » – « Aita » erranez oihu egiten diogu
Jainkoari. » (Erm 8,15) Elkargo Berriaren orena etorria da. Jondoni Paulok izendatzen du « Librantza-
eguna .» Librantza erraiten duenak, esklabotasuna du aipatzen. Paulorentzat, jokamolde gaixto guziak
esklabotasunak dira. Salbatua izaitea, Izpiritu Sainduz betea izaitea da, Jainkoaren seme-alaba eta elgarren
haurride izaitea. Bizkitartean ez dugu erraiten ahal bataiatu guziek jokamolde egokiak dituztela Pauloren
arabera. Horrengatik etorkizuneko « librantzaz» da mintzo. Hasia da, bainan ez bururatua, libre gaudelakotz.
Izpiritua gu baitan dago, suhazia iduri. Guri da piztera uztea. Orduan izanen gira Kristoren hitzari leial:
« Lurrari su baten ekartzera etorria naiz, eta zenbat nahiko nukeen jadanik piztua balitz. » (Lk 12,49)
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Zu zira, Jauna, zerutik jautsi ogi bizia !
Ogi hortarik jaten duena bizi da beti !
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 6, 41-51
41 Jesusek errana zuelakotz : “ Ni naiz zerutik jautsi ogia ”,
Juduak marmarika hasi ziren haren kontra:
42 “ Ez ote da hori Josepen semea?
Ezagutzen ditugu horren aita-amak.
Nolaz dio, orai, zerutik jautsia dela?”
43 Jesusek ihardetsi zioten:
“ Ez ar marmarika zuen artean.
44 Nehor ez daiteke nereganat etor,
igorri nauen Aitak erakartzen ez badu;
eta nik piztuko dut azken egunean.
45 Profeten liburuan izkiriatua da:
Jainkoaren ikasle izanen dira denak.
46 Aita entzuten eta harek irakatsia ikasten duena, nereganat dator.
47 Segur, nehork ez du Aita ikusi, Jainkoarenganik datorrenak baizik:
horrek, bai, ikusi du Aita.
Egiaz-egiaz diozuet; ni baitan sinesten duenak betiereko bizia badu.
48 Ni naiz biziaren ogia.
49 Zuen arbasoek mana jan zuten basamortuan, eta hil ziren.
50 Hau da zerutik jausten den ogia, huntarik jaten duena ez da hilen.
51 Ni naiz ogi bizia, zerutik jautsia;
ogi huntarik jaten duena betiere biziko da.
Nik emanen dutan ogia nere haragia da,
mundua bizi dadin emana.”
Jondoni Joaniren « Ogi Biziaz hitzaldia » (Jn 6) zatiaren segida dugu hemen. Jesusek goraxago erran
du: « Ni naiz bizia emaiten duen ogia: nere ganat datorrena ez da gosetuko, eta nere baitan sinesten duena
ez da sekula egarrituko. » Gauzek, erran diren bezala entzunez, handimandikeria iduri dute. Bi moldetako
hazkurriak badirela Izraeldarrek badakite: gorputzekoak eta izpiritualak. Egiazko janari izpirituala,
pitzgarria, Jainkoaren Hitza da. Eta huna nun gizon batek diona janari pitzgarri hori, bera dela. Gehiago
dena, erran du ere: « Ni naiz zerutik jautsi ogia. »
Erantzuna berehala jalgi da : « Ez ote da hori Josepen semea? Ezagutzen ditugu horren aita-amak.
Nolaz dio, orai, zerutik jautsia dela? » Hori da hori giristino misterioaren barne barneko galdea: Jesus
egiazko gizon, egiazko Jainko nola izan daiteke ?
Jesusek ez du zuzenean bere erantzuna emaiten. Jadanik errana errepikatzen du: « Nehor ez daiteke
nereganat etor, igorri nauen Aitak erakartzen ez badu. » Salbamen mailan, Jainkoak gomitatzen du, ez du
bortxatzen, bainan gure erantzun librea eskatzen. Eta onartzen dutenek konprenitzen dute. Lerro hauetan,
hiru aldiz errepikatzen du: « Ni naiz ». Juduentzat hitz horiek Jainko dela erran nahi dute. Jainkoak baizik ez
du erraiten ahal: « Ni naiz ». Moisi agertu izena da. Eta Jesusek aitzina: « Segur, nehork ez du Aita ikusi,
Jainkoarenganik datorrenak baizik: harek, bai, ikusi du Aita. » Bere buruaz ari da Jesus.
Ogi ugalketa egin ondoren, Galilearrek Profeta Haundia deitzen zuten, bainan errealitatetik zoin
urrun zauden! Ez da bakarrik profeta, Jainkoaren Hitza bera da. « Zerutik jautsi ogia » da.
Beste urrats bat oraino Jainkoaren ezagutzan. Jesusek erraiten du orai mundua nola hazten duen.
Hitza irakurtzen da eta pratikan emaiten. Bainan Jesus urrunago doa: jaten den haragiaz mintzo da,
hazkurria du aipatzen : « Nik emanen dutan ogia nere haragia da, mundua bizi dadin emana. » Segur,
Gurutzea du aipu. Gu ere, misterioaren aitzinean gaude lehen entzuleak bezala : Pasionearen eta Gurutzearen
bitartez du munduak bizia ukan.
Guri da goiargi hori onartzea ! « Ez ar marmarika zuen artean » dio Jesusek bere entzuleeri,
orroitaraziz betitik lepo gogorreko herri hori « marmarika » arizan dela, Jalgitza Liburuak erraiten duen
arabera. Hitzaldia bururatzean, Jesusek Izpiritua hitzemaiten du, harek du bihotza idekitzen.
Zail dela ulertzeko ? Segur, bainan erakasle ona dugu: « Jauna bera izanen dute erakasle » zioten
profetek. « Aita entzuten eta harek irakatsia ikasten duena, nereganat dator. » Fedea hori da: « Nehor ez
daiteke nereganat etor, igorri nauen Aitak erakartzen ez badu. » Jainkoari eskerrak, harenganatzea eta harek
irakatsia onartzea aski zauku.