Jainkoak erakarriak Jesusenganantz (Joan 6,41-51)
Urteko 19. igandea 2018-08-12
Joanen kontaeraren arabera, gero eta argiago errepikatzen du Jesusek, Jainkoagandik datorrela bera, guztiei betiko bizia ematen duen janaria eskaintzeko. Jendeak, ordea, ezin jarraitu du gauza hain eskandalagarri hori entzuten, erreakzionatu gabe. Ezagunak dituzte beraren gurasoak. Nola esan dezake Jainkoagandik datorrela?
Ezin gerta dakiguke harrigarri beraien erreakzioa. Arrazoizkoa al da Jesu Kristogan sinestea? Nolatan sinets genezake, gizon jakin eta ezagun horrengan, Herodes Handia hil baino zerbait lehenago jaioa den eta hogeita hamargarren urte inguruan Galilean egin duen biziera profetikoagatik ezaguna den horrengan, Jainkoaren Misterio atzeman ezina haragitu dela?
Jesusek ez die erantzun jendearen objekzioei. Beraien sinesgabetasunaren sustraira jo du: «Ez ezazue jarraitu marmarrean». Errore handia da Jesusen errotiko berritasunari ezentzunarena egitea, tematuz, jada ezaguna dutela beraren egiazko nortasuna. Jarrai dezaketen bidea seinalatuko die Jesusek.
Jesusek jakindakotzat emana du, ezin duela inork beragan sinetsi, berak erakarria sentitzen ez bada. Hala da. Agian, hobeto uler genezake hori gaur egun geure kulturatik. Ez dugu batere erraza izaten doktrinetan eta ideologietan sinestea. Fedea eta konfiantza esnatu, ondo egiten digun batek eta bizitzen irakasten digun batek erakarririk sentitzen garenean esnatzen dira gugan.
Baina oso gauza inportante batez ohartarazi die Jesusek: «Ezin onartu nau inork, bidali nauen Aitak ematen ez badio horretarako bidea». Jesusekiko erakarmena Jainkoak berak eragiten du. Jesus mundura bidali duen Aitak esnatzen du gure bihotza, Jesusengana pozik eta konfiantzaz hurbil gaitezen, duda-mudak eta buru-gogorkeriak gaindituz.
Horregatik, geure bihotzean Jainkoaren hitza entzuten ikasi beharra dugu eta Jesusengana gida gaitzan uzten. Apal eta otzan, Aitari, biziaren Kreatzaile eta gizakiaren Adiskideari, irakats diezagun utzi beharra: «Aitari entzun eta haren irakaspena onartzen duen orok ni neu onartzen nau».
Jesusen baieztapena iraultzaile gertatu zen judu haientzat. Tradizio biblikoak esan ohi zuen, gizakiak bere bihotzean entzuten duela Jainkoaren deia, Legea leial betetzeko deia. Jeremias profetak honela aldarrikatu zuen Jainkoaren promesa: «Nik zuen barnean ipiniko dut Legea eta zuen bihotzean idatziko».
Jesusen hitzek beste esperientzia batera, desberdina, gonbidatzen gaituzte. Kontzientzia ez da Jainkoaren legea entzuteko leku ezkutu eta pribilegiatua bakarrik. Geure izatearen hondoenean on denak, eder denak, jator denak erakarririk sentitzen bagara, gizakia on egiten duenak alegia, mundu hobe bat eraikitzen duenak alegia, erraz sentituko dugu Jainkoaren gonbita Jesusekin sintonizatzeko.
Jose Antonio Pagola