Urteko 19. Igandea B 2021-08-08
HOMILIA
Anai-arrebok!
San Joanen ebanjelioko 6. kapitulua entzuten jarraitzen dugu. Ideia nagusi hau atera genezake gaurko pasartetik: Eukaristia gauza sakratutzat hartu ordez, sakramentutzat hartu behar dugu, seinaletzat. Zeren seinaletzat? Maitasunaren seinaletzat. Jesusek eta Jesusen jarraitzaileek beren burua besteen alde ematearen sakramentu edo seinaletzat
«Egizue hau nire oroigarri» esan die Jesusek ikasleei. Nire oroigarri, nire seinale, nire sakramentu. Eta zer da Jesus? Zer egin du? Zer oroitzen dugu hartaz? Gauza oso jakina da kristauontzat: gizon egin da, haragi egin da, bere bizia eman du. Horren oroigarri, horren seinale, horren sakramentu da Eukaristia.
Joan den igandean, zerutik jaitsi den ogia eskaini zigun Jesusek. Ogi hori Jesus bera da. Jesus da egiazko janaria egiazko Bizirako. Benetan bizi nahi badugu, Jesus dugu geure ogia, Jesus dugu geure hitza, Jesus dugu geure eredua. Jesus dugu geure biziera. Jesus dugu geure mezua. Jesus horren sakramentu, Jesus horren seinale izan behar dugu.
Gaurko ebanjelioan juduen erreakzioa daukagu, Jesusek zerutik jaitsi den ogia dela esan duelako. Ezin dute ulertu Jainkoa haragian egon daitekeenik. Ogi-puska batean egon daitekeenik. Haragia gauza mugatua da. Ogi-puska bat gauza mugatua da. Jainkoa, berriz, mugagabea da. Gainera, Jesus ezagun-ezaguna dute; Jesusen aita eta ama ezagutzen dituzte. Nolatan esan dezake zerutik jaitsia dela?
Jesusek ez die erantzun zuzenean. Esan die: ez ezazue kritikatu. Inor ezin etorri da niregana Aitak erakartzen ez badu. Esan nahi du, dena Jainkoaren lana dela. Jainkoak bihotzean ukitzen dituenek bakarrik sinetsi dezakete Jesusengan. Jakina, Jainkoak denak ukitzen ditu, baina guztiek ez dute onartzen ukitu hori.
Fedearen sorreraz argi bizi hori eman ondoren, bere gaira itzuli da Jesus. Zerutik jaitsi den ogia da bera. Egiazko bizia ematen duena. Basamortuan mana jan zuten israeldarrek. Manak, ordea, ez zuen ematen benetako bizia.
Hasieran eukaristia-sakramentuaz edo seinaleaz esan dudana eta ebanjelioa kontuan hartuz, egin dezagun gogoeta labur bat.
XX. mendearen hasieran Pio X.ak erreforma egin aurretik, Eukaristia ez zen hartzen sarri, baizik eta oso noizbehinka. Kristau beroenek astean behin, hilean behin. Eukaristia haientzat Eliasen ogia bezala zen: indarrak emateko aste guztirako. Ez zen Jesusen oroigarri egiteko konturik.
Pio X.ak egindako erreformaren ondoren, eguneroko jaunartzea zabaldu zen. Jaunartu bai, meza entzungo ez bada ere. Mana bezala zen: egunerako indarra ematen duena. Ez zen Jesusen oroigarri egiteko konturik.
Joanen ebanjelioan beste zentzu bat du eukaristiak: betiko bizia ematen du. «Semearengan sinesten duenak betiko bizia du» (Jn 3,36); «Nire mezua onartu eta bidali nauenarengan sinesten duenak betiko bizia du» (Jn 5,24); «eta nik ematen dudan ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin emana» (Jn 6,61).
Horra: Jesusek bere burua eman du, mundua bizi dadin. Horren oroigarri da Eukaristia: horren sakramentu, horren seinale. Sakramentua, berriz, sakramentu horrek adierazten duen hura gertaberritzea da: sakramentua egiten edo hartzen duenagan Jesusek egin zuena egitea: mundua bizi dadin nork bere burua ematea.
Bizitza biologikoak akabatu beharra du. Jesusen Bizia neure Bizi egiten badut, betikotasunean mugitzen naiz jada, hemen eta orain; izan ere, Jainkoaren Biziaren partaide bihurtu naiz. Jesusek bizi-ogia eman badigu, ez da geuretzat gorde dezagun; baizik eta besteei eman diezaiegun. Ama bat haurrari bizi-arnasa ematean zoriontsu da; kristaua lagun hurkoari bizi-ogia ematean zoriontsu da. Lagun nazala Jesusen Espirituak
Dionisio Amundarain