URTEKO 18. IGANDEA C (2019-08-04)

SARRERA

Senideok, urteko 18garren igandea ospatzen dugu gaur. Giza bizitza bere osotasunean hartzera gonbidatzen gaituzte irakurgaiek. Gauza oso bat bezala. Orainaldiko mundu hau ezin hartu dugu geroko mundutik aparte. Ezta geroko hura ere oraingo honetatik aparte.
Lehen irakurgaiak guztiz ezkor, guztiz pesimista agertzen digu bizitza. Hain juxtu, askotan Jainkoagandik aparte hartzen dugulako. Osorik hartzen ez duelako.
Ebanjelioan, Jesusek jakinaren gainean jartzen gaitu: diru-goseak edo aberastasunen ametsak ezin erantzun dio gure bihotzeko antsiari.
Bigarren irakurgaiak, Kristogana hurbildu beharraz hitz egiten digu. Gizaki zaharra utzi, eta gizaki berriz janztea da irtenbidea. Gizaki zahar hori egoismoa da, bekaizkeria, gezurra. Gizaki berri hori, berriz, onberatasuna da, maitasuna, errukia, ulermena.

LEHEN IRAKURGAIA Kohelet liburutik (1,2; 2,21-23)

Kohelet liburuko zati bat entzungo dugu. Liburu hau oso bitxia da. Ordu arteko jakinduria eta beste uste asko koloka jarri ditu. Dena kritika da liburua. Ordu arteko tradizioak, gizakiaren arrazoian eta jakindurian ipinia zuen ustea hankaz gora bota du. Beste ikuspegi bat, beste irtenbide bat bilatzeko gonbita da.
Liburu honen giharra galdera honek biltzen du: «Zer probetxu ateratzen du gizakiak, eguzkipean egiten dituen ahalegin guztiekin?» Eta erantzuna: huskeria, dena huskeria. Gaurko pasartearen azken hitza ere horixe da: huskeria.
Autorea ezkor eta kritiko ageri da, baina zintzo ari da jokatzen. Gizakiak dituen arazoen erantzunik ez dago ordu arteko jakintsuen artean. Beste nonbait bilatu behar da. Beste bide hori kristauontzat Kristo Jesus da.

BIGARREN IRAKURGAIA Kolosarrei egindako gutunetik (3,1-5.9-11)

Kolosarrei egindako karta honetan asmo hau du idazleak: Jesu Kristori lehentasuna aitortu eta ematea. Bataioak Kristoren heriotzan eta piztueran murgiltzen du kristaua. Kristorekin bat egiten gaitu eta haren aberastasunen partaide.
Horregatik, Kristok nahi izan duena bera bilatu behar dugu. Lurtar huts dena utzi egin behar da, «gizaki zaharra» utzi, «gizaki berria» hartzeko. «Gizaki zaharra» egoista da, gezurtia, atseginkerien esklabo; «gizaki berria», alderantziz, onbera da, errukiorra, gainerakoei emana, gainerakoez arduratsua.

EBANJELIOA San Lukasen arabera (12,13-21)

Jesusek diosku bizia ez datzala aberastasunen baitan. Arriskuetatik bat, hain juxtu, horixe dela: zoriona ondasunak pilatzetik datorrela uste izatea, diru-gosea asetzetik datorrela uste izatea.
Jesusi bi anaietatik bat hurbildu zaio. Beren artean zuzentasuna egiteko eskatu dio. Jesusek, beti bezala, esan dio, bera ez datorrela pertsona biren arteko epaile bezala. Berari jarrera zaio axola. Arazoen sustraia zaio axola. Sustraia gizakiaren bihotza da. Bihotza da konbertitu behar dena.
Hala, maisu ageri da Jesus benetan, esatean: kendu bihotzetik diru-gosea; zeren, aberastasun handiak izanik ere, ez dizuete horiek bizia emango. Lehenengo gauza zuzentasuna da, Jainkoak nahi duen hura, Jesusek predikatu duen hura: izan dezatela guztiek zer jana, heziera, etxea; elkartasunaren eta solidaritatearen fruitu den hori.
Hau guztia, bi mailatan hartu beharko genuke: maila pertsonalean eta egitura-mailan. Deigarria da gaur egun munduan nagusi den diru-gosea. Gauza jakina da: aberatsena den munduko jendetzaren ehuneko txiki batek gizakien eskura diren aberastasunen ia erdia du ».
Senideok, Jainkoaren asmoen arabera nahi izatea da kontua. Ez gara ezeren jabe, baizik administratzaile. Aberastasuna izatea, Jainkoak gizadiaz dituen asmoak kontuan hartu gabe, huskeria da, huskeria hutsa, zentzurik eza.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Ikusten den Eliza eratzen dugunon alde: geure bataioa kementsu bizi ahal dezagun, egunero berritu, eta geure izaera zaharra eta hartako jarrera egoista alde batera utzi ahal ditzagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Jesusen Espiritua geure bihotzean dugula aitortzen dugunontzat: diru-gosea baztertzeko eta zuzentasuna eragiteko indarra eman diezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure artean, gehiena sufritzen dutenentzat ─goseak, pertsekuzioz, gaixotasunez, gezurrez─: gure sostengua eta doako laguntza izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Pertsona bakoitzarengan, gizatalde, familia eta herri bakoitzean bakea erne eta indartu dadin. Eska diezaiogun Jaunari.