URTEKO HEMEZORTZIGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Aberastasunen ezdeuskeria )

Koheleten liburutik 1, 2 ; 2, 21-23

1, 2 Huskeria hutsa, zion Koheletek,
huskeria hutsa, dena huskeria da.
2, 21 Gizon batek buruz, egoki eta trebetasunez lan egin ondoan,
azkenean denak deusik egin ez duenari utzi behar.
Hau ere huskeria eta makur handia.
22 Alabainan, zer gelditzen zaio gizakiari
lanaren lanez eta griñaren griñaz iguzkipean nekatu ondoan?
23 Egun guziak, atsegabe, lanak, neke;
gauaz ere ez du atsedenik haren bihotzak.
Hau ere huskeria.

„Huskeria hutsa, dena huskeria da“:Koheleten liburuko lehen hitzak dira, eta menturaz, haren
bilduma hoberena. „Huskeria“ hitz hunek ez du erran nahi gauzak deusetan egiten direla, bainan ez
ditugula eskutan atxikitzen ahal, ez direla gure ontasunak. Liburu hunen idazleak bertze erranmolde berdintsu bat erabiltzen du: „Haizearen ondotik ibiltzea“, erran nahi baita: mundu huntan,
gure gogoeta guzien mamia, gure asmoak, indarrak, egintzak, denborak, denak galkorrak dira,
anartekoak, iragankorrak. Denak? Bai denak… edo kasik denak, salbu gauza bat…bainan idazleak
ez du hastapenetik erraiten zoin.
Bitartean, sekulako xehetasunak emaiten ditu jendeen egintzak aipatuz, sinestera emanez hori
guzia deusetako ez dela, haizearen ondotik ibiltzea baizik, gure eskutan hedoia atxiki nahi baginu
bezala. Eta bere erranak ongi finkatzeko, Salomon erregeari emaiten dio hitza, Salomon botere
gizona, bainan biharamunik gabeko boterearen jabea.
Salomonen historia Koheletek ainitz hausnartu du, haren erregetzaren bilana egiten balu
bezala. Erregetza indartsu eta aberatsa (Jesusek berak aipatu zuen, erranez “Salomon, bere aintza
guzian”) : haren zuhurtziak eta haren lan haundiek jende indartsu eta jakintsuak lilluratu zituen.
Biziaren atsegin guziak gozatu zituen, bainan badakigu nola haren erresuma hutsean bururatu zen :
haren seme Roboam ez zen gai izan politika zuzen baten egiteko eta erresuma urratu zen. Eta
gehiago dena, idolatriak gaina hartu zuen. Urte gutiz Salomonen ospea galdu zen eta gure idazleak
erraiten dauku: “Gizon batek buruz, egoki eta trebetasunez lan egin ondoan, azkenean denak deusik
egin ez duenari utzi behar”… Zer gelditzen da ?
Bizi horren bidez du Koheletek mundu huntako biziari behatzen: „Huskeria hutsa“. Holako
gogo-iluntasunak ba ote du bere tokia Elizaren erakaspenetan? Egia erran, etsipen huntan bada ere
egiazko fede aitorpen bat: Jainkoa da gure kreatzailea, Harek ditu misterio guziak ezagutzen;
zoriona bilatzea Hura gabe, huskeria da; Harek ditu zuhurtziaren gakoak, eta azkenean, ez baditugu
biziaren misterioak ulertzen, badakigu Jainkoaren dohainak direla denak.
Koheleten gogo-ilunaren gibelean, argi izpi batzu agertzen dira: Jainkoaren baitako fedea hor
da. Munduko ontasun egiazkoa, enganatzen ez duena, fedea da, edo Zuhurtzia, Jainkoaren baitan
emaiten den konfiantza. Oro har, zuhurtziaren azken hitza, – egiazko zuhurtzia, Jainkoak berak
emaiten duena- umiltasuna da: gure bizia soilki bizitzea, den bezala, ttiki ttikia buruan buru,
Jainkoaren opari bat bezala: jatea eta edatea, lanean zoriona jastatzea : Jainkoaren opariak dira
horiek guziak. Salomonen biziaren kondua eginez, Koheletek berak du zuhurtziaren bidea aipatzen,
Salomonek hartu balu bezala.

Salmoa 89

Leloa: Gure geriza zaude zu, Jauna, mendez mende.

Hilkor gizonak sar diten berriz errautsean,
Zuk erran duzu: “ Gizonak, berriz errauts izan.”
Mila bat urte zure begien aitzinean,
Atzoko egun ala gauaren idurian.
Hartzen ditutzu eta hek amets baten pare,
Nola belarra hek sortu eta hil baitire.
Argi hastean handitzen eta dena lore,
Gauerakoan histen, eihartzen ez deusere.
Gure egunez erakuts guri zer diozun,
Gaiten gogotik zuhurtziarat hel, zu lagun.
Gu ganat itzul; noiz arte, Jauna, zaude urrun?
Zure direnez urrikaldurik, otoi, entzun!
Bihotz beteka goizetik ixur amodio,
Goiz-arrats dugun bai kantu eta bozkario.
Gure gainean bego Jaunaren bihotz ona:
Zuk lagun zazu gure eskuek egin lana.

Jerusalemeko tenpluan egin barkamen ospakizun bateko salmoa izan daiteke : ” Gu ganat
itzul : noiz arte, Jauna, zaude urrun ?” Herria Babilonen preso egona da mende erdi batez (6.
mendean). Handik itzulia da, bainan zenbat lan egiteko (hiriaren parte bat lurrean da) etsaien artean
(armaturik arizan behar dute lanean). Denen ustea da gaitz horiek guziak beren bekatuengatik jasan
behar ukan dituztela. Jaunari galdegiten diote zigor hori urrunt dezan, aski badutela sofriturik,
bakearen eta goxotasunaren tenorea dela : ” Jasan egun beltz bezenbat eman egun goxo, zorigaitz
urte bezenbat orai bake oso.”
Zoriona nun aurkituko du Izraelek zuhurtzian ez bada : ” Gure egunez erakuts guri zer diozun,
gaiten gogotik zuhurtziarat hel, zu lagun.” Zorionaren gakoa zuhurtzia izan zen Salomonentzat.
Hunek konprenitu zuen zuhurtzia Jainkoaren aitzinean xutik bainan apal egoitea dela, ametsetako
handikeria zoroak bazterrerat utzirik. Norberak bere izaria hartu duenean, orduan daiteke zoriontsu
izan, orduan goza dezake Jainkoa ganikako bozkarioa : ” Bihotz beteka goizetik ixur amodio, goiz
arrats dugun bai kantu eta bozkario.”
Salmo hunen azken lerroa biziki ederra da : ” Zuk lagunt zazu gure eskuek egin lana.” Lan hori
izan daiteke Izraeldarrek egin behar ukan zutena, atzerritik itzuli zirenean, erran nahi baita
Jerusaleme hiriaren berreraikitzea. Bainan ikuspegia zabalduz, gizakiak Jainkoarekin eskuz esku
deraman bizia izan daiteke. Gizakia Jainkoaren lankide. Gizakia Jainkoaren beharretan, eta Jainkoa
gizakiaren. Jainkoaren umiltasuna. Gizakiaren handitasuna.

Bigarren irakurgaia

( Kristorekin batean gizaki berri eginak gira )

Jondoni Paulok Koloziarreri 3, 1-5. 9-11

Haurrideak,
1 Kristorekin piztu zireztenaz geroz,
bila-zkitzue gain hartako gauzak,
han baitago Kristo, Jainkoaren eskuinaldean jarria.
2 Itzul zuen gogoa gain hartako gauzetarat, eta ez lurrekoetarat.
3 Hilak zirezte, alabainan,
eta zuen bizia Kristorekin gordea dago Jainkoaren baitan.
4 Kristo, zuen bizia, agertuko denean,
zuek ere, orduan, harekin agertuko zirezte, ospe betean.
5 Hilaraz zazue, beraz, zuen baitan lurtiar den guzia:
lizunkeria, lohikeria, jaidura eta gutizia tzarrak,
eta idolatria den dirugosea.
9 Ez erran elkarri gezurrik;
ken zuen baitan den gizaki zaharraren egitateak,
10 eta jauntz gizaki berria,
Kreatzaileak bere idurirat beti berri egiten duena,
egiazko ezagutzarat helarazteko.
11 Hor ez dago jadanik ez greziar eta ez judurik,
ez Izraeldar eta ez paganorik,
ez kulturadun eta ez kulturagaberik, ez esklabo eta ez librorik,
bainan Kristo da bakarrik, guzia, guzietan.

Batzuetan Jondoni Paulo harrigarria da ! Hemen, hasten da erranez : “Piztu zirezte“, eta hiru
lerro beherago: “hilak zirezte“… Hitzek ez dute gauza bera erran nahi, lehen eta egun! Hemen
girenaz geroz, bizi gira… ez oraino hilak, eta are gutiago berpiztuak! Nun ez diren egun, hain xuxen,
hitzak aldatu. Ezen, egun ez gira bertze egunetan bezala: Paulorekin Bazko goizean gira; eta
hemendik aintzina, deus ez da lehen bezala. Paulok hori du buruan segurki !
Testo hunen bigarren ideia : “Itzul zuen gogoa gain hartako gauzetarat, eta ez lurrekoetarat “ .
Alta Jondoni Paulo da beti erraiten duena, gutun huntan berean : « Edozer egin dezazuen, elez ala
obraz, guzia Jesus Jaunaren izenean izan dadila; eman eskerrak, haren bidez, Jainko aitari ». Ez
da beraz mundu huntako izaiteak gutiestea! Jainkoak eman dizkigu, ez dira gutiesteko! Hemen ere
hiztegia ikus dezagun. Jondoni Paulok erraiten duelarik: “zeruko izaiteak”, xehetasunak emaiten
ditu ondoko lerroetan: samurtasun urrikalkorra, onezia, apaltasuna, eztitasuna, pazientzia; eta
„lurtiar den guzia” aipatzen duelarik, horiek dira: lizunkeria, lohikeria, jaidura eta gutizia tzarrak,
eta idolatria den dirugosea. Ez dira beraz, zerutiar edo lurtiar gauzak, bainan bizimoldeak,
gizabideak. Gure bizi osoa bi kontrako molde horietan ezarria da: gure aldatzea, gure piztea
Kristoren baitan jadanik egina da eta izaite sakon hori gure eguneroko bizian zehazki bihitu behar
dugu.
Irakurtzen jarraik bagineza, hau aurki ginezake: „gizon berria jauntzi duzue“ eta ondotik
bertze lerro hau: „horien guzien gainetik jantz maitasuna, lokarri on baino hobea baita“. Egungo
irakurgaiaren argitasun hoberena hau da: „jantz gizaki berria“.
Jondoni Pauloren predikuan zehar, elgarren kontrako bi bide horiek aurkitzen dira beti, bereziki
Koloziarreri idatzi gutun huntan: „Lehen zuen gogoeta ala egintza gaixtoetan arrotz eta etsai
zineten. Orai aldiz, Jainkoak baketu zaituzte bere Semearen haragizko gorputzean… Fedean
oinarriturik gogor irautekotan haatik, entzun duzuen berrionak ekarri esperantzan durduzatu
gabe…… Kristo Jesus Jauna ukan duzuen bezala, haren baitan ibil zaitezte, haren baitan
erroztaturik eta eraikirik, irakatsi zaizuen fedean azkar, eta esker onez gaindika…. Kasu nehork
harrapa ez zaitzaten lillura hutsa den filosofiaz, gizonen ohidurari eta munduko indarrei jarraikiz,
eta ez Kristori…Bataioan harekin hobiratuak, harekin ere iratzarriak izan zirezte, Kristo hiletarik
iratzarri duen Jainkoaren indarrean sinetsi baituzue“.
Ez dugu beraz bertze bizi bat bizi behar, bainan bai gure bizia bertzela. Gure mundu hau da
Jainkoaren erresuma bilakatuko dena.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Dohatsu bihotz barnez behartsu direnak:
Heiena baita zeruetako Erresuma

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 12, 13-21

13 Jendearen arteko norbaitek erran zion Jesusi:
“ Irakasle jauna, errozu nere anaiari
etxe-ontasuna nerekin partekatzeko.”
14 Jesusek ihardetsi zion:
“ Gizona, nork ezarri nau ni zuen artean juje,
edo zuen ontasunen partekatzaile?”
15 Eta jendeari erran zion:
“ Kasu! Begira zaitezte dirugosetik,
ontasunek ez baitiote nehori bizia segurtatzen, ainitz izanik ere.”
16 Gero, parabola hau kondatu zioten:
“ Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion.
17 Eta bere baitan ari zen:
‘ Zer egin? Ez baitut uztaren sartzeko lekurik.’
18 Eta erran zuen:
‘ Huna zer eginen dutan:
nere salauruak bota eta handiagoak eginen ditut,
eta han sartuko nere uzta eta ontasunak.
19 Gero, nere buruari erranen diot:
Ea mutil; baduk hor ontasun frango bildurik, ainitz urterentzat.
Pausa hadi, jan, edan eta besta egizak!”
20 Bainan Jainkoak erran zion:
‘ Zentzugabea! Gau huntan berean hil behar duk.
Eta hik bilduak, norentzat izanen dituk? ’
21 Horra zer gertatzen zaion , Jainkoarentzat aberats izan beharrean,
ontasunak beretzat biltzen dituenari.”

« Ez du diruak zoriona egiten… bainan ardiestarazten du » dio erran-zaharrak. Nun den
aberastasunak emaiten duen egiazko zoriona, egungo ebanjelioak erranen dauku.
Familia baten eztabadarekin hasten da irakurgai hau. Gizon bat heldu da Jesusen ganat,
antolabide baten eske: „Irakasle jauna, errozu nere anaiari etxe-ontasuna nerekin partekatzeko.“
Usaian, Jesus prest da bere erantzuna emaiteko; hemen frango idorki erraiten dio: „Nork ezarri nau
ni zuen artean juje edo zuen ontasunen partekatzaile?“ Bertzela erraiteko: „erabaki hori ez da
neretako“, eta bertze xehetasunik gabe, bainan oraintxe gertatu denarekin lotura bat eginez, Jesus
mintzo da jendaldeari: „Kasu! Begira zaitezte dirugosetik, ontasunek ez baitiote nehori bizia
segurtatzen, ainitz ukanik ere“. Erakaspen hau Jesusek frangotan eman du: „ Ez griña bizitzeko zer
jan, edo gorputza zertaz jantzi; bizia janaria baino gehiago baita, eta gorputza jantzia baino
gehiago. (Lk 12,23). Eta Deutoronomak dio: „Gizona ez da ogiz bakarrik bizi“.
Anitzetan bezala Jesusek parabola batekin segitzen du bere erakaspena. Gizon baten historia
da. Uzta onak sarturik, gogoetak egiten ditu jakiteko nola bere ontasunez baliatu. Egun goxoak
pasatzeko, bere ontasunak segurtatzen ditu: “Neure selauruak bota eta handiagoak eginen ditut, eta
han sartuko nere uzta eta ontasunak. Gero nere buruari erranen diot: ea mutil; baduk hor ontasun
frango bildurik, ainitz urterentzat. Pausa hadi, jan, edan eta besta egizak“. Azken hitz hauetan,
Jesusek errepikatzen du Izairen erasia Jerusalemeko populuari, bestaz besta ibilki zelarik,
Jainkoaren mintzoa entzun gabe. „Zentzugabea“ zion. Ben Sirak-ek gauza bera erraiten zuen :
„Aberatsa, kasu eginez eta xuhur bizi dena, bainan zer izanen da haren saria, diolarik:“ har
dezagun pausua; orai janen dut nere ontasunetik“. Ez daki noiz arte, eta gero bere ontasunak
utziko ditu bertze bati eta hilen da.“ (Sir 11, 18-19) Egungo lehen irakurgaian Koheleten hitzak
entzun ditugu, amets gabeko hitzak, zeren gizonak bere burua bakarrik ikusten baitu, Jainkoaren
ikus moldeari behatu gabe. Parabola hau Jesusek bururatuko du erranez : „Horra zer gertatzen
zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, ontasunak beretzat biltzen dituenari.“
Horrek bi ondorio dakarzki. Lehenik, ontasunak Jainkoarenganik ditugula. Deuteronoma
liburuak orroitarazten du : „Nasaiki jaten baduzu, etxe ederrak eraikitzen baditutzu, abere ttiki eta
haundi ausarkian baditutzu, ainitz diru eta ainitz urre, sekulako ontasunak, ez sar urgulutan eta
zeure Jainkoa ahantz. Harek zaitu Egiptotik, esklabotasunetik ateratu…Ez erran: „Neure indarrez
dut ene ontasuna bildu“. Bainan orroit zaite, zure Jainko Jaunak dauzula duzun indarra eman
ontasun horiek biltzeko, eta Harekin duzun batasuna finkatzeko, zure arbasoekin finkatu zuena eta
egun finkatzen duena.“
Bigarrenekorik : ongi orroitu ontasunak Jainkoarenak direla eta gure eskuetan emaiten dituela
ongi balia gaiten denen onetan. Profetak mintzatu dira sekulako indarrez aberatsen kontra, ez
bakarrik pobreen alde ontasunak ez baliatzeagatik, bainan beren aberastasuna bertzen miseriaren
gainean eraikitzeagatik.
Profeten hitzak nasaiki aurkitzen dira ebanjelioan: talenduen parabola, bai eta ere jabe
aberatsarena. Hunek, joan aintzin, bere ontasunen kudeatzea bere langilen eskuetan emaiten du.
Etxeratzean, nahi du bere ontasuna emankor aurkitu. Ontasuna emendatu diotenak, nasaiki
saristatzen ditu, eta haren ontasuna lotan utzi dutenak, kanporat igortzen.
Gure ontasuneri behatuz, edo material, edo kultura, edo izpiritual mailetakoeri, behar ginuke
beti miretsirik egon ikusiz nola Jainkoak konfiantza emaiten daukun ontasun horiek gure eskuetan
ezarriz haren osperako, haren haurrentzat balia ditzagun.