Bi jakintsu aberastasunen aurrean
Urteko 18. igandea C 2016-07-31
Joan den igandean, Lukasentzat joan-etorri handikoa den gai bati erreparatu zion: otoitzari. Igande honetan bere ebanjelioko funtsezko beste gai bat dakarkigu: aberastasunen aurreko jarrera.
Irakaspen bitxi bat: lehen irakurgaia
Itun Zaharrean, aberastasunak, batzuetan, Jainkoaren bedeinkazioaren seinaletzat hartu ohi dira (Abrahamen eta Salomonen kasuak); beste batzuetan, arriskutzat, Jainkoaz ahaztea ekarri ohi dutelako eta harrokeria eragiten; profetek, sarritan, jendea zapaldu eta ustiatzearen ondoriotzat eman ohi dituzte; Bibliako jakintsuek, berriz, aberastasunaren izaera engainagarria eta saldukeriazkoa salatzen dute. Azken ildo honetan lerrokatu da gaurko lehen irakurgaia, eta Kohelet-en, «Huskeriaren huskeria, den-dena huskeria» delakoaren autorearen, bi gogoeta dakartza.
Lehen gogoetak dio, bizitzan lortutako guztia, erarik zuzenenean eta egokienean lortua bera ere, heriotzako orduan, lanik egin ez duen beste baten eskuetara joan ohi dela (segur aski, seme-alabak ditu gogoan).
Bigarren gogoeta giza ahaleginaren harrokeriaz ari da. Bizitza funtsezko bi alditan, gaua eta eguna, sintetizatuz, den-dena oker ikusten du: Egunez bere egitekoa sufritzea eta penatzea du; gauez atsedenik ez du haren gogoak.
Gai biak (bizitzan lortua eta giza ahaleginaren harrokeria) gaurko ebanjelioko parabolan ere ageri dira, protagonistaren deskripzioan.
Eskaria, parabola eta irakaspena (Lk 12,31-21)
Gaurko ebanjelioan hiru zati bereiz ditzakegu: abiapuntua, parabola eta azken irakaspena.
Abiapuntua lagun baten eskaria da: Maisu, esaiozu nire anaiari banatu dezala ondarea nirekin. Eskari hori gotzain bati edo apaiz egin izan baliote, berehala uste izango zuen esku hartu beharra zuela, ondarea partekatzeko aholkua emanez eta hartarako mila arrazoi bilduz. Jesusek ez du ikusten hartarako aginpiderik duenik. Baina diru-gosearen arriskuaz aholku emateko baliatu da lagun horrek eskaini dion paradaz, ondasunen ugaritasunak bizitza bermatzen duela uste izateko arriskuaz, alegia. Irakaspen hau zuzenesteko, beste askotan egin ohi duen bezala, parabola bat jaulki du.
Parabola. Kohelet-ek ez bezala, Jesusek ez du aurkeztu aberatsa sufritzen, penatzen eta lo ezin eginez, baizik eta aberastasunak ahaleginik egin gabe lortu dituen pertsona bezala; eta halakoaren ametsa, gerorako, ez da bere kapitala nekearen nekez handitzea, baizik atsedetea, jatea, edatea, otorduz otordu ibiltzea.
Halere, parabola honetako aberatsa bat dator Kohelet-ekoarekin gauza batean: luzarora, bietan inork ezin izango ditu gorde bere aberastasunak. Heriotza dela medio, ondorengoek jasoko dituzte edo beste norbaitek.
Azken irakaspena. Arazoa esan dugun honetan bukatuko balitz, igande honetako bi irakurgai hauek jakintsuen arteko eztabaida gisa irakurtzen ahal genituzke.
Baina, ez. Kohelet, itxuraz, ezkorra (lortutako guztia ahalegin gogor batez lortua eta egunen batean beste baten eskuetan utzi beharrekoa), baina egiaz baikorra da; izan ere, uste du bere ikasleak izango dituela ondasunez gozatzeko urteak.
Jesusek, itxuraz, baikorra (aberatsa ahalegin handirik gabe aberastu da) izanik ere, arazoari eszeptizismo krudel batez heldu dio, heriotza ipintzen du egitasmo guztien bukaeratzat.
Alabaina, alderik handiena Jesusen eta Kohelet-en artean azken esaldian dator: Horrelakoa da aberastasunak beretzat pilatzen dituena, eta aberastu, Jainkoa gogoan izan gabe aberasten dena. Bere ondasunez lelo-lelo gozatzearen (Kohelet) aurrez aurre, Jesusek jarrera praktiko eta baikor bat proposatzen du: aberastu zaiztez Jainkoaren begien aurrerako. Geroago, batez ere 16. kapituluan, Lukasek argi eta garbi esango du hau guztia nola egin: norberaren aberastasunak gainerakoen zerbitzura jarriz.
José Luis Sicre