ZORAKERIA MOZORROTIK ATERA (Lukas 11,13-21)
Urteko 18. igandea C 2016-07-31

«Aberats zoroaren» parabola labur honen protagonista Jesusek Galilean ezagutu zituen lurjabe handi haien antzekoa da. Jende boteretsua, nekazariak errukirik gabe ustiatzen edo esplotatzen zituena, bere ongizatea handitu beste asmorik ez zuena. Jendeak beldurra zion eta inbidia: dudarik gabe, zoriontsuenak ziren. Jesusentzat, berriz, zoroenak.
Bere usteak gainditu dituen uztaren handitasunaz harriturik, gogoeta egin beharrean gertatu da gure lurjabe aberats hori: «Zer egin nezake?». Bere baitan mintzo da. Haren ingurumarian ez da ageri beste inor. Ematen du ez duela emazterik, ez seme-alabarik, ez adiskide edo auzokorik. Ez dio axola bere lurretan lan egiten duten nekazariez. Bere ongizatea du ardura guztia eta bere aberastasunak: ene uzta, ene aletegiak, ene ondasunak, ene bizitza…
Aberatsa ez da konturatzen hesiturik bizi dela bere baitan, pertsona izaten uzten ez dion logikaren morroi bizi da. Pilatzeko soilik bizi da, metatzeko, bere ondasun materialak handitzeko: «Biltegi handiagoak egingo ditut eta hara jasoko nire ale guztia, nire uzta guztia. Eta orduan esango diot neure buruari: Adi ezak, baduk pilaturik ondasunik asko urtetako; etzan hadi, emaiok jateari eta ondo bizitzeari».
Baina bat-batean, uste ez duela, Jainkoa tartekatzen du Jesusek. Jainkoaren hitzak eten ditu aberatsaren ametsak eta ilusioak: «Zoroa halakoa, gaur gauean heure bizitza eskatuko diate. Metatu duana, zeinentzat izango duk?» Horixe da Jainkoaren epaia: porrota eta zorakeria da aberats honen bizitza.
Aletegiak handitu ditu, baina ez da gauza izan bere bizitzaren ingurumaria zabaltzeko. Bere aberastasunak ugaldu ditu, baina bere bizia txikiago eta pobreago eginez. Ondasunak metatu ditu, baina ez daki zer den adiskidetasuna, maitasun eskuzabala, alaitasuna, solidaritatea. Ez daki ematen eta partekatzen, soilik biltzea dio axola. Zer da horren bizitzan gizatasunetik?
Jasaten ari garen ekonomi krisia «asko guraren krisia» da: lurralde aberatsek, banketxe handiek, lurreko boteretsuek… geure ahalbideen gainetik bizi nahi izan dugu, ongizatea mugarik gabe nola metatu amestuz, pobretasunean eta gosetean gero eta gehiago murgiltzen ari direnez ahaztuz. Baina, bat-batean, lur jo du gure segurtasunak.
Krisialdi hau ez da beste bat gehiago. «Aldien ezaugarria da», ebanjelioaren argian irakurri beharko genuke. Ez da zail Jainkoaren ahotsa entzutea geure kontzientzian: «Aski da halako zorakeria horretatik eta halako solidaritate-ez horretatik». Ez ditugu sekula gaindituko geure ekonomi krisialdiak baldin eta geure biziera sakon kanbiatzen saiatzen ez bagara: era soilagoan bizi beharra dugu, geure ongizatea partekatu beharra dugu.

Jose Antonio Pagola