ZORAKERIAREN AURKA (Lukas 12,13-21)
Urteko 18. igandea C 2019-08-04

Egunetik egunera ezagunagoa dugu hogeita hamar urteetan Jesusek bizi izan zuen Galileako egoera sozial eta ekonomikoa. Seforis eta Tiberiades hirietan aberastasuna handituz zihoan bitartean, herrixketan haziz zihoan gosea eta miseria. Landa-jendea lurrik gabe geldituz zihoan eta lurjabe handiek silo eta mandio handiagoak eraikitzen zituzten.

Kontakizun koxkor batean, Lukasek gorde digun honetan, Jesusek egoera hartaz zer pentsatzen duen agertu digu: Jainkoak nahi izandako egitasmoaren hain kontrakoa den egoeraz, guztientzat gizakoiagoa izango litzatekeen munduaren hain kontrakoa den egoeraz. Ez dakar parabola hau lurjabe handiek egiten dituzten abusuak eta zapalketat salatzeko, baizik eta bizi duten zorakeria agerian jartzeko.

Lurjabe aberats batek uzta handi bat izan du. Ez daki nola kudeatu, nola gobernatu, hain handia den aberastasun handi hori. «Zer egin nezake?». Haren bakarrizketak boteretsuen logika zoroa agertzen digu: aberastasunak eta ongizatea metatzea bakarrik dute kaskoan, beharrean direnak beren begi-bistatik apartatuz.

Parabolako aberatsak bere bizitza planifikatu eta erabakiak hartu ditu. Mandio zaharrak bota eta beste handiago batzuk eraikiko ditu. Bere uzta guztia jasoko du haietan. Urte askotako ondasunak metatuko ditu. Aurrerantzean, gozatzea bakarrik izango du helburu: «etzan hadi, jan, edan eta emaiok lasai bizitzeari». Ustekabean, Jainkoak eten dizkio bere asmoak: «Zoroa, gau honetan berean bizitza eskatuko diate. Metatu duana, zeinentzat izango duk?».

Gizon aberats honek bere ondasun ugariz gozatzera mugatu du bere bizitza. Bere bizitzaren erdian bere burua bakarrik jarri du eta bere ongizatea. Jainkoa absente du. Beraren lurra lantzen duten soldatapekoak ez dira existitzen. Goseari kontra nola egingo bizi diren herrixketako familiak ez dira ezer. Jainkoaren epaia biribila da: bizitza-mota hori zorakeria hutsa da eta burugabekeria.

Gure egun hauetan, mundu guztian, esateko, era kezkagarrian ari da handitzen desberdintasuna. Hau da gertaerarik ilunena eta gizagabeena: «aberatsak, batez ere aberatsenak, askoz aberatsago egiten ari dira; pobreak, berriz, batez ere pobreenak, askoz pobreago egiten» (Zygmunt Bauman).

Gertakari hau ez da gauza normala. Soil-soilik, gizakiok egiten ari garen zorakeria handienaren azken ondorioa da: Gizadiaren lankidetza adiskidetsuaren, solidaritatearen eta guztien ona bilatzearen ordez, lehiaketa, etsaigoa eta ondasunen metaketa Planetako boteretsuenen eskuetan jartzea da egiten ari garena.

Jesusen Elizatik, Ludi osoan presente den Elizatik, beren deiadarra entzunarazi beharko lukete Jesusen jarraitzaileek hain handia den zorakeria horren aurka, eta beren erreakzioa agertu beharko lukete giza historia gaur egun gidatzen duen ereduaren aurka. Horrela ari da egiten Frantzisko aita santua.

Jose Antonio Pagola