Urteko 18. igandea C 2019-08-04
HOMILIA

Anai-arrebok!

Entzun dugu gaurko ebanjelioko zoroarena: «bere uzta bildu, urtetarako bakea egin du, lasai asko bizi daiteke, baina horretara iritsi orduko, hor etorri zaio herioa»

Era askotan egin genezake geuk ere zoroaren zorakeria hori bera. Mandioa egin. Ghetto bat egin, eta geure buruari esan: «lasai asko bi hinteke».

Egin dugun mandioa edo bildu dugun uzta era askotakoa izan daiteke. Afrikatik jenderik etor ez dadin arantzazko sare bat eraikiz. Amerikako Karibetik, edo Erdi aldetik edo Hegoaldetik Estatu Batuetarako jenderik etor ez dadin hainbat kilometroko murru bat eginez. Eta aipatu bi horiek, errealitate fisikoak dira.

Baina errealitate mentalak ere eraiki genitzake. «Neure nekea izan dut dudan guztia lortzeko. Zertara datorkit orain jende hau laguntza eske? Auskalo zer egin duten beren bizitzan orain arte!» Murru edo sare asko sor genitzake.

San Mateok bere ebanjelioan (6,24) esan digu, dirua dela gaitz guztien erroa edo sustraia: «Ezin izan da inor bi nagusiren zerbitzari; izan ere, edota bata gaitzetsiko du eta bestea maiteko, edota bata maiteko eta bestea mespretxatuko».

Ikertzaileen lanak gauza harrigarrik ekarri digu gai honetaz. Jesusek diruaz beste edozein gaiz baino gehiagotan hitz egin zuen. Jesusek, bere 38 paraboletatik 16tan, dirua du mintzagaia: ondasunak nola eta zertan erabili adierazten du.

Biblian ikertzaileek gauza harrigarri hau aurkitu dute:(badakizue, Biblia honela banatzen dugu nagusiki: liburutan, kapitulutan eta txataletan; txatalak bizpahiru lerroko puskak izaten dira); horiek horrela, 500 txatal dakartza Bibliak otoitzaz, 500 txatal baino gutxixeago fedeaz, baina 2.350 txatal baino gehiago diruaz eta ondasunez.

Plotino alexandriar filosofoak (204-270) Seneka filosofoaren esapide hau kontatzen digu: «pertsona bat, nahi badu, nahiz eta zoro zentzugabeak ez duela nahi ematen duen, alda daiteke jokabideaz».

Eta Budak esana da: «Bere zorakeria aitortzen duen zoroa jakintsu da. Baina bere burua jakintsutzat ematen duen zoroa egiaz da zoro». Buda jakintsu bat izan zen, Himalaia inguruan jaioa, batez ere Indian izan zen irakasle (K.a. 563-483).

Gaurko lehen irakurgaian, Kohelet, alde batetik, oso ezker mintzo da: gizakiak bere eginahal guztiaz bildu duena egun batean beste batentzat izango da; bestetik, oso baikor ageri da, gizaki horri urte askotan bizi ahal izateko posibilitatea ikusten dio, bere ondasunez goza dezan.

Ebanjelioan, berriz, Jesus aski eszeptiko ageri da gizaki aberats horrekiko: beti gainean du gizakiak herioaren sega hiltzailea. Azken esaldia oso esanahitsua da: «Horrelako da beretzat aberasten den gizakia, Jainkoa kontuan hartu gabe aberasten dena».

Jainkoa kontuan hartu? Zer esan nahi du horrek? Lukas ebanjelariak 16. kapituluan dakarren parabolak argitzen digu: Epulon aberatsa zen, egun guztia eta guztiak ematen zituen zoro-zoro bizitzen: jan eta edan eta beste. Beraren etxe-ataria egoten zen Lazaro behartsua; Epulonek ez zuen Lazaro ikusi ere egiten. Hil zen Epulon. Hil zen Lazaro ere. Biek alderantzizko zoria izan zuten.

Aberastasunen arazoan Jainkoa kontuan hartzeak, lagun hurkoa kontuan hartzea esan du. Jaun eta jabe bezala ez, baizik administratzaile edo kudeatzaile zuzen eta leial izatea da kontua.

DIONISIO AMUNDARAIN