URTEKO 18. IGANDEA B (2015-08-02)

SARRERA

Senideok, duela hogeita hemeretzi urteko gertakari batekin hasi nahi nuke meza. Abuztuaren 4an beteko dira hogeita hemeretzi urte, Argentinako Errioxan, Enrike Angelelli gotzaina hil zutela.
Probintziako herri pobreetara egin ohi zituen joan-etorrietako batean, hildako bat zeraman talde batekin topo egin zuen. Egur-lanean ari ziren langile batzuek, nolabait moldatutako hil-ohe batean zeramaten gazte baten gorpua.
Gotzainak gelditu eta hilkutxarik ez ote zuten galdegin zien. Jendeak, lotsaz, erantzun zion: «Gotzain jauna, ez dugu dirurik». Hurrengo igandean, homilian esan zuen Gotzainak: «Zer-nolako bekatariak gara, gero, egur eta arbola-lanean ari garenok; ez baitugu hilkutxarik ere langileentzat, laneko kideentzat?»
Lehenengo lerroan zegoen Lazaro Agirre buruzagia, militarren eta beren familien ondoan. Agirre buruzagiak jaiki eta esan zion: «Gotzain jauna, meza santua entzutera etorri gara, eta ez hitzaldi politikoak entzutera». Gotzainak erantzun: «Zu, atera zaitez elizatik, zu ez baitzara gure erlijiokoa».
Abuztuaren 4an, Gotzaina, Pintos aitarekin batean, Chamical-etik itzulian zihoan, han bi apaizen hilketa aztertu ondoren. Bat-batean, «Peugeot bostehun eta lau» batek bidea itxi zien, beren kamioneta zaharra iraularaziz. Gotzainaren gorpua bidean hilik aurkitu zuten ondoren.
Argentinako Errioxan egindako lehen homilian, esana zien pobreen eta justiziaren gose-egarri zirenen zerbitzari zetorrela. Esaldi honetan ikusten dugu gertakari honen eta gaurko ebanjelioaren arteko lotura: Jesusen aho eta mihi izan nahi izan zuen Gotzainak, garaiko jende goseari hitzaren ogia eramateko.
Beragan sinesteko eskatu die Jesusek juduei; beragan konfiantza izateko. Jesusenganako fedea agertzeko modu bakarrak lagun hurkoarekin bat egitea da. Eta lagun hurkoa zein da? Lapurrek erdi hilik bide bazterrean utzi duten hura. Senideok, aztertu dezagun geure fedea.

LEHENENGO IRAKURGAIA Irteera liburutik (16,2-4.12-15)

Basamortuko erromesaldian, hainbat ekintza miresgarri egin zituen Jainkoak, Moisesen eskuz, herriaren alde: egun batean, ura sortarazi zuen Moisesek harkaitz bat makilaz jota; beste batzuetan, galeperrak eman zizkien jateko; gainera, mana eman zien ogitzat.
Mana hau, ematen duenez, basamortuan sortzen den zuhaixka baten fruitua da; gaur egun ere mana deitzen dio basamortuko jendeak. Mirari-izaera, gauzaren izaeran baino gehiago, agertu zen inguruabarrean zegoen, dirudienez.
Biblian askotan hitz egiten da mana horretaz, interpretazio desberdinak emanez: batetik, mana zuzen erabiliz, herriak Jainkoarekiko obedientzia eta konfiantza agertu behar zuen (adibidez, egunean egunekoa bakarrik bildu behar zuen); bigarren, mana hori, Jainkoa herriaren bizitzan presente dagoen seinaletzat hartu behar zuten; azkenik, mana hori behin-behinekoa da, zeruko egiazko ogia sinbolizatzen du, hau da, Jesus bera.
Edozein kasutan, judu-herriak basamortuan ikasi zuen, modurik egiazkoenean, Jainkoaren beharra zuela. Geure basamortua dugun mundu honetan nabari ditugun beharrek eraman gaitzatela Jainkoaren beharra sentitzera; ez, noski, Jainkoa beharretik aterako gaituen makina magiko bat izango dugula pentsatuz; baizik, aterabidea, geure artera bidali digun Semeak agertu digun bidetik aurkituko dugula pentsatuz.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (4,17.20-24)

Entzungo dugun Efesoarrei egindako gutuneko pasarte hau erregu morala da. Onartzekoa ez den biziera bizi duen herrian, Jesusen jarraitzaileek bereizi egin behar dute beren bizitzeko moduaz. Alde batera utzi behar da irizpide garbirik bizitzeko modua. Gure Elizan askotan isildu egin izan da gai hori; askoz gehiago hitz egin izan da egiturez, dogmez, agintariez. Gaur badirudi joera desberdin bat ari dela agertzen gure artean. Lehen kristauak asko nabarmendu ziren beren jokabideaz, gogo oneko jendea Jesusengana erakarriz.
Baina gaurko testuan bada beste zerbait ere, guri ere dagokiguna. Hau dio: «Baldin eta Jesus zuek ezagutu duzuen norbait bada, eta hartaz eskolatuak izan bazarete, Jesu Kristogan egia den bezala». Badirudi, autoreak hau esan edo iradoki nahi duela: ez dela gauza segurua lehen kristau haiek ere Jesusen espiritua bizi dutela.
Eta bukatzeko, dio: «Kristok irakatsi digu, baztertu egin behar dugula lehengo bizitzeko modua, atsegin-grinez usteldutako gizaki zaharra». Eta gaurko pasartekoa bukatzeko, dio: «Utzi, Espiritu Santuak zuen burubidea eraberritu dezan… bizi egiazko zuzenbidea eta santutasuna».

EBANJELIOA san Joanen liburutik (6,24-35)

Joan den igandean esan bezala, Joanen ebanjelioko seigarren kapituluko zati bat entzungo dugu. Ebanjelio honen arabera, jendea ez dabil Jesusen ondoren Jesusengatik. Nonbait, bost axola zaio Jesus; Jesusek egindako erregalua du amets. Geu ere geure buruaren bila ibili ohi gara. Jesusentzat, hori guztia egoismoa da.
Gizakiak bere indar hutsez salbatu nahi du. Baina ezerk ez du asetzen. Gogora dezagun Loiolako Ignazio santuaren hura: artean sendabidean zela, mundutar abentura handietan pentsatu ondoren, barruan tristura sentitu ohi zuen; aldiz, Jainkoaren araberako jokabideetan pentsatu ondoren, barruan atsegina sentitzen zuen.
Jesus, Jesus da. Eta ez, nik nahi izango nukeen hura. Meza honen hasieran entzun dugun pasadizoan, horixe leporatzen dio Argentinako Errioxako Gotzainak buruzagi hari: zu ez zara gure erlijiokoa.
Senideok, saia gaitezen Jesusen konbentzimendu hau geure-geure egiten: «Neu naiz zeruko ogia, neu naiz bizi-ogia, neu naiz munduaren argia, neu naiz artzain ona…».

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: konfiantza osoz bizi dezagula Jesusen promesa: beti gurekin, beti gure artean izango dela. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau guztien alde: Kristoren gose izatea, Jesusen Utopia egia bihurtzeko gose izatea, eragozten diguten jarrera guztiak alboratu ditzagula. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Oporretan diren guztien alde: gorputzez eta espirituz biziberritu daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen elkartu garen guztiontzat: Eukaristia, hau da, zerutik jaitsi den ogia jatera eraman gaituen fedeak berak ikusarazi diezagula Kristo geure senideengan, bereziki premiarik handiena dutenengan. Eska diezaiogun Jaunari.