Eukaristia eta hilezkortasuna (Joan 6,24-35)
Urteko 18. igandea B 2018-08-05

Igande honetan eta segidako hiruretan «Biziaren ogiari buruzko eztabaida» irakurriko dugu, ogien eta arrainen ugalketa-gaiaren ondoren datorrena (joan den igandean ez genuen irakurri, Santiagoren jaia ospatu genuelako). Hau da eztabaida eta beronen ondorioak lau igandetan banatzearen desegokitasuna: eztabaidaren tirandura indartsua galdu egiten dela. Garrantzizkotzat dut multzo-ikuskera eskaintzea, segidako igandeetako datuak aurreratu behar badira ere.

Eztabaidako solaskideak

Jesusen solaskideak, arraro gertatu arren, aldatu egin dira eztabaidan barna: hasieran, ogiak ugaltzearen mirariaz gozatu zuten galilearrak dira; gero, eztabaida polemikoago gertatu denean, haserre ageri direnak juduak dira Jesus kritikatzen eta «beren artean ezbaian» ari direnak. Baina Jesusez hitz egitea bukatu dutenean izan duten erreakzioa ez da kontatu. Protagonismoa (Jesusen) ikasle askok hartu dute, «eskandalizatu» egin baitira eta bertan behera utzi baitute Jesus. Azkenean, hamabiak bakarrik gelditu dira berarekin.

Eztabaidaren hiru puntu garrantzizkoenak

Joanen ebanjelioko eztabaidak, luzeak eta korapilatsuak izan arren, ideia gutxi batzuetan laburbiltzen ahal dira. Gaurkoan hiru bereiz ditzakegu, hertsiki erlazionatuak.

1.-«Betiko bizia» (6,27.40.47.54), «bizia» (6,33.53), «betiko bizi» (6,51.58). Laugarren ebanjelioaren gai obsesiboa da; «Hitza bizia zela» esanez hasten da eta eredutzat Lazaroren piztea eman du; hartan «piztuera eta bizia» bezala ageri da Jesus. Migel Unamunok esan ohi zuena dakarkigu burura: «Arrazoiz, arrazoirik gabe edota arrazoiaren aurka, gertatzen zaidana da ez didala hiltzeko gogorik ematen».
2.-Betiko bizi hori «bizi-ogia» (6,35.48.51) janez lortzen da, «munduari bizia ematen dion egiazko ogia» (6,33.51) janez, «zerutik jaitsi den ogia» (6,41.50.58). Ogi horretatik jaten duena Jesusek «berpiztuko du azken egunean» (6,39.40.44.54).
3.-Aurreko bi gai horiek hertsiki loturik daude Jesusekiko fedearekin: «Jainkoak nahi duena berak bidali duenagan sinets dezazuen da (6,29); «nigan sinesten duena ez da sekula egarri izango» (6,35); «nigan sinesten duenak betiko bizia du» (6,47). Horregatik, Jesus bertan behera utzi dutenek «harengan sinesten ez zutelako» (6,64) utzi dute; aldiz, Hamabiek, Pedrok baietsi duenez, «sinesten dugu eta badakigu Jainkoaren santua zarela zu» (6,69).

Horregatik, «Bizi-ogiaz» hitz egitean, indarraren muina «biziari» dagokio, azken egunean Jesusek berpiztuz emango digun betiko biziari. Janaria bere baitan helburu ez baizik eta bizitzeko baliabide den bezala, ogi eukaristikoa hilezkortasuna lortzeari dago enfokatua zuzenean. Korintoar batzuek bezala, beste bizian sinetsi gabe jaunartzen duena ez da jabetu eukaristiak eta betiko biziak duten loturaz.

Eztabaidaren garapena eta ondorioak

Testu liturgikoan (alde batera utzi dute 6,36-40 pasartea) hiru zati handi bereiz ditzakegu (18., 19. eta 20. igandeak), ardaztzat Kafarnaumgo sinagogan Jesusek eta bertaratuek izan duten elkarrizketa da. Dena bukatu, ikasle askok eta Hamabiek hain bestelakoa izan duten erreakzioekin bukatu da (21. igandea).

Lehen zatia (18. igandea), gero garatuko dudana, Jesusek agertu duen imajina ezineko errebelazio honekin amaitu da: «Ni naiz bizi-ogia», «zerutik jaitsia eta munduari bizia demaiona».

Bigarrena (19. igandea), zerutik jaitsi delako Jesusen ustearen aurrean juduek izan duten erreakzio kritikoaz hasi da. Ezina: izan ere, ezagutzen dituzte beraren aita-amak. Baina erantzun are nahasgarriagoaz amaitu du Jesusek: «nik emango dudan ogia nire haragia da».

Hirugarrena (20. igandea) aurreko baieztapenaren jarraipena da: «Nolatan ematen ahal digu honek bere haragia jateko?» Arrazoi dute juduek. Ezina ematen du, zorakeria. Jesusek ez du argitu, ez du eskaini ñabardurarik. Indartu du ezen beraren haragia jatea eta beraren odola edatea dela betiko bizia lortzeko era.

Esandakoarekin bukatu da eztabaida; ez da esaten nola erreakzionatu duten juduek. Baina adierazi da ikasleen erreakzioa (21. igandea), beraietako askoren eskandalua eta Hamabien erantzun baikorra bereiziz.

Eztabaidaz oharrak

1.-Ideiak argiak direna ematen duen arren, nekez onar daitezke. Entzuleen erreakzio normala adarra jotzen ari zaiela uste izatea da, Jesus zoraturik dagoela uste izatea edota biraolari bat dela. Beraren familia bezala, txikitatik ezagutzen duten pertsona honek burutik egina dela ematen du, zerutik jaitsia dela esaten baitu, Moises baino handiagoa dela, beragana datorrena ez dela sekula ez gose ez egarri izango, beraren gorputza jatea eta beraren odola edatea, kanibalak bailiran, beharrezkoa dela esaten baitu.

2.-Eztabaida hauetan, Jesusek ironiara jotzen du («janariaz ase zinetelako zabiltzate nire bila»), eskandalura (adibidez, manaren garrantzia epeldu duenean) eta sinbolo-esapide nahasgarrietara (adibidez, beraren haragia jatea, beraren odola edatea). Horrela, gaur egungo politikoen kontrakoa bilatzen du: soilik talde hautatu batek bakarrik jarrai diezaiola, soilik «Aitak dakarzkion» haiek bakarrik. Laugarren ebanjelioaren ikuspegi nahasgarri hau Jesusen heriotzaren ondoko esperientzian oinarritzen da segur aski, eta argitu nahi du, zergatik ez zuten onartu Jesus judurik gehienek Jainkoak bidalitzakotzat.

3.-Eztabaida hauek ez dute berregiten gertatua hitzez hitz; laugarren ebanjelioaren idazleak gerora egindako lanketa dira. Badaki idazle horrek bere irakurleek, bere elkarteak, zuzen ulertuko dituztela sinboloak. Jesusek dioenean «nire gorputza egiazko janari da eta nire odola egiazko odola» da, beraren gorputza jan beharra eta beraren odola edan beharra dugula, garbi asko dakite, arazoa ez dela beraren besoaren zati bat jatea edo beraren edalontzi bat odol edatea, badakite eukaristiaz ari dela, partekatzen dituzten ogiaz eta edalontzi bat ardoaz ari dela.

4.-Ikuspegi pastoraletik, gaia korapilatsua eta eskandalagarria bada ikasle askorentzat, teologoak gehiago korapilatzen saiatu dira, «transubtanziazioa» delako kontzeptuaz. Puntu honetaz zailtasunik duenak, jotzen ahal du Pedroren azken hitz hauetara: «Jauna, norengana jo genezake? Betiko bizirako hitzak dituzu zuk. Guk sinesten dugu eta badakigu Jainkoaren santua zarela zu». Eta teologoek jarrai dezatela ezbaian.

Manaren mirarizko bertsioa (Ir 16,2-4.12-15)

Ebanjelioak manaren dohainari aipua egiten diolako, Irteera liburuaren bertsioa irakurtzen da lehen irakurgaitzat, galeperren bertsioarekin bat eginez (ogia eta haragia). Bada beste bertsio bat, oso bestelakoa, manaz, batere ez mirarizkoa, Zenbakiak liburuan (11,7-9). Kontaera honetan jendea nazkaturik dago mana besterik ez jateaz. Eta gehitzen da: «Txarrangil-haziaren itxurakoa zen mana, erretxina-kolorekoa. Banatu egin ohi zen herria mana biltzeko, eta, errotan eho edo motroiloan xehatu ondoren, lapikoan egosi eta olio-opilen gustuko opilak egiten zituzten. Gauez, kanpalekuan ihintza egitean, gainean agertzen zen mana».

Baina manaz nagusitu zen bertsioa mirarizkoarena izan zen, Jainkoak zerutik bidaltzen duen janariarena; ez da jaisten larunbatean larunbat-atsedena errespetatzeko, kopuru bera biltzen dute guztiek, ezti-gaileten gustua du, eta hain miresgarria da, non bi litro gorde behar baitira Elkargo Kutxan. Xehetasun hauek alde batera utzi dira bertsio liturgikoan; halere, eutsi die galeperrarenari; uzten ahal zituen hegan eginez eta inork ez zituen faltan botako.

Mana eta bizi-ogia (Jn 6,24-35)

Sarrerak alde batera utzi ditu datu asko. Ogien eta arrainen ugaltzearen ondoren, ikasleek ontzian alde egin dute, Jesus mendira erretiratu da bitartean, bera errege egiteko jendearen desioari ihes eginez. Gauez, ontzia kontra duen haizeagatik arriskuan dagoenean, ur gainean oinez agertu zaie Jesus, ontzira igo eta berehala iritsi dira lehorrera. Aurreko hori alde batera utzi da. Jendea Jesusen eta ikasleen absentziaz ohartu eta beraien bila Kafarnaumera doanean hasi da kontaera

Orduan hasi da eztabaida luzea. Gaurko zatia jendearen lau esku hartzek (hiru galdera eta eskari bat) eta Jesusen lau erantzunek osatzen dute.

Dena galdera oso xume batekin hasi da: «Maisu, noiz etorri zara hona?» Jesusek, galderari erantzun ordez, agirika txiki bat egin die («janariaz ase zinetelako zabiltzate nire bila») eta betiko bizirako irauten duen janariaz mintzo zaie. Gauza logikoa janari hori nola lortu galdetzea izango zen; aitzitik, Jainkoak nahi duena nola egin galdetu diote. Eta erantzun die Jesusek: Jainkoak nahi duena berak bidali duen harengan sinets dezazuen da. Galilearrak jabetu dira beragan sinesteaz ari dela Jesus, eta jarrera zorrotzago bat hartu dute: beragan sinets dezaten nahi badu, mirari handi bat egin beharko du, manarena bezalako bat. Manari aipu eginez esku-eskura jarri diote Jesusi gaia. Mana «zeruko ogi» eta «aingeruen ogi» bezala aurkezten duen tradizioari aurre eginez, Jesusek erantzun die mana ezin konparatu dela zeruko benetako ogiarekin; hau ez dela mugatzen gosea asetzera, baizik eta bizia ematen diola munduari. Galilearrek emakume samariarraren antzera erreakzionatu dute: «Jauna, emaguzu beti ogi horretatik». Jesusen erantzuna ezin nahasgarriagoa da: «Neu naiz biziaren ogia. Nigana datorrena ez da gose izango, eta nigan sinesten duena ez da sekula egarri izango». Jendeak nola erreakzionatuko duen? Erantzuna datorren igandean.

«Gizakiak aingeruen ogia jan zuen» (Sal 77)

Salmoak Jauna goresten du, herria manaz elikatzean eta herria promes egindako lurraren «muga santuetara» eramatean agertu duen ahalagatik. Jesusen hitzak gogoan ditugula, goratu dezagun bera, ez antzinako mirari harengatik, baizik eta egunero zeruko ogia ematen digulako.
José Luis Sicre