Urteko 18. Igandea B 2021-08-01
HOMILIA
Anai-arrebok!
Joan den igandean esan bezala, bost igande hauetan San Joanen ebanjelioko seigarren kapitulua entzungo dugu. Kapitulu horretako ideia edo puntua nagusia zein den? Betiko biziaren bila bizitzea.
Bada Biblia baino lehenagoko idazki bat. Mesopotamian. Gilgamesen Poema da. Erdi historikoa, erdi legendarioa. Gilgames da protagonista. Betiraunean bizitzea du ametsa. Horretarako, abentura luze eta arriskutsu bati ekin dio: hilezkortasunaren landarearen bila hasi da.
Senideok, kristauok badakigu zein den hilezkortasunaren landare hori. Badakigu nola aurkitu ere. Jesus dugu geure landare hilezkor hori.
Joan den igandean entzun genuen, Jesusek ase arte eman ziola jaten jendetzari. Eta jende horrek Jesusen ondoren jarraitzen du. Baina Jesusek desilusioa jasan du. Konturatu da, jende horrek ez duela ulertu, ez esan dien hitzaren mezua, ez eskaini dien seinale edo mirari handi horren mezua. Eta halaxe azaldu die gaurko ebanjelioan: «Nire ondoren zatozte, ez nire seinale batzuk ikusi dituzuelako, baizik ogiz ase zaituztedalako».
Jende horren bihotza zabalagotu egin nahi du Jesusek. Beste zeruertz batera begira jarri nahi ditu. Jakina, Jesus ez da ahaztu gizakiak duen jan beharraz; baina hori baino ikuspegi zabalago batera begira ikusi nahi ditu. Diotse: «Lan egizue, ez galkor den janariagatik, baizik iraunkor den janariagatik, betiko bizia ematen duenagatik». Jesusek eman dizkien seinaleek horixe dute helburu: betiko biziaren seinale izan nahi dute. Seinalea badakizue zer den: helmuga baterako bidea markatzen duena. Gaztetan, San Migela joaten ginenean, seinaleei erreparatu behar izaten genien.
Har dezagun gogoan beste xehetasun hau: Moisesek mana eman zien israeldarrei basamortuan. Baina hura behin-behinekoa zen. Benetako «zeruko ogia nire Aitak ematen du». Eta azkenean diotse: «Ni neu naiz bizi-ogia. Nigana datorrena ez da gose izango, eta nigan sinetsiko duena ez da sekula egarri izango».
«Bizi-ogia» esatean, bizia azpimarratu nahi du Jesusek. Egun batean, geure berpiztean Jesusek emango digun bizia da. Janaria bizitzeko baliabide den bezala, eukaristia-ogiak hilezkortasuna du helmuga.
Senideok, Jesusen mezuan gauza asko ditugu sinesteko zail. Muinera jotzea da arazoa. Esan diezaiogun San Pedrorekin: «Jauna, norengana joango gara? Zuk, betiko bizirako hitzak dituzu. Guk sinesten dugu eta badakigu zu Jainkoaren santua zarela».
Datorren asteazkenean, abuztuaren 4an, ospatuko dugun Arseko apaizaren, Joan Maria Vianneyren, hitzok ere animagarri izan ditzakegu: «Ene seme-alabok, zuen bihotza txikia da, baina otoitzak zabaldu eta Jainkoa maitatzeko gai egiten du. Otoitza zeruaren aurre-gustua da». Jesusen Espirituak argitu gaitzala.
Dionisio Amundarain