Pandemia eta eukaristia (Mateo 14,13-21)
Urteko 18. igandea A 2020-08-02
Pandemiaren hilabete hauetan, jende asko gertatu da jaunartu ezinik. Igande honetan irakurgaiak lagungarri izan ditzakete halakoek eukaristiaren dohaina hobeto ulertzeko eta hobeto balioztatzeko.
Doako janari bat asetzen ez duten beste janari garesti batzuen aurrez aurre (1. irakurgaia: Isaias 55,1-3)
«Gose edo egarri al zara? Sar zaitez eta erosi ordaindu gabe». «Ez zaitez joan aurreko denda horretara; bertako produktuak garestiak dira, eta ez dute elikatzen». «Sar zaitez eta jan platerkada mamitsuak». Supermerkatu oldarkoienak ere ez luke egingo hau bezalako propagandarik: lur jotzera eramango luke bere burua.
Alabaina, Isaiasen liburuko pasarte labur hau, janari mamitsu eta doako bat beste garesti eta gatzgabe bati kontrajarriz, lagungarri dugu gogora ekartzeko geure bi janari-iturri: fisikoa eta espirituala, janari arrunta (bere kostua duena eta soilik ordu batzuetarako asetzen) eta eukaristia (doakoa eta betiko bizia arte asetzen duena). Balio egokia aitortzen al diogu bigarren honi? Falta egin al digu hilabete hauetan?
Jesusek doan elkartzen du bere elkartea (Ebanjelioa: Mateo 14,13-21)
Joan Bataiatzailearen ikasleek beren maisuaren heriotzaren berri eman diotenean, leku bazter batera erretiratu da Jesus. Ez doa Herodesen bila, salatzeko. Ihesi doa, bere egitekoa betetzen jarraitu ahal izateko. Jende asko doakio segika herrixka guztietatik, pena eman dio jende horrek eta gaixoak sendatu ditu. Arratsean, ogiak ugaldu ditu jendetza handi bati jaten emateko: bost mila gizonezko, emakumeak eta haurrak lagun dituztela. Nola hartu behar da pasadizo hau?
Interpretazio historiko soilaren problemak
Hartzen ahal genuke kontakizuna gertaera historiko baten, Jesusen ahalmena eta onberatasuna frogatuko lituzkeen baten, oroitzapen gisa: gaixoak sendatu ez ezik, kezka bizi du jendearen premia materialez ere. Interpretazio historiko honek problema handiak azaltzen dizkigu eszena imajinatzera jotzen dugunean.
Egundoko jendetzaz hitz egin digu ebanjelioak: agian, hamar edo hamabost mila pertsona, emakumeak eta haurrak kontuan hartuz gero, Mateok berariaz dioenez. Jendetza hori biltzeko, zona hartako herri askok gelditu beharko zuen hutsik.
Ikasleen proposamenak, janari bila inguruko herrietara joatea proposatu baitute, gauzatu ahal izateko zailtasun handiak zituen: hainbat Hipercor eta Alcampo beharko ziren hainbat jende elikatu ahal izateko.
Jesusek ogiak ugaldu dituela onarturik ere, jendetza horri guztiari banatzeak ere, hamabi mahai-zerbitzarik bakarrik eginak (pertsonako mila bat lagun), problema latzak planteatzen ditu.
Nola ugaldu dira ogiak? Jesusen eskuetan ala Jesusen eskuetan eta apostolu bakoitzaren eskuetan? Joan-etorri asko egin behar izan ahal dituzte, beste puska batzuk hartzeko, aurrekoak bukatzean?
Zergatik ez du ezer esaten Mateok arrainak banatzeaz? Hauek ez al dira ugaldu?
Hartarainoko jendetza bati janaria banatu ondoren, jadanik gauez kasik, zeini otutzen zaio sobera geldituak biltzea landa zabalean?
Nolatan eman daiteke gertatuaz inor ez harritzea?
Galdera hauek barregarri direla ematen du eta agian zenbait jenderi gogaikarri gertatuko zaizkio; halere, garrantzizkoak dira Mateok kontatzen diguna zuzen balioztatzeko. Kontaera hau gertaera historiko batean oinarritzen al da, eta hura gogoratzea al du asmoa, argi uzteko Jesusen ahalmena eta errukia? Ala ebanjelariak asmatu duen zerbait da, irakaspen bat emateko?
Interpretazio arrazionalista eta moralizatzailearen problema
XIX. mendean, batez ere Renan-en Jesusen Bizitza-ren eraginez, mirariak era arrazionalistan interpretatzeko joera zabaldu zen, beti ere fedearekin zailtasunik ez izateko moduan. Zehazki, ogiak ugaltzean gertatua segidako hau izan: Jesusek, nola ikasleei hala jendeari, eskura zutena partekatzera eragin zien, eta, horrela, denak aserik gelditu ziren. Kontaeraren helburua eskuzabaltasuna eta ondasunetan parte hartzea sustatzea izango zen. Irizpide honek, zientifiko ustezko liburuetan ere ageri denak, ebanjelioak ez dakarren zerbait asmatu du; are gehiago ebanjelioarekiko berariazko kontraesan dena ere bai, eta ebanjelioak sortu ziren mundua ezagutzen ez duen irizpidea da.
Interpretazio sinbolikoa eta eukaristikoa
Mateoren elkarteari pasadizo hau, ematen duenez, ez zitzaion batere arrotz gertatu. Itun Zaharraz zuen ezagutza zela medio; izan ere, Bibliako bi pasarterekiko erreferentzia argi-argia nabari bide zuen kontaeran.
Lehenik, gizonezko, emakume eta haurren jendetza handi baten irudiak, basamortuan, jatekorik ez zuela, antzinako Israel iradokitzen du: Egiptotik Kanaanera bidean zetorren eta Jainkoak, Moisesen erreguari esker, manaren eta galeperren bidez janaritu zuena.
Bada beste kontaera bat ere Eliseoz, gogora berez etorriko zitzaiena hasierako jende hari. Profeta honek, antzina-antzinako aldi haietako sonatuenetakoak. ikasle-talde ugari zuen bere inguruan, jatorri apal eta pobreko jendea. Hona zer gertatu zen behin batean:
Etorri zen behin Baal-Xalixako gizaseme bat, ogi-hasikinak Jainkoaren gizonari ekarriz: hogei garagar-opil eta gari berria bide-zorroan. Eliseok esan zuen:
–Banatu jendeari, jan dezaten.
Morroiak erantzun zion:
–Nola banatuko dut hau ehun gizonen artean?
Eliseok erantzun:
–Banatu jendeari, eta jan dezatela. Hau baitio Jaunak: «Jango dute eta sobera geldituko da».
Banatu zuen, beraz, morroiak ogia jende artean, jan zuten eta sobera gelditu zen, Jaunak esan bezala (2 Erregeak 4,42-44).
Mateoren edozein irakurlek atera zezakeen konklusio bat: Jesusek jarraitzaile duen jendearen ardura handia du, eta zailtasunetan elikatu egiten ditu, Moisesek eta Eliseok egin zuten bezala. Aldi berean begi-bistan daude alde batzuk. Moisesekin konparatuz, Jesusek ez du izan Jainkoari eskatu beharrik problema konpontzeko, berak du aski ahalmen horretarako. Eliseorekin konparatuz, Jesusen ahalmenak gainditu egin du Eliseorena era harrigarrian: ez ditu elikatu ehun lagun hogei ogiz, baizik eta milaka jende janaritu du bost ogiz bakarrik, eta sobera geldituez hamabi saski bete zituzten. Guztiz nabarmen gelditu dira Jesusen errukia eta ahalmena.
Halaz guztiz, antzinako irakurle haiek kontaerak beraientzat zer esan nahi zuen galdezka jarraitu zuten. Izan ere, irakurle-belaunaldi hark, Mateoren garaikoak, ez zuen Jesusen ahalmenaz eta errukiaz baliatzeko modurik, premialdian bere gosea asetzeko, alegia. Eta bazekiten Jesusen garaikide izan ziren beste askok gosea bizi izan zuela, antzeko inolako mirariren lekuko izan gabe. Hondo-hondoan hau da galdera: jarraitzen al du Jesusek gure gosea asetzen, jarraitzen al du premialdietan guri laguntzen?
Hemen sartzen da jokoan kontaeraren funtsezko alde bat: eukaristia-ospakizunarekin duen erlazioa lehen kristau-elkarte haientzat. Jakina, datu hauek ezin puztu dira. Adibidez, begiak zerurantz jasotzea eta otordu aurretik bedeinkazioa ematea keinu arrunta ziren edozein familia erlijioso batean. Arrunta zen orobat hondarrak jasotzea. Alabaina, Mateok garrantzizko xehetasun bat dakar: arrainak alde batera utzi ditu ogiak ugaltzekoan. Autore batzuek ez diote baliorik ematen xehetasun honi. Baina oso inportantea da. Ogia eta arraina jaten ditugunean, inportantea arraina izaten da, eta ez ogia. Ez du zentzurik janari inportanteena alde batera uzteak. Uzten bada, aldez aurreko asmo batengatik izango da: ogiaren inportantzia nabarmentzea, eukaristiarekin duen bistako erlazioagatik. Zeren eta eukaristian bezala gertatzen baita ogiak ugaltzean. Jesusek hil aurretik eratu du eukaristia berariazko janari-zentzua ezarriz: «Har ezazue eta jan… har ezazue eta edan». Kristauek badakite janari horrekin ez dela asetzen gose fisikoa; badakite ere, ordea, janari hori funtsezkoa dela bizitza espirituala bizitzeko. Eukaristiatik, zeinetan Jesusen heriotza eta piztuera oroitzen baitituzte, ateratzen dute indarra Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzeko, zailtasunak gainditzeko, pertsekuzio-aldian eusteko eta, are, nork bere burua heriotzaraino ere eskaintzeko.
Gaur egungo kristauak mezu hori bera atera beharko luke pasarte honetatik: Jesus gutaz gupidatzen da eta bere ahalmena azaltzen du bere gorputz-odolez gure janari eginik; askoz ere gauza inportanteagoa ogien eta arrainen ugaltzea baino. Beste irakaspenik ere ateratzen ahal genuke: gainerakoen premia materialez kezkatu beharra, besteen esku jarri beharra eskura dugun apurra eta askoa. Horiek horrela, beneditar alemanek Jesusek premiadunentzat azaldu duen kezka gogorarazi nahi izan dute: ogien ugaltzea gogoratzen den lekuan arreta-zentro bat eraiki dute haur minusbaliatuentzat. Baina kontaerako alde funtsezkoena lehenago esandakoa da.
Kristori eta Kristoren maitasuna (2. irakurgaia: Erromatarrei 8.35.37-39)
Ebanjelioa Jesusen errukiaz mintzo da, premia fisikoez eta materialez duen kezkaz eta arduraz. Paulok, maitasun hori esperimentatu baitu, galdetzen du, ba ote den ezer Kristo maitatzea eragotziko dionik, ba ote den ezer Kristori uko egitera, Kristo saltzera eragingo dionik. Zazpi ahalbide aipatu ditu, martiritza barne, eta konbentziturik dago ezen beti garaile aterako dela «maite gaituen hari esker». Izan ere, Jainkoaren maitasuna, Kristogan agertua, hain handia da non ez inongo errealitate batek, ez inolako sorkari batek, ikusgarriena eta ahaltsuena dirudien arren, urrunduko baikaitu beragandik.
José Lusi Sicre