EMAN ZEUEK JATEN (Mateo 14,13-21)
Urteko 18. igandea 2020-08-02
Jesus okupaturik dago, alde guztietatik dakarkioten jende gaixo eta elikatu gabe hura sendatzen. Haien sufrimenak hunkitu duelako ari da, ebanjelariak dioenez. Bitartean, ikasleak ohartu dira berandutzen ari dela. Oker ulertuz, «ogien ugaltze» izena eman izan zaion pasadizo honen esanahi sakona ulertzeko aukera ona ematen digu ikasleen eta Jesusen arteko solasak.
Ikasleek planteamendu errealista eta arrazoizkoa egin diote Jesusi: «Agur egiozu jendetzari, herrixketara joan dadin jateko bila». Jasoa du jendetza horrek Jesusengandik behar zuen arreta. Orain, itzul dadila nor bere herrixkara eta eros dezala jateko zerbait, norberaren ahalbide eta baliabideen arabera.
Harritzekoa da Jesusen erantzuna: «Ez dute zertan joan. Eman zeuek jaten». Gosea arazo larriegia da bata besteaz arduratu gabe gelditzeko eta gosea nork bere herrian ahal duen bezala konpondu dezan uzteko. Ez da bata besteagandik bereizteko unea, baizik inoiz baino estuago elkartzekoa, eskura dutena guztien artean banatzeko, inor baztertu gabe.
Ikasleek jakitera eman diote Jesusi bost ogi eta bi arrain bakarrik dituztela. Ez dio axola. Aski da gutxia, eskuzabal partekatzen bada. Otordu handi bat ospatzeko, belardian esertzeko agindu die Jesusek. Bat-batean dena aldatu da. Gosea asetzera, nor bere herrixkara joan eta elkarrengandik bereizteko puntuan zeudenak Jesusen inguruan eseri dira, duten apurra guztien artean partekatzeko. Horrela ikusi nahi du Jesusek giza elkartea.
Zer gertatu da Jesusek eskuetan hartu dituen ogiarekin eta arrainekin? Ez ditu «ugaldu». Lehenik eta behin, Jainkoa bedeinkatu du eta eskerrak eman dizkio: janari hura Jainkoagandik dator, guztiena da beraz. Ondoren, puskatzen hasi da eta ikasleei ematen. Hauek, berriz, jendeari. Ogiak eta arrainak batetik bestera pasatu dira. Horrela ase ahal izan dute gosea guztiek.
Tanger-eko artzapezpikuak beste behin egin du oihu, «milaka gizon-emakume eta haurren sufrimena gogorazteko: beren zorira utziak eta gobernuek pertsegituak eta mafiaren botere lukurreru eta esklabogilearen esku utzirik, eskale bizi dira, biziraunez, sufrituz eta emigrazio-bidean hilez».
Munduko gosea sustraitik ateratzeko geure indarrak batu ordez, geure «ongizate egoistan» hesitzea bakarrik etortzen zaigu burura, gero eta hesi degradagarriago eta hiltzaileagoak eraikiz. Zein Jainkoren izenean esan nahi diegu agur, miserian hondoratu daitezen? Non dira Jesusen jarraitzaileak?
Noiz entzuten da gure Eukaristian Jesusen agindua: «Eman zeuek jaten»?
Jose Antonio Pagola