Urteko 18. igandea A 2020-08-02

HOMILIA

Jesus, Joan Bataiatzailea hil dutela jakitean, beste leku batera joan da. Alabaina, jendeak nabaritu du nora doan, eta haren ondoren doa.

Honetan, egun osoa joan zaie. Iluna gainean dute. Eta ikasleak arduraturik ageri dira. Jesusek, ordea, berean jarraitzen du: Emaiozue zeuek jaten.

Pasarte hau argitzeko orduan, kontuan izan behar da, ez dela gertakizun historiko bat. Batetik, hor esaten den jendetza biltzeko, inguruko herrixka guztiak hustu beharko ziren. Bigarren, Jesusen ikasleen eskaria betetzeko, jendetza horri guztiari jaten emateko, inguruko herrixketan ba al zen halako saltoki handirik? Etab.

Argibidea beste nonbait aurkitu behar dugu. Mateoren entzuleek ezagutzen dute Itun Zaharra. Ezagutzen dituzte bi pasadizo: nola Moisesen bidez Jainkoak basamortuan mana eman zion Israel herria; nola Eliseoren bidez, Jainkoak jatekoa eman zion jendetza handi bati.

Horiek horrela, testuan Jesusi Mateok eginarazten dizkion keinuak Azken Afarikoak berak dira: begiak zerurantz jaso, bedeinkatu, zatitu eta banatu. Horrenbestez, Mateok bere kristau-elkarteari Eukaristiaz eman dion testigantza da.

Bada beste arrazoi handi bat ere, Eukaristiaz ari dela agertzen diguna. Gorputzeko janariari dagokionez, ogia baino inportanteagoa zen arraina. Baina arrainari ez zaio hemen inportantziarik eman. Ogiari begira hitz egin da. Ogia da inportantea hemen. Azken Afarikoan jateko eman diguna. Jesusek bere buruaren seinaletzat eman diguna.

Jesusek ez digu ematen, zuzenean bederen, gorputza elikatzeko ogirik edo janaririk. Gure bihotza elikatzen duen ogia eman digu. Bizia ematen digun ogia da. Jesus bera da ematen zaiguna. Jesus bera, den bezala: bere sentimendu, bere gogo, bere maitasun, bere esperantza, bere fede… Bizi den Jesus da ematen zaiguna: Jainkoa maite duen Jesus, gizon-emakumeok maite gaituen Jesus. Horixe da gaurko pasarte honetan ageri den mezua.

Alabaina, bada, beste alderdi bat, oso inportantea. Eukaristian bizi ohi duguna. Eta gaurko ebanjelio honetan berariaz aipatzen dena: Emaiezue jaten zeuek. Eukaristia ezin izan da egiazkoa, alderdi hori kontuan izan gabe: lagun hurkoaren premia kontuan izan gabe.

«Munduan bada gizon-emakume guztien premiak betetzeko adina baliabide, baina ez batzuen zekenkeria asetzeko adina» (Mahatma Gandhi). Agerian behintzat kristau ez zen baten hitzak dira. Munduak behar duguna baino bi aldiz gehiago produzitzen du; halere, milioi asko goseak bizi da.

Gaurko ebanjelioa, Jainkoaren Erreinua hasi den seinalea da. Baina hasi bai, baina asko falta zaio bere betera iristeko.

Goseaz aparte, hor daukagu gerla. Mundu guztiari eskatzen dio ebanjelioak bakea zaintzeko. Ez dezagun ahaztu.

Jesusek bidali digun Espirituak argitu eta lagundu gaitzala.

DIONISIO AMUNDARAIN